44. Euskal Zine Bilera, formatu fisikora itzuliz eta online presentzia mantenduz

44. Euskal Zine Bilera, formatu fisikora itzuliz eta online presentzia mantenduz –

44. Euskal Zine Bilera, formatu fisikora itzuliz eta online presentzia mantenduzEuskal Herrian eta euskaraz egiten den Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere 44. edizioa ospatuko du aurten. Jaialdiak ohikoa den formatu fisikoa berreskuratzeko ahalegina egingo du, iazko online edizioaren alde batzuk mantenduz. Aurreko edizioa ezohikoa izan zen eta online formatura aldatzera derrigortu zuen osasun egoerak. Aurten aldiz, ikusleak berriz ere zine aretora erakarriko ditu Euskal Zine Bilerak, segurtasun neurri guztiak bete eta kalitatezko jaialdia eskainiz. Azken urteetan egin den antzera, euskal ikus-entzunezkoaren iragana, orainaldia eta etorkizunak bat egiten jarraituko dute 44. edizioan.

Jaialdiaren egitura fisikoa berreskuratuko da, formatu presentziala indartuz eta Ikusgarri aretoko ateak ikusleentzat irekiz. Hori bai, iazko online jaialdiak alde positibo asko utzi zituen eta edizio berritzaile horretatik elementu batzuk mantenduko dira: zinebilera.eus orrialdean jaialdiko hainbat eduki egongo dira ikusgai, besteak beste, lehiaketara aurkezten diren lanak. Osasun egoera zein-nahi dela ere, asko dira jaialdiak irauten duen bitartean Lekeitiora etorri ezin direnak eta, hori kontuan izanik, haientzako edukiak prestatuko dira gure web orrialdetik ikusi ahal izateko.

Azaroaren 20tik 28ra bitartean ospatuko den Euskal Zine Bilerak, euskarazko ikus-entzunezkoen markoaren barnean aurkitzen diren eragileekin lanean jarraituko du, bertan aurkitzen diren profesional, amateur edota zaleen errealitateak hobeto ezagutzeko eta interesa izan ahal duten pertsonak erakartzeko.

Euskal Zine Bilera ezaguna bada, bere baitan hartzen duen lehiaketagatik da. Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea. Lehiaketa formatu fisiko zein digitalean egingo da. Lehentasuna ikusgarri aretoko proiekzioei emango bazaio ere, zinebilera.eus orrialdearen bidez lanak ikusteko eta bozkatzeko aukera egongo da.

LEHIAKETA

Sari horiek ondorengo hauek izango dira:
Zuzendaritza onena 1.600,00 €
Gidoi onena 1.600,00 €
Film onena 1.900,00 €
Ikusleen saria 750,00 €

Lanak aurkezteko epea irailaren 8ra bitarteanmantenduko da zabalik eta bere oinarriak zinebilera.euswebgunean egongo dira eskuragarri. Aurkezten diren lanen artean 20 inguru izango dira aukeratuak lehiaketan parte hartzeko eta egindako lana eskertzeko helburuarekin, azken hauen egileek 200 euroko saria jasoko dute lehiaketarako hautatuak izanagatik.

44. Euskal Zine Bilerak aurrerapausoak ematen jarraituko du aurten ere, euskal ikus-entzunezkoen erreferente bilakatuz, eta horretarako noski, film sortzaile, artista eta zinegile guztien partaidetza oso garrantzitsua izango da, hori dela eta aurtengo edizioan ere parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

44. Euskal Zine Bilera, formatu fisikora itzuliz eta online presentzia mantenduz

Euskal Zine Bilera euskara hutsez egiten den ikus entzunezko jaialdi zaharrena da Euskal Herrian. Euskarazko zinema SORTUz, Euskararen zinema PARTEKATUz, Euskal Zinemagintza SARETUz...