Ahoa bete hots jardunaldietan izena emateko epea zabaldu da

Azaroaren 2an, 3an eta 4an “Ahoa bete hots” jardunaldiak izango dira, bigarren urtez, Mintzola ahozko fabrikaren Villabonako egoitzan.

 

Jardunaldiak Mintzolak berak antolatu ditu, lau elkarteren laguntzaz –Euskal Herriko Bertsolazale Elkartea, Antzerkizale Elkartea, Ipuin Kontalariak eta Kantuzaleen Elkartea-, eta ahozkoa eta idatzizkoa bereiztea dute helburu. Ildo horretatik, “Idatziak ahotsa hartzen duenean” goiburupean, hainbat unibertsitate irakaslek, ipuin kontalarik edo bertsolarik bien arteko aldea aztertuko dute. Irakasle, kazetari, aurkezle, bertsolari, antzezle, teknikari eta ahozkotasuna bizi duen ororentzako jardunaldiak dira, bereziki.

Jardunaldien atzoko aurkezpenean Josune Zabala Mintzola Fundazioaren zuzendaria, Julia Marin Itzulidatz taldeko kidea, Beñat Gaztelumendi Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko ikerketa saileko arduraduna eta Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskarako zuzendaria izan dira, Mintzolaren egoitzan. Zabalak bigarren edizio honetako bi berrikuntzak aipatu ditu: egunero saio praktikoak egingo dituzte, batetik, eta jardunaldien grabaketak webgunean izango dira, bestetik. Marinek, programaren xehetasunen berri eman ondoren, hizlarien esperientzia nabarmendu du. Gaztelumendik iazko jardunaldien liburua aurkeztu du. Eta Etxeburuak euskara, aldi berean, bizia, jasoa edo jostagarria izateko, ahozko eta idatzizko eremuak bereiztea funtsezkoa dela adierazi du: “bakoitzari berea, eta goza dezagun geure hizkuntzarekin. Euskaraz pozik bizi baikara euskaldunok”.

 

Izena www.mintzola.com webgunean edo 943 693870 telefono zenbakian eman behar da urriaren 6tik 19ra bitartean.

 

ahozkotasuna, jardunaldiak, Mintzola

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude