22garren “Hatsaren Poesia” eguna iragan igandean

22garren “Hatsaren Poesia” eguna iragan igandean –

SINISTU NAHI DUT MAITASUNA DELA MUNDUAREN BIHOTZA

(Gabriel Korta)

Koronabirus bai edo koronabirus ez? apirilean, Hatsaren Poesia eguna ospatu, edo uztailean? bost axola, olerkiak intenporalak dira eta ez dute birusarik iresten!

22garren Hatsaren Poesia egun honi esker, beste behin ere, gu guziok gure inguruan betirako lekukotasun bat utzi dugu, eta geroan, gu guziok ere erranen dugu: ah bai! oroitzen naiz, koronabirusaren urtean ene olerki bat publikatu nuela! Hori aipatzean pentsatuko dugu ez zela urte hortan koronabirusa izan garantzitsuena guretzat, baina bai idatzirik utzi genuen olerkia.

Garai txarrak edo onak jasan, poesia ez da sekulan lokartzen, beti aurrera doa, eta, uste dugu denbora iragan arau gizaki guzion barnean aztarnak uzten dituela, bai hori dugu oraino, noski, 22garren olerki bilduma honen idazle guziok gaur frogatu.

Sakonetik eskerrak parte hartu duten guziei, eta partikularzki, Ainara Maia gure erle erregin nagusiari, Maite Ramos liburuaren azaleko “ur kristaila”ren pintatzaileari, Itziar Gomez Sarasola aurtengo sar-hitz maitagarriaren egileari.

Goizean, liburua aurkeztua izan zen azpimarratuz 20 bat idazle berri lotu zirela aurreko guziei. Erran behar da ere beste 150 idazleek parte hartu dutela liburuan, talde olerkiak idatziz (Irungo AEK gau eskola, “Arraiz” eta “Igertu” IRALEko taldeak, Antigua-Luberri eta Lauaizeta Ikastolak, Piarres Larzabal kolegioa), eta gogoratu genuen aurten utzi gaituen Gabriel Korta HATSAko poeta oparoa.

Datorren urteko liburuaren sar-hitzaren idazlea ere aukeratua izan zen hor, eta, zorteak nahi izan du, hau, Irungo Gau eskolako ikasle bat izatea: “Mabel” Garcia.

Gero, Antton Kazabonek eta Fito Rodriguez-ek zortedunentzat eskainitako liburuak zozketatuak izan ziren.

Aipamen berezienak igorriak izan ziren ere iazko Hatsaren olerki tailerren animatzaileei: Agurtzane Andueza, Amaia Aranzeta, Itxaro Borda, Eztitxu Irisarri Egia, Ainara Maia Urroz , Eukene Lizeaga Tamayo, JuanKar Lopez Mugartza, Sabin Oregi, Maddi Zubeldia eta Auxtin Zamora.

Arratsaldean, egiazko edo ez egiazko arteko momentu berezi bat egituratua izan zen, lehenik, Sabin Oregik, gure partaide den Txomin Peillen, sentimendu handiz, aipatu zuen, bere liburuen eta idazteko kemen lerdenaren berri emanez.

Azkenean, denen zoriongarri, espektakulu oso bat testuak irakurriz eta abesti berriak kantatuz aurkeztua izan zen. Milesker hor ziren guziei, bai bereziki, parte hartu duten artista eta I

idazle-irakurleei: Marisa Arruabarrena Elizalde, Joseba Aurkenerena, Olatz Azpirotz, Matxalen Bezos, Eric Dichary, Nicole Etxart, Lucien Etxezaharreta, Joseba Gotzon, Irungo ikasleak Idoia Genua Alzurirekin, Antton Kazabon, Ainara Maia Urroz, Mixel Mendibouru, Fito Rodriguez, Sabin Oregi, Eric Traonmilin, Xabaltx, Gorka Zabaleta, Leire ZabalaTeilleria, Auxtin Zamora, Joxemari Zendoia.

Gora poesia! hitz beti erreberrituekin, olerkariei esker, gizakien arima etengabe birsortzen duelako… bai gora poesia!

‘Hatsa’ elkartearentzat,

Auxtin Zamora

https://olerkarieneguna10.blogspot.com/

Adi entzuten, instantea harrapatu nahian

Ainara hau…

Denboraren mugetan herrialde bat dago
non gaur egungo uneak iraultza arin eta gogor batean gertatzen baitira.
Gure bizitzako une zoriontsuak bere geografiako espazio infinituan gordetzen ditu:
izar baten urrats iheskorra, orri baten hormartea, begirada gozoa
ama batek bere gainean jarria,
gure urratsen aztarnak, gure bizitzaren aztarnak,
inoiz ez dira ezabatzen… konfiskatutako betierekotasunak…

Denboraren mugetan herrialde bat dago
izarrak zeruan barre-zatietan jolasten dira, non euria ur gezako perla bihurtzen baita, arroken gainean irristatuz, eta keinu distiratsuak, berehalakoak,
non ihes egiten duten hostoen xuxurla leuna baita.
iheseko gauzen uneak pizten dizkigute.

Denboraren mugetan herrialde bat dago
Egunsentia aire-puztu magiko eta misteriotsu baten modukoa da, eta dena egitera bultzatzen gaitu, nahi guztietara, non abesten duten txoriek, erreketako ur argiak, elurrak, txirbilen aire freskoa laztantzen baitute.
eta olatu etzana, han itsaslabarraren kontra,
une preziatuak dira, une amaigabeak.

Denboraren mugetan herrialde bat dago
non orainaldi zoriontsua ez baita iheskorra, nahiz eta batzuetan trumoiaren zarata gogorrari aurre egin behar diogun, nahiz eta gure gau ilunetan oroimenek gogoratzen duten denbora igaro eta ihes egiten duela.
Irribarrezko distira gozotasunaren adierazpide izan daiteke, ihes egiten duen oraina beti gozoa izateari uzten diona… badaki minaz, aditz laburrez eta gero negu luzeez, lore baten, tximeleta baten, goiz baten bizitza iragankorraz,
eguzki-izpi batena, unekoa…
denbora laburra.

Baina denboraren mugetan herrialde bat dago
haizearen putz arina da, lurrindua, eta euriak, kadentzian, dantzara gonbidatzen gaitu.
non zoriontasunak mozkortu egiten baituen, beti berrituta, denboraren iraultza amaitu denean.
Behin eta berriz errepikatutako orainaldiak, berehala, betierekotasunean bizitzea eragiten digu.
Haizea, itsasoa, askatasuna,
baina arduragabekeriaz, berreskuratutako haurtzaroz,
eta barre egiteko uneak.

Herrialde batean, Orainak oihartzuna du, eta Instantea erresuma da,
konkistatu dugun Nunc-en erresuma…

“Mementoan bizi behar da (*), bai, hori da! Unea izan behar da.
Nunc-en erresuman, poetak dira nagusi.

(Itzulpena: Ainara Maia Urroz)

22garren “Hatsaren Poesia” eguna iragan igandean

Ainara Maia Urrotz (Irun, Gipuzkoa, 1976ko ekainaren 6a) euskal idazle eta itzultzailea da. Euskal filologian lizentziaduna da 2002tik. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatearen Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioa ikasketetan masterduna da 2004tik, eta badu idazkuntzari lotutako graduondoko bat (UNED). 2008tik 2014ra Brnoko Masaryk Unibertsitatean aritu zen euskara irakurle lanetan. Harrezkero, trebakuntza, irakasle eta euskara teknikari lana txandakatu ditu. 2015ean Irungo Udal Euskaltegian ordezko euskara-irakasle; 2016an euskara-irakasle Nafarroako Hezkuntza Sarean (DBH). 2016tik 2018ra bitartean euskara teknikari Osakidetzako Debabarrena ESIn, Mendaroko ospitalean. 2019an euskara-irakasle EAEko Hezkuntza sarean. 2020tik eta gaur egun, euskalduntze-teknikari HABEn, Donostian.

2 pentsamendu “22garren “Hatsaren Poesia” eguna iragan igandean”-ri buruz

  • Joseba Aurkenerena 2020-07-23 15:19

    Urtero egun ederra iragaiten dugu Senperen, Amotze auzoko Larraldea etxean, eta aurten ere horrela izan da. Aukera ederra izaten da, urtean behin, zazpi Euskal Herrietako anai-arrebekin mintzatzeko eta elkarrengandik ikasteko. Aurten ere, horrela izan da.
    Gogotik zoriondu nahi nituzke egun eder horren antolatzaileak, hau da, Auxtin Zamora eta Ainara Maia olerkari bikain eta sentiberak. Mila esker bihotz-bihotzez. Besarkada bana biei.
    Joseba Aurkenerena (Urruña)

  • xorino kantharia 2020-07-23 18:37

    Eskerrik hanitx hiri, Joseba, parte hartzeagatik eta gure artean egoteagatik… ez adiorik!