Aitor Gorosabel: “Eman ezin duzun hori ere eskatzen dizu jendeak sarritan”

Aitor Gorosabel: “Eman ezin duzun hori ere eskatzen dizu jendeak sarritan”

Su Ta Gar, Euskal Herriko ibilbide profesional luzenetarikoa izan duen taldea izanagatik ere, soinu berriak probatzen ari da. Horren erakusle da ’Maitasunari pasioa’ disko berria. “Antzokietan jotzea sekulakoa ari da izaten, eta arreta gehien deitu didana abestiak jo bitarteko ixiltasuna da”, dio Aitor Gorosabelek (Eibar, 1970), Paperezko Kontzertuetako set xumea prestatzen duen bitartean. Txosnetako girora ohituak, mundu berri bat ezagutzen ari dira Bilboko Arriaga bezalako antzokietan. Minutu gutxi falta dira Joseba Martin kazetariaren eta bere arteko solasaldi musikatua hasteko. Garoa Kultur Lab ingurura jendea hurbildu da jada, eta ZuZeu ere bertan da guztia jasotzeko.

Aitor Gorosabel

Heavy Metala.

Kitarra jotzen punkarekin ikasi nuen. Sex Pistolsen abestiak, La Pollaren eta Eskorbutoren abestiak eta garai hartan, ezjakintasunak zer ausarta egiten zaituen, heavy metalaz barre egiten genuen. Gizakion izaerak berarekin dakar ezezagun zaiguna kritikatzea. Barre egiten genuen heavy-ez, kanpotarren kontu bat izango balitz bezala. Eta ordurako Xabi eta Iker Rokandio heavyak ziren, eta barre egiten genien. Koinatua ere heavya zenez, etxean bagenuen Scorpionsen diska bat, baina ez nuen onartzen gustatzen zitzaidala. Gerora, Judas Priest eta Iron Maiden-en antzeko taldeak entzunez, konturatu nintzen hura zela bihotza eta arima mugitzen zidan musika estiloa.

Eibar. Gorroto ala maite?

Gorroto ez. Hor sartzen dira jendearen ezjakintasunak, aurreiritziak. Pertsonaia ezagun bat izateagatik eta inbidiagatik bada sufriarazten dizun jendea, baina ni jendeak ematen didan maitasunarekin geratzen naiz. Txarra da, hala ere, inbidiak emandako mina askoz handiagoa dela, maitasunak ematen dizun plazerra baino. Sufritu gehiago egin dut disfrutatu baino.

Maketarekin hasi zineten, hamaika elkarrizketa eman zenituzten hedabideetan. Gogoratzen duzu nola izan zen?

Bai. Ez nintzen oso konsziente gertatzen ari zenaz. Askotan gertatzen den moduan, inor ez da profeta bere etxean eta Egin irratian egin zidaten elkarrizketa. Oraindik oso gaztea nintzen eta orain baino urduriago jartzen nintzen hedabideetan hitz egitean. Kriston presioa sentitu nuen. Esatariak galdegin zidan, “Jo ta ke zer? Jo ta ke zer?”… jo ba irabazi arte. Eta ez nekien oso ondo zer erantzun. Presio asko sentitu nuen. Gure ibilbidea kontzientziaduna izanagatik, eta Euskal Herriaren izaera zapaldua medio, jendeak askotan eman ezin duzun hori ere eskatzen dizu. Ba bai, hasiera ederra izan zen, sartu ginen magia mundu batean eta ez ginen konsziente izan. Gauza onak eta ez hain onak gertatu zitzaizkigun.

“Hasieran arraro batzuk ginela
pentsatzen genuen: Nora goaz heavy metala
euskaraz egiten?”


Mikel Laboa?

Bai, hori Cherokee diska kaleratu zenean izan zen. Maketa atera eta segituan ezagutzera emateko bultzada eman zigun, zalantzarik gabe. Lan ederra. Diska hura Haika Mutil, gure abestiak zabaltzen zuen. Oso koloretsua zen disko hura, oroitzen dut nola Negu Gorriak ere hasiberria zen oraindik.

Zenbat kitarra dituzu? Guztiak Gibson?

Batzurentzat kitarra asko izango dira, besteentzat gutxi. Denborakin ikasten zoaz, hasieran pentsatzen duzu kitarra ez dela horren garrantzitsua, anplifikadorea dela garrantzitsua… zure soinua topatzen zoaz pixkanaka. Lehen kitarra gurasoek erosi zidaten, tira, dirua aurreratu zidaten. COU errepikatu nuen eta kriston bronka izan nuen etxean… kitarra leihotik bota behar zidatela. Eta hurrengo urtean eskatu nien, jotzen hasi behar ginela eta ea dirua aurreratuko zidaten. Nire aita zenak, zintzoa bera, Donostiko denda batera lagundu eta kitarra erosi zidan. Gero ez dakit dirua itzultzen amaitu nuen ala ez (barreak). Hasi nintzen ordaintzen behintzat. Kitarra xumea zen hura. Gerora kreditu bat eskatu genuen bankuan Eibarko Ilbera taberna mitikoak bermea jarrita. Orduko milioi t’erdi pezeta. Eta instrumentu guztiak erosi genituen, kitarrak, bateriak, ampliak eta dena. Carvin bat erosi nuen, gero Ibanez bat eta azkenik Gibsonak bai. Lehenengo Lespaul studio bat eta gero nire anaia Nortonek Custom bat zeukan eta sekulako aldea nabaritu nuen, berau probatzean. Konturatu nintzen anplia bakarrik ez dela garrantzitsua.

Jo Ta Ke ekoizpenak. Autoekoizpena da onena?

Autoekoizpena, bai. Apostu bat egin genuen, krisia iritsi aurretik. Top mantaren eta interneteko musika jaitsieren aurretik. Beti eduki genuen buruan gure diskoak geureak izatea, eta ez disketxeekin arazorik genuelako, zeren disketxeen alde ona da ez duzula dirurik jarri behar, baina azkenean balazta bihurtzen dira nahi duzuna egitako orduan. Bideo bat grabatu nahi baduzu ere baimena eskatu behar baituzu. Gure helburua produktu guztien jabetza geurea izatea zen, beraien gaineko kontrol osoa izateko. Horretarako sortu genuen Jo Ta Ke ekoizpenak. Ez da besteen gauzak plazaratzeko, ez da disketxe bat, guretzat da.

Merchandising potentea duzue. Kamisetak, sudaderak… Polita al da urruneko herri batean gazte bat zeure kamisetaz jantzita ikustea?

Bai, ilusioa eragiten du. Egia esan, gaztea zein nagusia izan, ilusioa eragiten du. Gazteak ilusio berezia eragiten dizu erakusten baitu etorkizun bat bermatzen dizula.

Euskal metala Su Ta Garren semeak direla esan genezake: Stigia, Anestesia, Latzen, Urtz, Eraso, Idi Bihotz, Elbereth, Ekon, Asgarth…. Ba al dakizue zer egin duzuen?

Mendeku Itsua ere.

Berri Txarrak. Euskaraz egindako heavyaren gurasoak zarete, ala?

Bai, tira, hor zehar esaten da Leize talde zestoarrak behin euskaraz abestu zuela, baina nik ez dut euren euskarazko abestirik entzun. Baina ez gara ez heavy metalaren gurasoak, ez euskararen gurasoak, ez abesti protestarenak. Egia da hirurak uztartu genituen lehenak izan ginela. Eta horrek lagundu zuen euskal gizarteak heavyaren aurka zuen zentzurik gabeko gorroto edo zera hori apurtzen. Talka izan zen, nola imaginatu bonbo bikoitza euskaraz? Nik uste lagungarri izan zela beste hainbat jenderentzat.

Aitor Gorosabel

Esaten da heavyek ez dakitela dantzatzen, eta horregatik mugitzen dutela goitik behera burua.

Bai heavya pixkat erridikulizatu egiten da. Bazterreko musika mota segitzen du izaten. Barre egiten da heavyez, baina, nik uste dut publikorik fidelena dela. Musika sentitzen dute, metalaren arima barruan daramate. Eta oso injustua iruditzen zait, esaterako, jaialdi handiak antolatzen dituztenek heavy talde mitikoak ekartzea, publiko metaleroa baita fidelena, beti sarrerak erosten dituen publiko zintzo hori. Hortaz aprobetxatzen dira.

Zer gomendatuko zenioke musika talde bat sortu nahi duen gazte bati?

Ondo pasatzeko hartu dezala. Gaur egun, telebistako programa guztiak lehiaketak dira. Txapelketak eta arrakastaren bilaketa etengabekoa. Nik uste mundu guztiak amesten duela, baina, lehenengo eta behin, egiten duzunak ondo pasatzeko izan behar du. Norberarengan sinetsi behar da, baina, helburu erraldoiak jarri gabe. Hasieran arraro batzuk ginela pentsatzen genuen. Nora goaz heavy metala euskaraz egiten? Hori bai itsu itsuan sinesten genuen gurean. Eta azkenean espero ez genuena gertatu zen.

Aitor Gorosabel Aitor Gorosabel Aitor Gorosabel Aitor Gorosabel Aitor Gorosabel Aitor Gorosabel Aitor Gorosabel

Ekaitza bainuontzi batean