Aita Mari, lo egin ezazu baga soinuaz!

Aita Mari, lo egin ezazu baga soinuaz! –

Gogoan dut txikitan Donostiako kaitik  barrena paseatzerakoan, beti Aita Mariren monumentuarekin topo egiten nuela. Arreta handiz irakurtzen nuen estatuaren beheko aldean idatzirik den testua: Urikalduak salbatu nayaz eman zenduben biziya, / ta gaur daukazu, goitalchatuaz obiz itsaso aundiya. / Lo egin zazu baga soñuaz… o gizon maitagarriya! / onraturikan zure gloriyaz Donosti eta Kantauriya. Nire jakin-nahia asetzeko aitari galdetzen nion nor izan ote zen horko bertsoan aipatzen zuten Aita Mari hori, eta beti erantzun bera ematen zidan: Gizon handi bat, naufragioetatik jende asko salbatu zuena. Azkenean, bera ere, uhain artean hil zen galerna egun batean. Horra!

Urteetan izan dut jakin-nahi bera, bati galdetu, besteari entzun, artikulu bat irakurri… eta horrela osatu dut Aita Mariri buruz nuen informazio urria. Donostiarra naizen aldetik, nire baitan beti sentitu dut zor handi bat Aita Marirekin, eta orain, artikulu honen bidez, maitasun osoz, kitatu nahiko nuke.

Aita Mari, lo egin ezazu baga soinuaz!

1.- Aita Mariren biografia laburra

Joxe Mari Zubia Zigaran Gipuzkoako itsasertzeko Zumaia herrian jaio zen 1809ko martxoaren 18an, familia arrantzale baten etxean. Aita Antonio Iñazio Zubia zen eta ama Frantziska Zigaran. Zortzi anai-arrebetan bera zen azkenaurrekoa.  Bederatzi urte zituela familiaren lanbideari lotu zitzaion Zumaian, aitaren txalupan, lehenik, eta geroxeago, 1830. urte aldean, Ameriketarako itsasbidea hartu zuen, merkantzia-ontzietan marinel gisa aritzeko. 1850. urte aldean, Ameriketan egindako diruaz, Gipuzkoara itzuli, eta Donostian, arrantza-ontzi baten jabe egin eta patroi lanetan ibili zen baxurako arrantzan. Garai hartan baxurako arrantza txalupa izeneko ontzi txikiekin egiten zuten. Txalupek belaz eta arraunez nabigatzen zuten. Izatez zuzena, atsegina eta eskuzabala omen zen, laguntzeko beti prest zena. Maniobrarik txarrenak ere berak zuzentzen zituen beti, inoren esku utzi gabe. Bere emazteak, hiltzean, testamentuan senarra hobetsi zuen haren anai-arreben kaltetan. Joxe Marik hori jakin zuelarik, Denentzat berdin! —esan omen zuen eta horrela banatu zuten.

2.- Galernen aurka borrokatuz

1861eko uztailaren 22ko galernak San Juan txalupa Zurriolako labarren aurka zeraman. Halako batean, olatuek eskifaiako hiru marinel itsasora bota zituzten. Joxe Marik bere txalupa hartu, bederatzi marinelekin, eta haiengana joan zen. Olatuen aurkako borroka luze eta latz baten ondoren hiruak salbatu zituzten, geroxeago, lehorrean zirela, horietako bat zendu bazen ere. Hori dela eta, agintariek dominaz saritu zuten. Salbamendu adoretsu honek ospe handia eman zion donostiarren artean.

Bost urte beranduago, hau da, 1866ko urtarrilaren 9an, galerna handi batek Gipuzkoako kostaldea jo zuen. Baziren Donostiako badira sartu nahian zebiltzan bi ontzi txiki. Getariako Elkano I eta Elkano II izenekoak ziren. Urgull menditik donostiarrek gertatzen ari zena ikusi eta zorigaitzeko berria laster zabaldu zuten Donostia osoan. Denak begira, laguntzeko zer egin ez zekitela zeuden bitartean, Aita Mari, —edo Mari, horrela deitzen baizioten itsasgizonek— lau marinelekin batera,  txalupa prestatu eta itsaso zakarrera abiatu ziren. Bitartean, Urgull menditik donostiarrek arreta handiz begiratzen zuten. Getariako itsasontzietara hurbiltzen ari zirela, olatu bortitz batek txalupa irauli zuen. Txalupan zihoazen bost gizonetatik, lau salbatu ziren, bosgarrena, Aita Mari, olatuen artean desagertu zen, itsasoak betiko irentsirik. Getariako bi ontzietako marinel guztiak ere hil ziren, osora hogeita hemezortzi gizon.

3.- Aita Mariren oroimena

Aita Mariren izena kondaira bilakatu zen Donostiako eta Zumaiako arrantzaleen artean. Donostiarrek estatua txiki bat eraiki zioten kaian. Bertan, honela irakur zitekeen Donostiako euskaraz idatzita: Mari, Aita Mari! hamaika bizi osatu zuk itxasoari! Itxasoak baña, bere amorruetan zerori ordaña, Mari! Gure Mari!

1900. urtean, estatua txiki hori beste handiago batez ordezkatu zuten, eta hauxe da nik txikitan Donostiako kaian ikusten nuena eta gaur hortxe segitzen duena. Lehen estatua txiki hura Mariren iloba bati eman zioten, eta honek Zumaiako herriari eman zion. Udalak Zumaiako eskoletako eraikinean kokatu zuen, eta gaur hor dago denon ikusgai. Donostiarrek ezarritako monumentu berrian arestian aipatu dudan bertsoa idatzi zuten:

Urikalduak salbatu  nayaz eman zenduben biziya, / ta gaur daukazu, goitalchatuaz obiz itsaso aundiya. / Lo egin zazu baga soñuaz… o gizon maitagarriya! / onraturikan zure gloriyaz Donosti eta Kantauriya.

Horretaz gain, 1917an, Donostiako udalak Kaiaurreko kaleadeitzen zena Mari kaleaizenaz birbataiatu zuen. Badira ere, Santa Maria elizan bataiatutakoei ematen zaien joxemaritarra goitizena arrantzale honen izenetik datorrela esaten dutenak. Bere jaioterrian, Zumaian, ere, kasko zaharreko kale bati Mari kaleaizena jarri zioten. Geroxeago, zumaiarrek auzo berri bat arrantzalearen izenaz bataiatu zuten, Aita Mari auzoa. Gaur egun, auzo horren ondoan den futbol zelaia izen beraz ezagutzen da, baita herriko zinea ere. 1975ean, Zumaian,  Aita Mari Arraun Elkarteasortu zuten.

Ikusten duzun bezala, irakurle, Aita Mariren oroitzapena ongi sustraiturik gelditu da bai Donostian eta bai Zumaian, bi herrietako biztanleek ez baitute inoiz ahantzi arrantzale adoretsu hark besteen bizitza salbatzeko zuen prestutasuna. Haren oroitzapenez prestatu dute Aita Mari izeneko itsasontzia Mediterraneoan noraezean dabiltzan migratzaileak laguntzeko. Haren gustukoa izanen zelakoan nago. Nik, nire aldetik, uste dut artikulu txiki honen bidez, nolabait kitatu dudala haurra izan naizenez geroztik, Marirekiko sentitu dudan zorra.  Lo egin zazu, Mari,  baga soñuaz… o gizon maitagarriya!

Aita Mari, lo egin ezazu baga soinuaz!
Aita Mari, lo egin ezazu baga soinuaz!
Aita Mari, lo egin ezazu baga soinuaz!

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

9 pentsamendu “Aita Mari, lo egin ezazu baga soinuaz!”-ri buruz

  • Pello Eizagirre 2019-10-22 22:54

    Beti deigarriak iruditu zaizkit Domingo Agirreren hitzak: “Izan da Euskalerriko arrantzale bat, zumaitarra, Jose Maria Zubia eritxona, baiña Mari-ren izenagaz ezagutua. Arrantzale orri, beste askotan ondo urtenda, orain esan dodan legezko gertaldi baten Donostia ito zalako, bere jazkera ta izakeraren irudi bate egin eutsien uri eder atako gizon agintariak, eta irudi ori an dago, Donostiako kai gaiñean(1), Mari-ren gomutagarritzat. Baiña Jose Mari Zubiari ezer kendu barik, esan geinke bere gisako veste umant asko dirala Euskalerrian, gure itxaserrietan gizonik aiña umant dirala.”
    (1) [Orain Zumaian badago Mariren beste irudi bat. ]
    Ohar hau liburuak berak dakar.

    TXOMIN AGIRRE: “Kresala” III. Kap. “Oartxu bat eta albiste onak”. Moldakuntza eta sarrera:Mirari Alberdi eta Jon Arretxe. Sutondoa. Bilbo 1994. or 46.
    Pasarte hau interneten irakurtzeko aukera badaukagu ere.
    https://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/A/AgirreDKresala005.htm
    Txomin Agirre (Ondarroa 1864-Zumaia 1920).
    “Gasteizko seminarioan ikasita, eta Karrantzan epe laburrean aritu ondoren, Zumaiako Karmeldarren kapilau izendatu zuten. Kargu altuagoa izateko aukerak izan bazituen ere, hauek errefusatu eta Zumaian gelditzea erabaki zuen. Geroztik, gutxitan irten zen, bertan sortu zituelarik bere lanik ezagunenak.”
    https://eu.wikipedia.org/wiki/Txomin_Agirre

  • Pello Eizagirre 2019-10-22 22:58

    Barka hutsagatik “Baña Jose Maria Zubia-ri ezer kendu barik esan geinke, bere gisako *beste umant asko dirala Euskalerrian, gure itxaserrietan gizonik aña umant dirala.”

  • Joseba Aurkenerena 2019-10-23 08:54

    Biziki ohar interesgarriak egin ditukenak. Txomin Agirreren narrazioak, sentimendua… ederrak eta hunkigarriak iruditu zaizkit beti. Kresala (eta baita Garoa ere) egiazko literatur monumentuak ditugu.
    Ez nuen gogoan Aita Mariz egiten zuen aipamena. Mila esker gogora ekartzeagatik Pello.

  • Pello Eizagirre 2019-10-24 22:23

    Eskerrik asko heuri Joseba.
    Bai, Zumaian Marik bizirik dirau.
    https://www.youtube.com/watch?v=H4ue0rntFO0
    AITA MARI OROITUZ: Omenaldia.
    2016eko uzt. 23a

  • Pello Eizagirre 2019-10-26 00:26

    “Jose M.ª Zubia, Aita Mariren estatua (1900). (Antonio) Arzakek idatzi zuen oinean dagoen idazkuna: ¡Mari!/ Urikalduak salbatu nayaz/ Eman zenduben biziya,/ Ta gaur daukazu, goitaltxatuaz/ Obiz itsaso aundiya:/ Lo egin zazu baga soñuaz…/ O gizon miragarriya!/ Onraturikan zure gloriyaz/ Donosti ta Kantauriya.”
    PAGOLA, Ines: “Bidegileak 35: Antonio Arzak (1855-1904)”. 2004. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. or 18.
    Geroago, Txomin Agirrek idatzi zuenarekiko antz handiko paragrafo batekin topo egin dugu.
    “Garrantzizko lekua dute arrantzaleek Arzaken lanean: <>”
    or 23.
    http://www.euskara.euskadi.net/appcont/sustapena/datos/35%20ARZAK.pdf
    Nere harridurarako bi idazleen arteko paralelismoak oso handiak dira.

  • Pello Eizagirre 2019-10-26 00:29

    “Garrantzizko lekua dute arrantzaleek Arzaken lanean: <>”

  • Pello Eizagirre 2019-10-26 00:35

    “Jose M.ª Zubia, Aita Mariren estatua (1900). (Antonio) Arzakek idatzi zuen oinean dagoen idazkuna: ¡Mari!/ Urikalduak salbatu nayaz/ Eman zenduben biziya,/ Ta gaur daukazu, goitaltxatuaz/ Obiz itsaso aundiya:/ Lo egin zazu baga soñuaz…/ O gizon miragarriya!/ Onraturikan zure gloriyaz/ Donosti ta Kantauriya.”
    PAGOLA, Ines: “Bidegileak 35: Antonio Arzak (1855-1904)”. 2004. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. or 18.
    Geroago, Txomin Agirrek idatzi zuenarekiko antz handiko paragrafo batekin topo egin dugu.
    Garrantzizko lekua dute arrantzaleek Arzaken lanean: “Zuetako bakoitzian Mari bat agertzen zan nere begiyetan, zerua goian, ura bian, ta bularrian eziñ kabitu alako biyotz banarekiñ! O, bai! Zer aundiya, zer ederra zeran, itsas-gizona!”
    or 23.
    Nere harridurarako bi idazleen arteko paralelismoak oso handiak dira.
    *(Hau da zuzena, beste biak akastunak dira.)

  • Joseba Aurkenerena 2019-10-27 08:53

    Pello, ez nekien Mariren testua Antonio Arzakek idatzia zenik. Mila esker informazioagatik.

  • Pello Eizagirre 2019-10-27 20:36

    Eta Zumaiako idazkuna 1966ko ilbeltzak 9an jarria ( Mariren heriotzaren ehun urtemugan) On Manuel Lekuona jaunak egindakoa da. Bukaeran zizeldatuak dauden “M.L” hizkiak erakusten digutenez.
    Idazkun biak eder-ederrak.
    Antonio Arzak euskalzalea “Euskal-erria” aldizkariaren zuzendaria zen 1900. urtean. Berak Zumaian 1900ko Euskal-jaietan esan zuena argitaratu zuen aldizkarian.
    “…Eta au baldin bada nekazariyen lana edo bizimodua, ¿zer nolakoa izango da arrantzaliena? Beragatik, bukatzera nua, Zumayako seme Jose Maria Zubía, !Mari!, arrantzale umill eta aundi, illezkorrari, oroitz bat donkiturik.
    Denak dakizute nola, oraiñ ogei ta amalau urte, itsasuak bere kolkuan artu zuen, berarekiñ burrukan kendu zizkalako iretsi nai zizkan lagun maite batzuek. An dago bere talluntza Donostiyako kaye zarraren sarreran; gaurko jarri dana ere bere seaska kulunpatu zuen erri onetan, baña arren gorputza gordetzeko itsasua bera iruditzen zait putzu txiki bat. Nere begiyak egunero itsasuan jartzen ditudanean, irakurtzen det Mariren izena, chalupa-mutill azkarra, lenbizi bere aitaren onduan, gero… patroi aundiya, Kantauriako itxas gizonen espillu ederra… eta diyot nere artian: arrantzaliak ez lizateke izan egundaño gorrotorik, baizik alkarganako laguntza eta anaitasuna. !Zorionekoa orlako semeak dituen erriya! Arrantzaliak iragotzen du biziya, pasatzen du mundu au, bere buruaz azturik, beste guztiyentzat bisitzen, esker t’eskui mesedeak banatuaz: or, lagun urikalduak itsas orrolariyari kentzen; emen, alargun triste bati laguntzen; an, lanerako gauza ez dan aitona zarra mantentzen; chalupan dakarren arraya beartsuen eskaretan jarriyaz; non nai, aur umezurtz gasuen aita ordezkoa izanik. Eta, menturaz, lotan dagola, lan neketsu eta onraduak dakarren lo trinko ta gozuan, esnatzen dute bat batean ekaitz-chistu, aize-burrunda eta norbaiten antsi-orruak, eta bertattik, prest, ziñtu eta !boga!… !boga berriz…! ta an dijua bere biziyaren truk besterenak salbatzera, biyotzeko odolak bagen aparren parera irakiten diyotela Jaunaren eta lagun urkoaren amorioan!… Bestela… !nundik sortu, nola ikusi, munduan kabitzen ez diran edertasun oyek!… Ala, kristabak eta euskalduna geralako, gure festetan, eta beti, beti, gogoan dauzkagu Mari bezelako gizonak. !Onra Zumayari! !Onra Gipuzkoari!”
    “Euskal-erria” aldizkaria. XLIII. Tomoa. 1900ko 2. seilabetekoa. “Brindis en el banquete oficial de las fiestas euskaras de Zumaya”.or 298. Donostia. Establecimiento Tipográfico de J. Baroja e hijo, Plaza de la Constitución.