2017an pegatu zaizkidan 10 kanta

2017an pegatu zaizkidan 10 kanta –

2017a amaitzen ari da eta horrekin batera zerrendak ugaltzen ari dira, dela asmoekin, dela utzitakoarekin. Azken urteotan hainbat argitaratu ditut hemen eta aurten buelta bat gehiago eman eta pegatu zaizkidan kantak bildu ditut:

2017an pegatu zaizkidan 10 kanta

.

1- ‘Eri’– Zazkel: Duela urtebete kasualitatez ezagutu nuen taldea eta haren ‘pop radikala’ buruan sartu zitzaidan, kanta honen errepika bereziki: ‘Kale kantoietan eri, ziutate honetan galdurik, begi hauentzako zubi, ziutate honetan galdurik’. Oso arin kantatzen bada, aho-korapilo bilakatzen da.

2- ‘Tu es foutu’– In-grid: ‘Tu-turutu- turutu- turututurutu’ errepika duen edozein kantak kaskoan geratzeko aukera ugari ditu. Aholku bat, aho-puzkerrik ez egin kantatzean, oso dibertigarria bada ere, litekeena delako aurpegia lerdez blai amaitzea.

3- ‘Malibu’– Miley Cyrus: ‘But here I am, next to you, in my elboooowww’, edo holako zeozer, abesten den zatia bueltaka izan nuen udaberrian. Izan ere, oso kanta aproposa da sasoi horretarako, orduan dena baita polit, intimo eta melengak. Miley Cyrus zela jakitean harritu nintzen, ez nuelako inondik inora espero berak halako abesti goxoak egitea.

4- ‘Iñundik inoare’– Huntza: Erromeriaz erromeria entzun ostean, hasiera pegatu zitzaidan, ‘Huntza’ oihukatzen dutenekoa. Lagun batek esan zidan Huntzarena zela. Ordutik, ez dut ulertzen zergatik pegatu zitzaidan hau eta ez ‘Aldapan gora’. Udako kanten aurkako mekanismorik daukat? Zergatik ez nintzen konturatu Huntzarena zela taldearen izena hasieran esaten badute?

5- No hay marcha en Nueva York– Mecano: ‘No hay marcha en Nueva York y los jamones son de York’. Errima honek guztion aitortza merezi du, meritua baitauka hain errima eskasa hain itsaskor izateak. Kanta hau Procés pil-pilean zegoen garaian entzuten nuen, nire seme-alabeei kontatu nahi diedalako Espainia apurtzen ari zen bitartean, Mecanoz zaletu egin nintzela.

6- ‘Happy together’– The Turtles: EiTB Musikan ezagutu nuen abesti alai hau, zeinarekin nire lagunei egundoko ‘brasa’ eman nien maiatzeko zubian, errepika aho batez kantatzen amaitu arte. Oso kanta egokia Behe-Nafarroa ezagutzeko.

7- Agur Xiberua– Etxahun Iruri: Parranda batetik bueltan arnasa betean hasi nintzen ‘kantatzen’ halako batean. Handik aurrera nire etxeratzeko soinu-banda bihurtu dira Etxahun Iruriren bertso hauek: ‘Agur Xiberoa, bazter guzietako xokorik ederrena’. Esan gabe doa nire gurasoei ez ziela graziarik egin nire ohitura berriak.

8- – ‘Sugea’- Pelax: Kantaren erritmoak eta kantatzeko erak barrenak astindu eta azala oilo-ipurdia jartzen dute, horrela ibili naiz ‘Talkak egiten du dialektika’ atera zuenetik. Ikaragarria.

9- ‘Oh Pello Pello’- herrikoia: Abestia entzutean Pelloren emaztearen ahotsa irudikatzen dut erreguka eta ostia txarraz jartzen naiz, senarrak ez diolako ohera joaten uzten. Gainera, kantak aurrera egin ahala, haserrea gero eta biziagoa izaten da, tipoa benetan gorroto arte. Horrela ibili naiz udagoienean, beraz, halako batean, zakar erantzun badizuet, badakizue zer kanta ibili zaidan buruan.

10- ‘Nortasuna eraikitzen’– Berri Txarrak: Urte luzez buruan izan dudan kanta da. Nerabezaroan lehen aldiz entzun nuenetik, letra eta musika iltzatuta geratu zitzaizkidan. Hauxe da nire omenaldi txikia buruan zein dutxan gehien ‘txikitu’ dudan abestiari.

Hauxe izan da guztia aurten. Ondo amaitu urtea eta gogoz heldu datorrenari!

Urte berri on!!!!

 2017an pegatu zaizkidan 10 kanta 2017an pegatu zaizkidan 10 kanta

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.