Airea ez da debalde (Habanako Gaukaria)

Airea ez da debalde (Habanako Gaukaria) –

Airea ez da debalde (Habanako Gaukaria)

Zuk ezin omen duzu liburu baten 100 orri arin baino gehiago leitu. Ni handik aurrera hasiko naiz, orduan…

101: Idaztea berridaztea da beti. Ez dago ezer sakraturik: ukitzeko, emendatzeko eta erabiltzeko da edozein testu. Bai horixe! Eta nolako poza nerea, gorputz sakralizatu honi premisa eder berbera aplikatzen ikasiko bagenu, emakume maite. Horixe baita niri literaturak erakutsi didan gauzarik ederrenetakoa: gorputza mila erregistro emozional inprebisiblez osatutako testua dela. Eta ez testu sakratu ukiezin. Nonahi gailentzen ari den gorputz klase berriak, diktadura blindatu baten hozkia sortzen baitu.

102: Desira, gogoa, imajinazioa edo fantasia ere ez dira gorputzaren antonimoak, ez dira jende errealistak irentsi behar dituen mamuak, baizik eta errealitatearen osagarriak. Inoiz gozagarriak, inoiz mingarriak, baina, beti edergarriak. Izan ere, zer izan liteke neretzat (irakurtzen ari naizen honentzat), neure gorputza baino errealagorik eta aldi berean imajinatuagorik, zer?

107: Zuria beltzaren gainean, gizona emakumearen gainean, Frantsesa euskaldunaren gainean. Zuriak, gizonak edo frantsesak normaltzat du bere posizioa. Ez du antzematen ez dela batere berezkoa besteari ukatzea zer izan edo zer egin nahi duen. Egia, eta are egiagoa, fokoa bertagotu eta findu ezkero: ni emakume euskaldun beltza sentitzen naiz Beltzerri euskaldun honetan, eta ojo, bertako ezinikusia estaltzeko etengabe fokoa urrutiratzea beste higienerik ez duen gogo klasearekin.

109: Sabino Aranak Alderdi Espainolista fundatu behar izan zuen hilzorian zela. ETAk alderdirik pazifistena sortu behar izan du. Espainolekin ez duzue erreza izango. Umorez: eta zer egin dute bada Espainiaren eta Frankoren lakrarik gabeko euskaldun frantsek? Iruditzen zait, on handia eginen ez ote geniokeen euskaldunon negarrari, Bidasoa gaineko batel baten gainean aztertuko bagenu beti, eskuineko arraunarekin Espainia aldeko urari eraginez eta ezkerrekoarekin Frantzia aldekoari.Urak ba baitaki, urak gogoratzen baitu.

113: Euskara eta euskal literatura imajinazioaren eta manierismoaren zain egon ziren luzaroan, orain errealismoaren eta inkorrekzioaren zain daude behar bada. Gure zentzu komun linguistikoa utopista da, `Ehun metro´ edo `Botoiletan´ bezalako ausarkeria solte batzuk agertzen diren arren lantzean behin. Politikaren eta literaturaren muga arriskutsua da. Euskal idazleari moderatuki apolitikoa izatea dagokio kultura orokorraren kanpo horretan onartua izateko. Euskaldun idazleari? Eta zein hizkuntzatako idazleari ez?… Edozein hizkuntzatan imajina dezaket nere poz eta min bertsuak bizi dituena.

Airea ez da debalde (Habanako Gaukaria)126: Sasoiko emakume zuria pasa da gure etxe aurretik bere koltxoi handia bizkarrean. Ez du bota Amazabalko zaborrontzian. Kamioa gurutzatu eta Peritza aldera doa. Koltxoi konpontzaile bila? Bera ote da konpontzailea? Erosi egin ote du? Saltzailea ote da? Etxekoa ala etxekaltea? Etxetik bota ote dute? Etxe bila ote dabil?… Enigma bat, pertsona guziak bezalaxe.

132: INSILIOA. Hori iruditu zait liburu honen mezurik ederrena, aktualena: insilioarena. Hain da zaila, izan ere, munduko (g)izaki bakoitza bere integritatean eta bere intimitatean maitatzea, hain da zaila, eta aldi berean hain da ederra ahalegintzea. Ezlekuan gaude beti, eta nork bere barru espazioa behar du, bizirik irauteko, bere egiaren eta minaren hizkuntzan bizitzeko. Ni hemen iraizeko nere huskeria batzuk azaltzen saiatu naiz. Zuk zeureak izanen dituzu. Zeure insilioak. Inork ez baitaki non bukatzen den testua.

Ez, inon ez da debalde airea. Ez eta hemen Leitzan bertan ere: kubar, errumaniar, ekuatorear, kolonbiar, marokoar, uruguaiar, bulgariar, ukraniar, madrildar, tolosar, lesakar, ezkurrar, aresoar edo nahinondar ugariko insilio honetan ere ez da debalde airea. Denak bizi gara exilio insiliatuan, elkar ignoratzea beste agindurik eman ez baligute bezala. Horregatik, barka, ahal dudan guzian zure intimitatea bilatzen eta maitatzen saiatzeagatik, barka inork estimatzen ez dituen egia ttiki galdu horien bila arriskatzeagatik. Eroaren poza, ez da besterik.

Airea ez da debalde (Habanako Gaukaria)