“Euskarak aurrera zenbat egingo duen euskaltzale guztien esku dago”

elkarrizketaSortzezko elkarlanari eutsiz, indarrak batzeko gogoeta abiatu dute Durangaldeko Berbaro elkarteak eta Plateruena kafe antzokiak, eta, Durangaldeko Anboto Komunikabideak-ek. Horren fruitu izan da, besteak beste, ‘Euskarak 365 egun’ kanpaina eta horren inguruan sortu duten bideoa.

Segidan Naia Zarzosa, Nerea Iriarte eta Gorka Barruetabeñari (Berbaro, Plateruena eta Anbotoko presidenteak, hurrenez hurren) egindako elkarrizketa irakurri dezakezue.


Berbaro, Plateruena eta Anbotoren lotura sendotzeko premia nabaritu duzue. Zergatik?
Gorka Barruetabeña: Berbaroren gogoeta batean, duela urte batzuk, zera ondorioztatu genuen; gure lanaren oihartzuna ahalik eta  luzaroen mantentzeko egin behar genuela lan. Gure baliabideak ikusita, iraunkorrak izateaz gain, autosufizienteak  izan behar ziren proiektu horiek. Hortik datoz sasoi bateko Berbaro taberna, haren gaineko sozietate gastronomikoa, eta Anboto eta Plateruena ere bai. Berbarok aisiadiaren inguruan sortutako zerbitzu profesionalak ere irakurketa horretatik datoz. Proiektu horiek hartu duten bolumenagatik eta egon diren pertsona aldaketengatik, aldenduz joan dira; hazi ahala indarrak sakabanatu egin direla konturatu gara.

Nerea Iriarte: Gainera, badago hasierako filosofiari eta elkarlanari heltzeko kezka ere. Profesionalizatze prozesu bat egon da, beharrezkoa izan dena, eta horrek militantzia moduko aspektu garrantzitsu batzuk bigarren mailan uztea eragin du. Ez dugu ahaztu nahi nondik gatozen, zer garen eta nortzuk osatzen dituzten elkarte hauek. Elkarrekin, gainera, banatuta baino errazago egin daitezkeen lan batzuk daude.

Orain arteko batzarretan zer ondorio atera duzue?
G.B.: Erabakigune bat sortu da elkarte bakoitzeko hiru ordezkarigaz. Oraindik ez dakigu zenbaterainoko erabakiak hartuko dituen gune horrek, baina bidea markatuko digu. Euskarak 365 egun kanpaina gune horretatik etorri da, adibidez.

Zelan sortu zen kanpaina hori egiteko ideia?
G.B.: Euskararen Eguna zelan “erabiltzen” den ikusita, hiru elkarteak batera agertu eta gure ikuspuntua emateko gogoa geneukan. Euskaraz urteko egun guztietan egin behar den mezua jende askok konpartitu duela pentsatzen dugu; badago jende multzo bat mezu hori jaso eta gugaz konpartitzeko prest. Zenbat pertsona diren ez dakit, baina badaude.

Zelan ikusten duzue euskararen erabilera Durangaldean?
G.B.: Nire inpresioa da euskaltzaletasuna duela urte batzuk orain baino biziago egon zela, nahiz eta orain euskaraz dakien jende gehiago egon.

N.I.: Normala da prozesu hori, hizkuntzak normalizatzen doazen eran, larrialdi sentsazio hori bajatu egiten da.

G.B.:  Hezkuntza eta beste arlo batzuk normalizaziorantz doaz, baina hainbat arlo ez dira inondik inora normalizatu, eta oztopatu egiten dute eguneroko bizitza euskaraz egin ahal izatea. Durangaldean euskara barik lasai-lasai bizi daiteke; orduan zer motibazio edukiko du pertsona batek euskara ikasteko, alde erromantikoa ez bada?

N.Z.: Lehenago urgentzia bat sentitzen zen; euskara salbatu beharreko zerbait zela. Orain jendeak erdi salbatuta dagoela ikusten du; arriskuei buruz berba egiterakoan gehiegizkoak garela esaten dute batzuek.

G.B.: Ez dugu jendea ezertara derrigortu gura, baina, behintzat, utzi diezagutela euskaraz bizitzen. Aukerak sortu beharko dira euskara erabiltzeko, eta euskaraz ez dakien hori ikastera motibatu beharko dugu.

Naia, Berbarokook zelan ikusten duzue gazteek euskaragaz daukaten hartu-emana?
N.Z.: Ez da erraza gazteak erakartzea, baina urteetan egon den hutsunea eta gero bagabiltza gazte taldeagaz lanean GugazTen. Eurek askotan ez dituzte horrelako kontuak planteatu ere egiten. Etorkin gazteekin Gurean proiektua daukagu, eta erronka handia da eurekin lan egitea. Kalean erdera entzun eta hori ikasten dute, eta ez da hain erraza euskarara erakartzea. Umeek-eta ikastetxeetan ikasten dute, baina edade batetik aurrerakoetan gaitzagoa da.

Hiru elkarteon elkarlan honetan, zeintzuk izango dira hemendik aurrerako helburuak?
G.B.: Langileei begira transmisio eta formazioa landuko dugu, eta kanpora begira, hiru erakundeon zerbitzuak eta egin gura duguna gizarte eragileei azalduko diegu, administrazioekin eta gizarte elkarteekin zelan lan egin genezakeen ikusteko. Durangaldeko euskaltzaleekin gure helburuak konpartitzeko beste indar bategaz agertu gura dugu. Azken finean, euskarak aurrera zenbat egingo duen euskaltzale guztien eskuetan dago. Ezin gara egon agintean daudenen zain; guk esan behar dugu euskaraz bizi gura dugula.

Anboto, Berbaro, plateruena

Zer duzu buruan ““Euskarak aurrera zenbat egingo duen euskaltzale guztien esku dago””-ri buruz

  • Jarri google bilatzailean “Hezkuntza Ereduak Euskaraz” (kakotxa artean) eta topa itzazu 10 seg baino lehen, Euskal Herriko mapa eta Eskola Publikoa Euskaraz mapa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude