Ai, liburuak!

Ai, liburuak! –

Ai, liburuak!

BERRIAren orri pasan, taka, aurpegi ezagun bat: Bixente Serrano Izko! Duela urtebete bere heriotzaren albistea jaso genueneko momentua gogora; lagunartean hartzen ari ginen ardoa ozpindu zitzaigun iluntze hartan. Gaurkoak beste tankera bat du; izan ere, atzo aurkeztu omen zuten Patxi Larrionek, Josu Txuekak eta Pello Eltzaburu Pamielako editoreak Bixenteren azken lana, Ene iratxoekin solasean liburua. Artikulu bilduma bat, non bere belaunaldikoon bizipenak, gogoetak eta erreferentziak islatzen omen dituen. Hortzak zorroztu dizkit notiziak. Diskrezioa zuen Serrano Izkok ezaugarri behinenetakoa. Eta hala ere, 70eko hamarkadan, Nafarroako Unibertsitatean, nabarmentzen zen haren jitea. Han, Historiako fakultatean, baziren euskal kutsua zerien ikasle batzuk: Bixente, Mikel Sorauren, Tomas Urzainki… Opuseko unibertsitatearen giroan, benetan eskertzen ziren salbuespenak. Ander Barandiaran altsasuarra ez da liburugilea, baina bai liburu partitzailea. Argazkian hor ageri da, begiak txiki eta zabala irribarrea; alkandora zuriaren gainean txaleko grisa eta buruan kapela borobila; eskuak orga gorri batean bermatuta, eta organ, kartel hauxe: “Euskal liburutegi sozial ibiltaria”. Katalogotik kanpora dauden liburuak bildu eta Nabarreria plazan banatzen omen ditu, dohainik, bi igandez behin. Euskal-liburutegi-sozial-ibiltaria; lau hitz arrunt bere hartan, baina osatzen duten kontzeptuak eta adierazten duten ekimenak gozatu dit, dagoeneko, gaurko eguna.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko ekainaren 15ekoa]

Ai, liburuak!