Afrikar musika aireak Elorrion

Afrikar musika aireak Elorrion

Elorrioko Musikaire udako jaialdi bat da, estalperik gabe, izarrazpian egiten delako, herriko jauregi ikusgarrienen lorategietan dituelako oholtzak, uztail osoan zehar luzatzen delako eta doan delako.

Musikairek hamabost urte inguru daramatza Elorrioko udak girotzen, eta aurten afrikar aireak ekarriko ditu bertara, eta ez bakarrik. Eta musika ardatz badu ere, antzerkiari, dantzari, argazkilaritzari eta beste disziplina artistiko batzuei ere egiten die tokia.

“Kulturak udan ilargia maite du, eta hego haizearen laztana. Ilargipe epelean, kultura zuzenean iristen da bihotzera, bihotza sentibera baitago udako gauetan. Elorrion, udan, kultura kalera irteten da.

Musikaire da ezohiko jaialdi bat; eta bere programa, mazedonia moduko bat (…)”; aurkezten du bere burua Musikairek.

Aurtengo egitarauak bereziki Afrikar musika aireak Elorrion entzunaraziko dituela-eta, hiru proposamen dakargu, bideo banarekin:

.

BOMBINO (Gaur uztailak 3, 22.30ean Tola jauregian).

Omara “Bombino” Moctar Nigerrekoa da, rock musikari tuareg-a (Tinariwen bikainak bezala).Aljerian eta Burkina Fason errefuxiatu izandako gizonak desertuko soinuak dakartza berrituta, Sahara eta Hendrix nahastuta; “bere estiloa liluragarria eta oroitarazlea da, misterio-kutsu exotikoak bildua”, diote Musikairetik.

Gitarra joleak laukotea joko du Elorrion, eta 2013ko azken lana, “Nomad” (Nonesuch) aurkeztu -bertako singlea da bideoko “Azamane Tiliade”-. 2011n, Bilboko Zentsura At! jaiadian parte hartu zuen.

.

 AZIZA BRAHIM (Uztailak 17, 22.30ean Lariz jauregian)

Sahararra da Aziza Brahim, Aljerian jaioa Tindufeko errefuxiatuen esparruetan; Kuban ikasle egona -bere musikigintzan nabari zaio- eta egun Bartzelonan bizi dena. Bakarka kantatu baino lehen, Leyuad taldeko kide izan zen, eta Oreka Tx-ren “Nomadak Tx” egitasmoan ere hartu zuen parte. Orain urte bete “Soutak” (zure ahotsa) plazaratu zuen, world music deiturikoaren alorrean 2014ko diskorik bikainenetakotzat hartu izan dena. Bere kantuetan, herri sahararraren aitorpena eta justizia du gaia -bideoko “Julud” amari eskainitako abestia da-.

Maiatzean Frantzian abiatu zuen birari bukaera emango dio Brahim-en seikoteak Elorrion, Finlandian, Eskozian, Alemanian, Eslovenian, Austrian, Suitzan, Kroazian eta Portugalen jo eta gero.

.

SIERRA LEONE´S REFUGEE ALL STAR (Uztailak 11, 22.30ean elizpean)

Sierra Leone´s Refugee All Starts taldeak izenean darama jatorria; errefuxiatuak dira hauek ere, gerra latza pairatu duen  herrialdekoak. Musikaren botereak elkartu zituen taldekideak -Elorrion bost izango dira-, eta geroztik mundu osoan zehar dabiltza reggae doinu afrikarrak hedatuz, Bob Marley eredu dutala.

Azken lana “Libation” dute (2014, Cumbancha Records), guk bideoan “Big Fat Dog” badakargu ere, munduko goseari buruzko kantua, “Radio Salone” aurrekotik hartua. Elorriokoa ez da gure artean joko duten lehen aldia.

.

Musika, ez bakarrik

Ikuskizun musikalez gain, Musikairek Teatro Corsario-ren “Clásicos cómicos” antzezlana hartuko du (uztailaren 12an elizpean); Kukai eta Lasalaren dantza garaikidea (uztailaren 19an plazan)  eta  Mikroantzerkiak (uztailaren 26an Casajara jauregian): Javier Arandaren “El tiranicida” txotxongilo  ikuskizuna, Pez Limboren “Boxers -Humor de perros-“ eta Trino teatroren “Mait(K)ale borroka”, azken hau euskaraz.

Musikara bueltatuta, eta aipatutako hiruretatik aparte, afrikar doinuak joko dituzte argazkian ageri diren Gabacho Maroconnection-ek (uztailaren 10ean elizpean), Musikenen ikasitako frantziar musikariek Essaouirako marokoarrekin osatu duten zortzikoteak; eta Aureliok ere (uztailaren 24an elizpean), Hondurasekoa izan arren bere musika garifunen tradizioan oinarritu eta Youssou N’Dour senegaldarra izan baitu aitaponteko.

Gainontzean, Anni B Sweet-en pop ezti (uztailaren 4an Tola jauregian) eta Corizonas-en country rock (uztailaren 25ean elizpean) espainiarrak osatzen du musika egitaraua, euskal ordezkaritzarekin batera: Xabi Aburruzaga (uztailaren 18an Lariz jauregian), Oreka Tx (uztailaren 26an elizpean) eta proposamenik bitxiena igande honetan, “Mozkorra parregarri” opera komikoa (uztailaren 5ean Tola jauregian); Xabier Maria Munibe Peñafloridako kondeak idatzi zuen “El borracho burlado” euskaratua.

 

 

Aziza Brahim, Bombino, Elorrio, musika, Musikaire, Sierra Leone´s refugee all star, uda

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude