Alan Griffin – Albokarako 333 doinu

Alan Griffin

Alan GriffinKoldo Mitxelenan aurkeztu du Alan Griffinek bere azken lana: “Halfway to hell: albokarako 333 doinu”. Badakizue 666 Satanen zenbakia dela, eta erdibidean geratu denez, izen aproposa aukeratu duenik ezin uka. Ondoan izan zituen Joxean Goikoetxea, Aztarna argitaletxeko lagun eta taldekide ohia, baita Manu Gojenola ere, ekonomialaria eta albokan aditua.

Alan Griffin, inongo zalantzarik gabe, albokari irlandar onena da; eta bakarra. Horretaz gain nire osaba ere bada; gure familia multikulturala da oso: sahararrak, irlandarrak, bilbotarrak… Alan duela 30 urte inguru iritsi zen Euskal Herrira, literatura tesi bat aitzaki, eta jada hemen darama bere bizitza erdia. Beti izan da adar jotzaile amorratua, eta duela hogei urte baino gutxiago ikasi zuen alboka jotzen. Hain zuzen ere, Alboka izeneko musika taldea osatu eta tarte batera; Joxean Goikoetxea izan zuen taldekide, eta aitortu zuenaren arabera taldeari izena jarri zioten unean Alanek oraindik ez zekien alboka jotzen. Albokaz gaindi, Griffinek dozenaka haizezko instrumentu jotzen ditu, musikari aparta da, eta hori erakusteko parada ere izan du bere azken taldean, Aintzina.

Joxean Goikoetxeak eman zion sarrera liburuaren aurkezpenari. Nabarmendu zuen lan honek sekulako ekarpena egin diola albokari bereziki, eta musika herrikoiari orokorrean. Liburu mardula da, urte askotako lanaren fruitua, eta 1,5kg-ko pisuarekin jaio da. Partiturak, abestien letrak eta azalpenak ageri dira, besteak beste, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Liburuan aurki daitezkeen doinuen erdia baino gehiago berriak dira, xerka aritu eta gero aurkitutakoak edota Griffinek berak erditutakoak. Doinuak entzun ahal izateko Aztarna argitaletxearen web orrian midi file formatuan eskegi dituzte kanta guztiak.

Manu Gojenolak ekin zien ondoren azalpenei. Liburuan topa dezakegun musika mota ezberdinak azpimarratu zituen, etxekoak eta kanpokoak; esaterako, habananerak eta tangoak agertzen dira, eta segurki, inork ez ditu musika estilo horiek albokaren laguntzaz jorratu oraino. Horretaz gaindi, otoitzak ere barnebiltzen ditu lanak; mezan ez zen erabiltzen, baina badago ‘Misa Vasca’ (Aita Barturenena) izeneko disko bat, eta han alboka jotzen da. Griffinentzat izan zen bere hitzartzearen azken atala, eta bi gauza nabarmendu nahi izan zituen: lehena, musikari irlandarra ez dela outsider bat; erran nahi baita, ez duela gaia kanpotik landu, ernamuinetik baizik, eta euskal musikaren erroen ezagutza aparta daukala. Bigarrena, Griffin etengabe ari dela lanean, autobusean doanean edota telebistari begira, eta bere garuna beti ari dela doinu berriak josten.

Alan GriffinAzkenik, Griffin berak hartu zuen hitza, eta onartu zuen baietz, obsesio moduko bat garatu duela albokarentzako musika konposatzen, baina zorionez obsesio hori alboratu duela beste batekin ordezkatzeko: melodiak sortzea idatzizko kantu zaharrentzako. Ziurrenik gai horrekin ikusiko dugu infernuko zenbakiaren parera iristen bere konposizio lanetan. 333 doinu ez dira txantxetarako gauza, kontutan hartuta alboka tradizionala erabili duela oinarri gisa, sei notakoa, zazpi asko zukutuz gero. Albokari guztiek daukate instrumentu hau, eta horregatik aukeratu zuen, lana jende gehiagorengana iritsi ahal izateko. Liburuan agertzen den musika tradizionala da, erdia Euskal Herrikoa eta erdia atzerrikoa. Griffinek nabarmendu zuen bera alboka jotzen hasi zenean 20 partitura eskas zeudela instrumentu honentzat zehazki egindakoak, baina azken urteetan sortzaileek egindako lanari esker luze eta zabal ugaritu direla. Amaitzeko, garrantzi berezia eskaini zien azken 30 orrietako testu eta doinuei, oso kanta ederrak izanda kasik ezezagunak direlako, eta deialdi bat luzatu zien musikariei aintzat har ditzaten.

Aurkezpena modu borobilean amaitzeko paperekoa instrumentuetara eraman eta zuzeneko txiki bat eskaini zuten Alan Griffin eta Joxean Goikoetxeak.

 

Musika egitea maite duzuenok sekulako harribitxia daukazue, beraz, esku artean. Gozatu eta zabaldu!

Comhghairdeas, Griffin!

Alan Griffin
333, 333 doinu albokarako, Alan Griffin, alboka, aztarna, aztarna argitaletxea, halfway to hell, Koldo Mitxelena
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

3 pentsamendu “Alan Griffin – Albokarako 333 doinu”-ri buruz

  • MANU GOJENOLA ONAINDIA 2016-05-19 21:04

    Manu GOjenola da izen zuzena. hasierako ”Go” ahaztu zaizu.

    Mezan ez zen erabilten. Diska bat dago ‘Misa Vasca’ (del Padre Barturen) eta han joten da alboka, baina ez zen normala.

    Alanen azken taldea ‘Aintzina’ da.

    Oso ondo dago artikulua, bestela.

  • Zein da jotzen duten abestian izena?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude