Alberto Schommer: “Argazkigintzan eman nezakeen guztia eman dut”

MTQ0Mw==

Argazkigintzan eman zezakeen guztia eman duela aitortu badu ere, Alberto Schommerrek ideiez eta proiektuz betea du burua. Oraindik emateko asko du, ordea, berak aitortu bezala “zutik eta tente” baitirau. Gainontzekoak bere lanaz harro sentitu daitezen lan egiten duela azaldu du eta argazkiak etengabeko bilaketa lan baten emaitza direla. Ibilbide luzea burutu du Schommerrek argazkilaritzan hasi zenetik, eta orain, Bilboko Arte Ederren Museoan, Euskal Herriko argazkilari ezagunenetakoaren atzera begirakoa bildu dute. 1952tik 2009ra bitartean eginiko lanen erakusgarria da.

“Ez naiz argazkilari lineala, ez naiz Cartier Bresson bezalakoa”, dio artistak. Ondoren, “nahiko nuke”, gaineratu badu ere. Zinez, Alberto Schommerren lana ez da lineala. Argazkigintzaren mugak esperimentatu dituen argazkilaria da, korronte artistiko ugaritik edan duena. Erreportaiak, erretratuak, natura hilak, paisaiak… osatzen dute bere ibilbidea. Richard Avedonetik zerbait badu, baina batik bat, Irving Penn eta William Klein izan dira bere inspirazio iturriak. Hain zuzen ere, aurretik margolaria, arkitektoa eta film zuzendaria ere izan zen, baina Penn-en lanari esker erabaki omen zuen argazkilaritza, afizioz gain, ofizio bilakatzea.

Artista positiboa da Schommer, ez hitzez soilik, baita ekintzez ere. Bere argazkietan ere, gizakiaren alde positiboa landu du. Eta etorkizunera begira ere jarrera baikorra ageri du: “Zer izango gara gero? Hobea, zerbait hobea izango gara!”.

MTQ0NA==

Erakusketa

Hiru ataletan banatu dute Schommerren atzera begirakoa. Hasierako garaia, Paisaiak eta hiriko eszenatokiak eta Esperimentazioa eta eszenaratzea. Hiru zati horietan, argazkilariak ibilbidean landuriko hainbat eta hainbat sail topatu daitezke. Hala nola, ‘Paisaia beltzak’, ‘Maskarak’, ‘Kaskografiak’ edota ‘Erretratu psikologikoak’ deiturikoak’.

Erakusketan ehun obratik gora bildu dituzte, hain ezberdinak euren artean, ezen zaila baitirudi begi beretik datozela sinestea. Estudioko argazkilari garrantzitsua izan bada ere, kalera itzuli izan da askotan, argazkilaritzaren esentzia bilatzera. Argazkigintza soziala, zein artistikoa, biak landu ditu. Espainiako azken urteotako historiako kultura, boterea eta ekonomia eszenifikatu ditu, ironiaz jositako argazkien bitartez, maiz.

Komunikatzea du helburu. Argazkien bidez, zerbait kontatu nahi du Schommerrek, horietan ikusten baita artistaren barne lana, etengabekoa. Baina gainontzekoei zerbait esateko, artistak interesez, ilusioz, beldurrez… betea egon behar duela dio Shommerrek. Orduan agertuko baita zerbait egitera bultzatuko zaituen elementua, barrukoa kanporatzea eragiten duena.

MTQ0NQ==

Hala, hasierako argazkien artean, iragan mende erdiko Gasteiz deskubrituko dugu, baita erretratu indartsuak eta konposizio landuak ere. Fraco hil osteko Euskal Herria irudikatzen duten “Herriaren garrasia” saila ere ageri da atzera begirakoan. Sail horretako argazkiek garaiko errealitate bizia islatzen dute. Erlijioak ere badu tokia.

Hirietan ere jarri izan du begia, “boterearen sinboloak” baitira. New York, Shangai, Libia, Madrid edota Erromatik ibilbidea proposatzen digu.

Erretratu psikologikoetan, Salvador Dalí, Carlos Saura edota Eduardo Chillidaren ikuspegi ezberdin bat erakusten dizkigu.

Bere lanaren bidez oreka bilatzen du Schomerrek, guztia ondo egotea beharrezkoa du, artea errealitateari lotuta baitago: “Batu zaitezte, lagundu zaitezte, gauzak askoz hobeto joan daitezen, baita artean ere, gizateriaren gauzarik ederrena baita”.

Alberto Schommer, argazkilaritza, Bilboko Arte Ederren museoa
Eli Epelde

Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude