80 egunean: film ederra

80 egunean: film ederraEz naiz zinema-kritikari, bai, ordea, zinemazalea. Kasualitatez iritsi zait 80 egunean ikusteko gonbidapena lagun baten bidez. Eta lagunarekin zinema-aretora iristerakoan “en petit comité” zela konturatu gara, aurre-estreinaldi edo horrelako zerbait Donostiako udaleko zenbaitentzat.

Ez nuen filmaren berri, ez dut ezer irakurri aurretik, ez eta ezertxo ere entzun, lagunak jasotako gonbidapenean zetorren azalpen laburrak piztu zidan jakinmina.

Eta hunkituta atera naiz zinema-aretotik. Ederra iruditu zait, ederra iruditu zaigu aretoan geundenoi. Ederra, goxoa, sakona, arina, tristea, alaia… Ia etengabe irribarrea ahoan, tarte batzuetan korapiloa eztarrian.

Apirilaren 23an emango dute, 22:30etan Victoria Eugenia antzokian, Donostiako Giza Eskubideen VIII. Zinemaldian  eta maiatzean, Euskal Herriko zinema-areoetan. Nik ez nuke dudarik egingo. Oraintxe bertan hartuko nuke sarrera. Dagoeneko, berriz ikusteko erosi dut.

Irudia | 80 egunean filma | Iker Ayestaran | Creative Commons By SA

80 egunean: film ederra

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

10 pentsamendu “80 egunean: film ederra”-ri buruz

  • Nik aurreko astean ikusi nuen. Pena pixka batekin irten nintzen. Gustatzea nahi nuen, baina zoritxarrez, ez zen horrela izan.

    Istorio sakona kontatzen du eta filma teknikoki zaindua dago, baina zerbaitek ez zidan funtzionatu. Nik uste dut pelikula aurrera doala, bi emakumeen arteko erlazioak hasieran espero nuena baino indar gutxiago duela.

    Dena den, duina da.

  • Niri nahiko txukuna iruditu zitzaidan.

  • Nire ustez pelikula ederra da. Goxoa, sutila, baina samurtasunean ez dena erortzen.

    Fina-fina.

  • Batzuetan gertatzen de pelikulekin “nahi eta ezin” sentsazioa sorten dutela gugan. Kasu honetan, helburuak lortzen dira.

    Bi mutil hauek badakite zertan ari diren. Zineman zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ondo kontrolatzen dute. Ederra.

  • Xabi, ulertzen dut esaten duzuna erlazioaren indarraz, eta uste dut horixe dela espreski pelikulan kontatu nahi den alderdi bat. Harremanak indarra galtzen du, hain zuzen, protagonistetako baten beldurra, ezjakintasuna, ezin ulertzea, nahi ta ezina, lotsa, adina, historia pertsonala, erruduntasuna, senarrarekiko errukia, barruko borroka… hori guztia lagun maitiaren besoetan erortzen uzteko traba gainditu ezina bilakatzen delako. Horrek ere ematen dio filmari sakontasuna eta errealismoa.

  • […] Arantza San Sebastianek zioen, bere ustetan 80 egunean-ek film on bat izateko osagarri guztiak dituela, Xabik, erantzunetan, pena pixka batekin atera zela dio bere aldetik. […]

  • 80 egunean urteetan ikusi dudan pelikula hunkagarri eta ederrena da eta ikusteko aukera izan duen askok ere iritzi bera azaldu du. Benetan sakona eta zirraragarria. Zuznedariek izugarrizko sensibilitatea dutela frogatzen dute. Berlingo zinemaldiko sekzio ofizialerako hautatua izateko zorian egon da. Bada zerbait.
    Ziur asko egileek konfidantza osoz eta laguntza eske gonbidatu gaituzte pelikula ikustera eta oraindik estreinatu gabe dago. Gainera emanaldi horietan egoteko aukera eta pribilejioa izan badugu ziur profesionalki kultura, euskera edo berdintasunaren inguruko profesionalak garelako izan da. Lan izugarria eta itxaropen asko jarri du jende askok lan honetan. Lotsagarria iruditzen zait, edukazio txarrekoa eta errespetu falta itzela lan zoragarri honen aldekoak ez diren iritziak publikoki ematea. Xabi, ez dakit nor zaren bainan milesker zure “laguntza” ordainezinagatik. Bejondeikela.

  • Iñigo Rubert 2010-04-23 07:18

    Bi eta bost urteko seme alabekin, film gutxi ikusi ditut aspaldion. Honek ez dit ordea ihes egingo.

    Xabiren kritikari dagokionez, ulertu dezaket Iztiren haserrea baina ez zait horren gaizki iruditzen.

    Eztabaida zaharra da euskal zinemarik gabe literaturan, kritikarena. Zuzeuko gurasoetako batek, Hasier Etxeberriak, zerbait badaki horren inguruan eta alua.mundua.com-en “kontabilitate mutua” izeneko ataltxo bat bazuen honako sarrera zuena, berak irakurritako liburuen berri emateko:

    “Nonbait esana dugu blog honetan ez dugula hitzik egingo bizirik dauden euskal egileen liburuez. Baina, hala ere, kontabilitate pertsonal moduko bat eraman ahal izateko, hemen jarriko ditugu irakurri ahalako liburu guztiak edo.”

    Baina Xabi ez da, ez da izango jeje, Etxeberria. Eta txoko honetako irakurle anonimo baten sei lerroko iruzkin batek ez du ba halako eraginik izango, eta izan dezakeena ez derrigorrez txarra. 80. egunean filmak ez du bere ondorioz ikusle bakar bat galduko eta esate baterako, Iztiren eta ondorioz nire iruzkina eragin ditu… ez da gutxi 🙂

    Bestalde, kritika txiki horrek aldeko iritzi huts asko baino balio handiagokoa ere izan dezake, iritzi trukaketarako su txiki bat piztuta filma ikusteko beste arrazoi bat gehitzen duelako.

    Edonola, ikusi aurretik ere badugu zorionak! esateko arrazoirik, proiektua bera bururaino eramatea ez da inolaz ere broma.

    Zorionak beraz, eta hitz egingo dugu filma ikusi ondoren.

  • Iñigorekin ados. Xabiren komentarioak bultzatuta joan bainintzen filma ikustera Victoria Eugeniara.

    Film EDERRA da! Xamurra, emozioz betea, umore pintzelada finekin. Antzezpen oso onak eta detaile txiki askoko gidoia. Guztiz gomendagarria.

  • […] Film saridunak aipamen bikoitza lortuko du: 12.000 euroko sari ekonomikoa eta  Zinemaldiaren Made in Spain atalean proiektatzea. Eta 80 Egunean ikusi ez baduzu, zu ere izango zara saridun, film eder hau pantaila handian ikusteko aukera izango baituzu. Ederra, goxoa, sakona, arina, tristea eta alaia da, besteak beste, Arantza San Sebastianen iritziz. […]