Acción de Gracias

pn700.jpgRichard Ford. Acción de Gracias. Anagrama.

Mekauen zotz, Ekainetik liburu hau irakurtzen eta apenas beste ezer, Lipovetsky filosofo frantziarraren elkarrizketa liburu bat izan ezean. 736 orrialde, bai, 736! Nik ez nuen Richard Ford ezagutzen. Ez neukan haren albisterik, Babelian  edo ez dakit non irakurritako zerbait izan ezean. Eta hala, liburuak doan iristen zaizkidalako, hartu nuen irakurtzeko deliberoa. JB lagunak esan zidan: “neu ere berarekin ari nauk, asko interesatzen zaidak haren idazmodua”. Eta poztu nintzen. Baina egun batzuk beranduago GA lagunak esan zidan: “Ford ez zaidak fitxik gustatzen”. Beraz, galdu-galdurik hasi nintzen irakurtzen, pentsatuz nolabaiteko Faulkner garaikide bat aurkituko nuela. Bai zera. Milioi bat aldiz egon naiz liburua bertan behera uztekotan, ez bainion aurkitzen gatz eta piper handirik. Protagonista, Frank Bascombe izeneko 55 urteko gizona, etxe saltzailea da Ameriketan, eta haren gogoeta existentzialak eta gertaerak ditu kontu nagusi. Ene gusturako, erreferentzia amerikar gehiegi, kale eta bide gehiegi, etxeen espekulazioaren gaia gehiegi, dibortzioak eta familia egoeren azterteketak gehiegi… Eta gehiegi diodanean, luzeegi esan nahi dut, irakurlea kokoteraino jartzeko moduraino. Baina, arraioa, andreak behin eta berriz esan dit denbora honetan guztian: “ez bazabiltza gustura, utzi behingoz liburu hori”, amorruz bezala jartzen bainintzen irakurtzen egunero, (5-15 orrialde baino gehiago ezin, lo hartu gabe). Kontua da bart amaitu nuela eta askapen moduko bat sentitu dudala hura albo batera lagatzean. Uste dut, Bolañoren lan bat kenduta, sekula ez diodala hainbeste denbora eskaini liburu bati. Ez da hainbesterako, baina. Lerro horietan ez baitago Faulknerrik, baina ez naiz damu, hala ere. Ford-en liburuak badu zerbait ni bezalako mozoloentzat amu dena: bizitza garaikidearen deskribapen eta azterketa sekulakoa. En fin, ez dizuedala gomendatzen, baina nik berriro irakurriko nukeela.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)