930 nobedade eta 250 kultur ekitaldi baino gehiago

930 nobedade eta 250 kultur ekitaldi – 

930 nobedade eta 250 kultur ekitaldi baino gehiagorekin eztanda egingo du Durangoko Azokak930 nobedade eta 250 kultur ekitaldi baino gehiagorekin eztanda egingo du Durangoko Azokak

  • 248 stand izango ditugu Landako Gunean, 176 partehartzailerekin. Nobedadeen artean, 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelakoak egongo dira.
  • Azokak Ikasle Goizarekin irekiko ditu ateak, eta abenduaren 9an Gazte EztanDA! antolatu du, gazteei begirako egitarau bereziarekin.
  • Azoka amaitzen denean “Zu non, han DA!” egitasmoa hasiko da Euskal Herriko 132 saltokitan. Lehenengo aldiz, liburuaurkezpenak egingo dira 45 liburudendatan, sortzaileen eskutik.

930 nobedade eta 250 kultur ekitaldi baino gehiagorekin eztanda egingo du Durangoko AzokakDurangoko Azokak 57. edizioko egitaraua eta nobedade nagusiak aurkeztu ditu gaur, Bartolome Ertzilla Musika Eskolan antolatutako prentsaurrekoan. Azokak ohiko formatua berreskuratuko du aurten, bi urte bereziren ostean, eta abenduaren 7tik 11ra euskal kulturaren “eztanDA!” bizitzeko prest agertu dira antolatzaileak. Horretarako, 930 kultur nobedade egongo dira eskuragarri Landako guneko 248 erakusmahaitan: 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, papergintza eta abar). Gerediagako koordinatzaile Beñat Gaztelurrutiak aipatu duenez, “euskal kultura bor-bor izango dugu edizio honetan. Azken urte bietan, testuinguru konplikatua izan arren, azokari eustea lortu dugu, denon taupadari esker. Orain euskal kulturaren plazari bizitza emateko momentua helduko da, bere gune eta espazio guztietan”.

Erakusmahaitan salgai egoteaz gain, nobedade horiek guztiak Azokako online dendan ere eskuragarri egongo dira, abenduaren 7tik 10era bitartean, www.durangokoazoka.eus webgunean. Katalogoa bertan kontsulta daiteke jada. Gaztelurrutiaren hitzetan, “kulturzale eta sortzaileei ahalik eta baliabide gehien eskaintzen saiatu gara, horregatik aurten uztartu nahi izan ditugu Azoka presentziala eta digitala”.

Gerediaga elkarteko kideak pozik agertu dira Durangoko Azokak aurten izan dituen parte-hartze datuekin, kulturaren plaza pandemiaren aurreko kopuruetara bueltatu delako. Azokak 176 partehartzaile izango ditu Landakon (argitaletxeak, diskoetxeak…) eta horietatik 34 lehenengo aldiz etorriko dira Azokara. Autoekoizleen plazan, bere aldetik, 15 autoekoizlek parte hartuko dute, sormen-lan ezberdinekin. Bihar hasiko dira muntaketa lanak Landako gunean.

Durangoko Azokak ateak irekiko ditu abenduaren 7an, eta bi urteko etenaldiaren ostean, milaka ikasle izango ditugu Landako gunean. Guztira, 1500 ikaslerentzako tailerrak antolatu ditu Azokak Ikasle Goizaren baitan (sarrera irekia izango da bisitari guztientzat, nahiz eta tailerretan lekurik ez izan), eta lehenengo aldiz hezitzaileentzat ere eskaintza egongo da.

Aurtengo beste berritasun bat abenduaren 9an etorriko da. Egun horretan ospatuko da “Gazte eztanDA!“, gazteei begira Durangoko Azokak antolatu duen egitarau berezia. Egunean zehar Azokako gune guztietan hamaika kultur ekitaldi egongo badira ere, Azokak hainbat jarduera berezi antolatu ditu gazteei begira. 14:00etan gazte-bazkaria egongo da (norberak ekarri beharko du jatekoa etxetik, eta gazteek elkarrekin bazkalduko dute); 17:00etan jinkana antolatuko du EuskarAbentura ekimenak Euskal Herriko gazte ezberdinen artean (izena eman daiteke Azokako webgunean); eta 19:00etan elektrotxarangen jaia egongo da Durangoko kaleetatik, ElektroPottotte eta OstiKda taldeen eskutik.

250 kultur ekitaldi baino gehiago

Aurten Durangoko Azokak euskal kulturaren “eztanDA!” biziko du, eta horretarako 250 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu ditu Azokako gune guztietan, ohiko aforoak berreskuratuta. Guneen arduradunek azaldu dituzte espazio bakoitzean egongo den egitaraua: Martxel Zubia (Saguganbara), Johana Olabarria (Irudienea), Arantza Arrazola (Szenatokia), Miren Narbaiza (Ahotsenea), Diana Franco (Kabi@) eta Izaskun Ellakuriaga (Talaia).

Saguganbaran familiei begirako ikuskizun, tailer eta aurkezpenak egongo dira. Besteak beste, Etxepare saria irabazi duen “Kiratsa” liburuaren aurkezpena; “Potx eta Lotx aireportuan” pailazoen ikuskizuna; Eider Eibarren “Maeiour euskaraz marrazten dugu!” web-jokoaren aurkezpena edota “Ene Kantak dantzan” ikuskizuna.

Irudienean Euskal Herri osoko ikus-entzunezko lanak ezagutzeko aukera egongo da. Guztira, 24 film luze, 15 film labur, webserie bat eta podkast bat aurkeztuko dira. Hainbat gai jorratuko dituzte bertan: Euskal Herriko historia, ingurumena, pertsona migratuen errealitatea, umeentzako zinema Zineuskadiren eskutik, “LaburmetraDA!” izeneko film laburren saioa… Paul Urkijoren “Irati” filmaren emanaldi berezia ere izango dugu, abenduaren 10ean, hainbat gonbidaturen parte-hartzearekin.

Szenatokia arte eszenikoei lotuta egongo da beste urte batez, San Agustin Kulturgunean. Aurten pieza laburren erakusketa egongo da. Abenduaren 8tik 11ra 12 talde arituko dira, hiru talde egunero, bakoitza bi edo hiru saiorekin, guztira 29 saio eskainiz. Hainbat genero landuko dira: komedia, drama, bertsoak, musikalak, pole-dance… Lehenengo egunean, 19:00etan, inaugurazio ekitaldia antolatuko da bertan.

Ahotsenea sortzaileen gunea izango da beste urte batez. Plateruenako oholtzara 47 talde igoko dira euren azken lanak aurkeztera. Besteak beste, bertan arituko dira Delirium Tremens, Merina Gris, Sua, Ines Osinaga, Kokein, Willis Drummond, Xsakara, Bengo, Odei… Disko aurkezpenak zuzenean jarraitu ahal izango dira streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunean. Solasaldien gunea Musika Eskolan egongo da aurten ere, eta bertan aurkeztuko dira eleberriak, poesia-liburuak, antzerki-bildumak… Sortzaileen artean, Katixa Agirre, Unai Iturriaga, Harkaitz Cano, Anari Alberdi, Anjel Lertxundi, Iban Zaldua, Miren Azkarate edota Andoni Urzelai izango ditugu.

Landako guneko Areto Nagusia gune bik partekatuko dute, Kabi@k eta Talaiak. Kabi@n mundu digitalarekin lotutako aurkezpenak egongo dira abenduaren 7an eta 9an. Ikasle Goizean, hezkuntza komunitatearekin lotutako zazpi egitasmo aurkeztuko dira eta arratsaldez euskarazko edukiak sortzen dituzten hainbat plataforma ezagutzeko aukera izango dugu. Abenduaren 9an, Gamer Gela antolatuko da Game Erauntsia taldeko kideekin (iazko sormen bekako irabazlearen lana aurkeztuko da) eta Rolariak taldeak ere hainbat mahai-jolas eramango ditu.

Talaian, bere aldetik, nagusiki zabalkunde lanen aurkezpenak egingo dira abenduaren 8an, 10ean eta 11n. Horrez gain, kultur arloko gai ezberdinen gaineko hausnarketarako ere tartea izango da: euskal literaturaren nazioartekotzeaz eztabaidatuko dute, esaterako, Euskadi Literatura saridunek; edota kultura eraldatzaileari buruz gaztetasunetik hausnartuko dute gazte sortzaileek.

Marisol RAMIREZ

Ohiko guneez gain, aurten ere Durangoko Arte eta Historia Museoan ekitaldiak ere antolatuko dira. Abenduaren 8tik 11ra (H)AMAR erakusketa egongo da ikusgai, kanal anitzeko soinu instalazioa. Bestetik, apirilean zendu zen Iñaki Segurolari omenaldia egingo diote Alberdania argitaletxekoek, eta Pol-len edicions argitaletxe kataluniarrak euren proiektua aurkeztuko du.

Urtero bezala, kulturaren plazan gertatzen denaren kontakizuna egingo du Azoka TBk, Azokak sortuko duen bideotekaren bidez eta sare sozialen bitartez. Bertan plazaratuko dira saio ezberdinak: ekitaldien kronikak, sortzaileekin elkarrizketak, kulturzaleen bizipenak eta abar.

Bi urteko etenaldiaren ostean, aurten ere Azokak autobus-lanzadera zerbitzua berreskuratuko du abenduaren 8tik 11ra, bisitariei Azokara heltzeko erraztasunak emateko asmoz. Doako zerbitzu honek Landako gunea eta inguruko aparkalekuak lotuko ditu 20 minuturo, goizeko 10:30etik 20:00ak arte. Durangoko Azokako antolakuntzak dei egin die azokazaleei garraio publikoa erabiltzeko.

“DA PRO!” eta “Zu non, han DA!”

Durangoko Azoka abenduaren 7tik 11ra antolatuko da, baina ekitaldirik ere egongo da Azoka hasi baino lehen eta amaitu ostean. Abenduaren 5ean DA! PRO sortzaileentzako topaketa profesionalak antolatuko dira San Agustin Kulturgunean eta Bizenta Mogel bibliotekan. Bertan, musikariek eta familia-ikuskizunetako sortzaileek euren proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte teknikari eta profesionalen aurrean, etorkizunean egitasmo berriak sortzeko aukera aztertzeko.

Azoka amaitzen denean, abenduaren 12tik aurrera, “Zu non, han DA!” proiektua hasiko da, eta Azokan salgai egongo diren hainbat nobedade Euskal Herriko liburudendatan eskuratu ahal izango dira. Guztira, 132 saltokik parte hartuko dute proiektu honetan, Lizarratik Santurtzira eta Agurainetik Ortzaizera. Gainera, aurten lehenengo aldiz, sortzaileek euren lanen aurkezpenak egingo dituzte liburudendatan. Euskal Herriko 45 liburudendatan egingo dira aurkezpenak, eta, bertan, hainbat sortzaileak parte hartuko dute: Jon Arretxe, Goiatz Labandibar, Jakoba Errekondo, Lizar Begoña, Joseba Sarrionandia, Arantxa Urretabizkaia, Aritz Galarraga, Nerea Ibarzabal…

Durangoko Azokako spot-a eta playlistak

Durangoko Azokako playlistak euskal musikako azken nobedadeak bildu ditu Badok atarian

Ahotseneako eszenatokian 47 talde abenduaren 7tik 11ra

Leopoldo Zugaza Durangoko Azokako sortzailea hil da

930 nobedade eta 250 kultur ekitaldi baino gehiagorekin eztanda egingo du Durangoko Azokak

930 nobedade eta 250 kultur ekitaldi baino gehiagorekin eztanda egingo du Durangoko Azokak