Agotak, bazterkeria baten historia

Agotak, bazterkeria baten historia –

Mendez mende eta gizaldiz gizaldi, agotak baztertuak izan ziren, gizarte ofizialetik kanporatuak, elizan bigarren mailako tokiak hartuz… Noiztik? Zehazki ez badakigu ere, XIII-XIV. mendeko aipamenak ezagutzen ditugu, baina baliteke kontu hau oraindik zaharragoa izatea. Ezin jakin. Gauza da Euskal Herrian gizatalde madarikatutzat hartua izan zela eta bazterkeria handia jasan zutela. Eta zergatik? Hori da bazterkeriaren gakoa, zoritxarrez, oraindino ongi ezagutzen ez duguna.

Agotak, bazterkeria baten historia
Agoteak, 1890

Badira hainbat teoria agoten jatorria azaltzeko. Odol zikina izatea eta legenarra zabaltzea leporatzen zizkieten bekatu gisa. Bazterreko auzoetan bizi ziren, ezin ziren besteekin ezkondu eta antzara baten irudia eraman behar izaten zuten lepotik zintzilik. Horretaz gain, txintxarri moduko bat astindu behar zuten bideetatik barna zebiltzanean, gainerako herritarrek haien presentziaren berri ukan zezaten. Hori dela eta, hainbat ikerlarik jatorriz legendunak zirela pentsatu dute, baina ez da inoiz horren probarik izan.

Badirudi, populazioan sekulako beldurra zegoela legenarrarekiko, sekulako izurriteak izan baitziren Europa osoan, eta sendagairik ez zelako ezagutzen. Horregatik  gizarte ofizialak legenarraren kontua estigma moduan erabili zuela dirudi, geroago sorgin kontua erabili zuen bezala, edota gaur egun terrorista hitzarekin egiten duten bezala. Estakuruak ziren, aitzakia merkeak biztanleriaren zati bat bazterkerian mantentzeko.

Eta zergatik zioten odol zikinekoak zirela? Ez ote ziren euskaldunak? Euskaldun garbiak zirela frogatua dago, baina ez ziren kapareak, hau da, ez ziren gainerako euskaldunen parekoak giza mailari dagokionez, eta horregatik beheko mailakoei zegozkien lanak egin behar izaten zituzten: ttunttuneroak, txistulariak, ehorzleak, zurginak, arotzak… Batzuek diote kataroak zirela Okzitaniako lurretatik ihes egindakoak eta horregatik elizetan koru azpian, gibel aldean kokatu behar zirela, egiazko giristinoengandik berezita. Badira Akitaniako iparraldetik etorritako godoen ondorengoak zirela erraten dutenak, eta godoak heresia arrianoko giristinoak zirenez gero,  horregatik zigortuak ziren gizartean eta elizan. Modu batean edo bestean, gauza da agotak biziki katolikoak zirela, gainerakoen neurri berekoak, bederen. Junes Casenave-Harigile zuberotar idazle eta euskaltzainak euskaldun jentilak zirela defendatu zuen, hau da, garai bateko sinesmen zaharrekin jarraitzen zutenak, eta berantago, bortxaz eta ezinbestean, kristautu zituztenak. Egia erraiteko, gaur oraindik ez ditugu agoten bazterkeriaren arrazoiak ongi ezagutzen, eta haien jatorriak misterio iluna izaten jarraitzen du.

Agotak, bazterkeria baten historia

Ainitz idatzi da agotei buruz eta aipamen ugari ezagutzen ditugu. Izen batzuk erraitekotan, aipa ditzadan: Mari Carmen Agirre, Joxemiel Barandiaran, Jean Barbier, Florencio Idoate, Ricardo Zierbide, Julio Caro Baroja, Pierre Bidart, Junes Casenave-Harigile, Manex Goienetxe, Jean Etxeberri-Aintzart, Beatrice Leroy, Allande Oihenart, Jabier Kerejeta Erro, Jakes Ospital, Joxe Maria Satrustegi, Alizia Sturtze, Kepa Arburua Olaizola, Marikita Tanburin…  eta 1999ko agorrilaren 1ean eta 8an, Altzai-Lakarri herriak Junes Casenave-Harigilek idatzi Agota pastoral gogoangarria jokatu zuen. Errejenta Jean-Pierra Rekalt izan zen eta Arnaud Bidalun süjeta nagusia.

Agotak elizetan gibeleko ate batetik sartu behar ziren, agoten atea edo agoten bortha deitua zena, eta sartu orduko, atetik gertu ur benedikatua hartzeko ontzi berezia, gainerakoak kutsa ez zitezen. Gibeleko aldetik entzuten zuten meza, besteekin nahasi gabe.

Agotak Euskal Herri osoan izan ziren, Nafarroako erresuma zaharrean, Aragoin, Biarnon eta Akitanian, Garona ibairainoko lurralde zabaletan. Okzitanieraz eta frantsesez cagots deitzen zitzaien. Badirudi, ca gots hitzek, okzitanieraz godo zerriak erran nahi dutela, hau da, irain gisako zerbait. Batzuek diotenez, euskarazko agot hitza cagot-etik dator, aitzineko lehen c hori galduta. Baliteke. Gauza da, euskaraz agota eta agotea erabili izan ditugula beti.

XVI. mendean, 1515, urtean hain zuzen, Baionako, Iruñeko, Jakako, Akizeko, Oskako, Leskarreko eta Oloroeko elizbarrutietan bizi ziren agotek bulda berezi bat eskatu zioten Aita Sainduari, gainerako guztiak bezalakoak izateko asmoz. Aita Sainduak hori onartu bazuen ere, praktikan ez zen deus aldatu agotentzat, betiko bazterkerian jarraitzera behartu baitzituzten. Hainbat tokitan, Nafarroako Arizkun herrian, adibidez, duela oso gutti arte jarraitu dute Bozate auzoan bizi ziren agoten diskriminazioarekin. Iparraldean, bi gerla handiekin, eta Hegoaldean 1936ko gerrarekin, desagertu ziren agoten bazterkeriaren azken kontuak. Orduz geroztik, erran dezakegu iraganeko historia dela.

Artikulu hau izan dadila agot guztien oroigarri, horrelako giza bazterkeriak ez daitezen gehiago errepika, ez hemen Euskal Herrian, eta ez nehon.

Agotak, bazterkeria baten historia

 

AGOTA

– Argi azkorrian jinik ene arresekila,

Bethi beha entzün nahiz nunbaitik zure botza;

Ardiak nun ützi tüzü? zerentako errada

Nigarez ikhusten deizüt zure begi ederra?

—Ene aitaren ixilik jin nüzü zure gana,

Bihotza erdiratürik, zihauri erraitera,

Khanbiatü deitadala ardien alhagia,

Sekülakoz defendatü zureki mintzatzia?

—Gor niza, ala entzün düt? erran deitadazia?

Sekülakoz jin zaiztala adio erraitera?

Etziradia orhitzen gük hitz eman dügüla

Lürrian bizi gireno alkharren maithatzia.

—Atzo nurbait izan düzü ene ait’ametara,

Gük alkhar maite dügüla haien abertitzera;

Hürüntaaztez alkhar ganik fite ditin lehia

Eta eztitian jünta kasta agotarekila.

—Agotak badiadila badizüt entzütia;

Zük erraiten deitadazüt ni ere banizala:

Eündano ükhen banü demendren leiñhüria

Enündüzün ausartüren begila so’gitera.

—Jentetan den ederrena ümen düzü agota:

Bilho holli, larrü xuri eta begi ñabarra.

Nik ikhusi artzaiñetan zü zira ederrena:

Eder izateko aments Agot izan behar da?

—So’izü nuntik ezagützen dien zuiñ den Agota:

Lehen sua egiten zaio hari beharriala;

Bata handiago dizü eta aldiz bestia

Biribil et’orotarik bilhoz üngüratia.

—Hori hala balinbada haietarik etzira,

Ezi zure beharriak alkar üdüri dira.

Agot denak xipiago badü beharri bata,

Aitari erranen diot biak bardin tüzüla.

 

Agotak, bazterkeria baten historia  Agotak, bazterkeria baten historia  Agotak, bazterkeria baten historia  Agotak, bazterkeria baten historia  Agotak, bazterkeria baten historia 

Euskaltzalea eta irakasle-ohia