Alamut, hashshashinen gotorleku

Alamut, hashshashinen gotorleku

Vladimir BartolAlamut, hashshashinen gotorleku idazle esloveniarrak Alamut eleberria idatzi zuen 1938. urtean. Yugoslavian bi urte beranduago jaso zuen bere lanaren aitortza, baina mundu mailan beranduago barneratu zuten bere lanaren garrantzia; literarioa politikoa baino lehenago heldu zen. Balore politikoa, jende gehienak behintzat, 2001eko irailaren 11an emango zion ziurrenik. Alamuten atentatu suizidaren asmakuntza Historian kokatzen da, eta berau ze testuingurutan sortu zen azaldu.

Lehenik eta behin kokapen azkar bat. Gehienok dakizuen bezala, islamak bi adar nagusi dauzka, sunnitak eta xiitak. Zergatik? Egutegi kristauaren zazpigarren mendean Mohammed profetak lau oinordeko hautatu zituen, eta horietako bakarra izendatu behar zuen islam jaio berriaren gidari nagusi bezala. Mohammed aukeraketa egin aurretik hil zen, ordea. Garai hartako ohiturak jarraituz, gehiengoak adostu zuen lauren artean zaharrenak bereganatu behar zuela ardura hori; baina guztiek ez zioten men egin erabaki horri. Talde txikiago batek gazteenaren alde egin zuen, argudiatuz Ali zela trebeena eginkizuna aurrera eramateko, adina aurka izan arren. Seme zaharrena babestu zutenak sunnitak izango ziren ordutik aurrera; azkenak, xiitak.

Baina islamaren barruan badago beste zatiketa bat, hain ezaguna ez dena; zehatzagoak izate aldera, adar xiitak izan zuen banaketa bati buruz ari naiz. Ismaelitak. Septimaniar bezala ere ezagunak dira, korronte xiitaren lehen zazpi imanak bakarrik onartzen dituztelako, eta berriz ere, oinordekotza eta antzeko kalapita pertsonalen ondorioz, banaketaren zatiketa eman eta ismaelitak sortu ziren.

Alamut, hashshashinen gotorleku
Mendiko Zaharra

Brianen Bizitza filmean bezala, hemen ere zatiketak ez ziren falta beraz, eta azkena izendatzea falta zait. Ismaelitek borroka gogorrak izan ostean Kairon kokatu zuten bere boterearen erdigunea. Baina zentralizatutako botere guztiek lortzen dute jende asko periferian uztea, eta Irango ismaelitak Kairoko metropoliarekin harremanak eten zituzten. Ordutik aurrera, Hasan ibn Sabbah, Mendiko Zaharrak” gidatu zituen Irango ismaelitak. Alamut izeneko gotorleku batean ezarri ziren Iran iparraldean. Une hartatik aitzina, “nizariak” izango da bere burua izendatzeko erabiliko duten deitura, baina beren etsaiek beste izen bat zeukaten haientzako: hashshashin.

Hashshashin izena “asesino, assassin” bezala pasa da beste hizkuntza askotara, baina izenak jatorriz “haxix erretzailea” esan nahi du. Haxixa eta hilketa selektiboa eskutik lotuta jarri omen zituen historiak, eta orain saiatuko naiz azaltzen zergatik, historia eta eleberria ziurrenik nahastu egiten diren arren.

Arestian aipatu bezala, xiitak zatiketa ugari izan zituzten, eta nizariak zatiketaren zatiketaren zatiketa ziren; beraz, jende gutxi samar. Ez zuten agintari sunniten menpeko izan nahi, eta kalifa, sultan eta beste jo eta su hasi ziren talde txiki honen aurka. Nizariek bi hautu egin zituzten: bat, Alamuten gotortu (besteak beste), babesleku indartsu eta zeharkaezina; bi, hilketa selektiboak egin, etsaiak ziren errege edo estratega militarren aurka. Ez dut uste nizariek hilketa politiko selektiboa asmatu zutenik, baina inork ez bezala eraman zuten praktikara. Gerra ireki bat aurrera eramateko gai ez zirenez, behin edo behin entzun dudan “arkakusoaren teorema” aplikatu zuten. Arkakuso batek ezin du txakur bat hil, ezinezkoa da; baina izorratu majo egin dezake, koska alde batean eta bestean, harik eta txakurrak amore eman eta arkakusoa bakean uzten duen arte. Borroka molde honi intentsitate baxuko gerra edota terrorismoa deitzen zaio, bakoitzak izan dezakeen ikuspuntuaren arabera.

Nizariek ikaratuta izan omen zituzten X-XII mendeen artean beren etsaiak, sekulako gaitasuna baitzeukaten jende esanguratsua hiltzeko; gainera, ekintza horietako asko atentatu suizidak izaten ziren. Nola zen posible? Liburua eta kondairaren arabera, hemen sartzen da haxixa.

Alamut, hashshashinen gotorleku
Alamut

Hasan ibn Sabbah, Mendiko Zaharrak“, paradisuko giltza zeukala zin egiten zien bere jarraitzaileei; haxixa ematen zion gizon gazte bati, konortea galtzen zuen arte. Orduan, Alamutetik hurbil zeuden lorategi sekretuetara eraman eta esnatzerakoan emakume ederrenen artean inguratuta ikusten zuen bere burua, haren batean. Gizonak pentsatzen zuen paradisuan zegoela. Ondoren, haxix zatiak irentsiarazten zizkioten oharkabean, berriz konortea galtzen zuen arte. Azkenik, Alamuteko gotorlekuan esnatzen zen bueltan. Nizariek bere bizia borrokan galtzeko desiatzen zegoen gazte bat gehiago zeukaten horrela.

Fikzioa eta historia nahasten dira Alamuten, ziur. Baina irakurri nuenean, 1938an idatzitako liburu honek sekulako gaurkotasuna daukala iruditu zitzaidan, eleberri zoragarria izateaz gain. Liburuan Hasan ibn Sabbah, “Mendiko Zaharra” aipatzen zen bakoitzean, egun antzeko zereginean dihardutenen aurpegia jartzen nion, eta ea, mila urte beranduago, ze erretolika erabiliko ote duten jartzen naiz pentsatzen.

Amaitzeko, arkakusoaren teorematik elefantearen teoremara pasa nahiko nuke. Elefante bat etxeko egongelan ikusten duzun lehen aldian (nire etxekoan ez litzateke sartuko, baina tira) sekulako ustekabea jasoko duzu, baina eguna joan eta eguna etorri berarekin gurutzatuko zara, eta azkenean, elefantearen presentziara ohitu; baina horrek ez du esan nahi zure etxeko egongelan elefante bat egotea normala denik. Azkeneko urteetan ohitu egin gara atentatu suiziden berri izatera, baina elefante bat dago etxeko logelan. Pertsona batek beste batzuk hil eta bere buruaz beste horrela egiteko sekulako amaraun ideologiko eta psikologikoa eraiki behar da.

Alamut liburuan bikain azaltzen da, eta horretaz gain, sekulako eleberria iruditu zait.

alamut, biolentzia politikoa, Islama, ismaelitak, nizariak, vladimir bartol
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

2 pentsamendu “Alamut, hashshashinen gotorleku”-ri buruz

  • Gustatu zait idazkia.
    Baina, beno, uste dut elefante hori, etxeko egongelan ez ezik, sukaldean, garajean, eta herriko plaza eta kaleetan korrika, saltoka eta ziraldoka ibili zalea dela, eta aspalditik gainera:

    “Euskal Herriko semeak gera, zor dioguna bizia. Beraren alde emango degu, zainetako odol guztia.”
    “Eusko Gudariak gara Euskadi askatzeko, gerturik daukagu odola bere aldez emateko.”
    “soy un novio de la muerte, que va a unirse en lazo fuerte con tan leal compañera.”
    eta abar.

  • Ez naiz hasiko yihadisten defentsan, baina ulertu beharrekoa da suizidio mota hau. Suizidio altruista deitzen zaio taldearen interesen ondorioz egiten den suizidioari. Milaka eta milaka adibide har ditzakezu historiatik, baina denek ezaugarri komun bat dute: taldearengatik sakrifikatu beharra, zerbait goren eta garrantzitsuagoren jarraipena ahalbidetzeko norbanakoaren inmolazioa.

    Norbanakoa inguruarekin lotzen duten sareak geroz eta ahulagoak dira gure gizartean. Geroz eta indibidualistagoak gara dirudienez, eta gaur egun jende gutxi dago prest ideia goren baten alde konprometitzeko, Euskal Herrian adibide garbia aurki dezakegu (ez dago zehaztu beharrik).

    Irakaspenen bat ateratzekotan, alde batetik esan dezakegu azken urteetan bederen indarrak ahotik joaten zaizkigula mendebaldeko kultura dekadente honetan (Dumbok jarritako kantak lekuko), eta norbere burua inmolatzen dutenen ideiek badutela beste ideia batzuek ez daukaten indarra eta bizitasuna, beraiekin ados egon ala ez. Seguruenik mass mediek burua hainbeste jan ez dietelako, edo kutsadura horren aurka beste batzuen mezuak irentsi dituztelako

    Helburu ideologikoak lortzeko beharrezkoa da ideia horien jarraitzaileen sakrifizio gaitasun nabarmen bat. Badirudi ahaztua dugula, eta ez litzateke txarra izango gogoratzea. Bestalde eliteei interesatzen zaizkien mezuetaz gorde behar dugu geure burua, ez badugu nahi beren propagandak gure egiak irenstea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude