Zortzigarren jardunaldiko apunteak

futbola 

1) Baina. Itxura ona du Osasunak. Jokalarien eta entrenatzailearen artean sintonia onik ez dagoela eman zen aditzera prentsan, baina taldeak emaitzekin beste zerbait esaten du. Pandianik sei gol daramatza, eta ligako aurrelari onenen artean dago. Taldeak, bere aldetik, sendotasuna irabazi du. Baina irabaztear zituen partidak galtzeko joerarekin jarraitzen dute. Izan epailearengatik izan taldearen beraren dinamikarengatik, baina joko eta sentsazioengatik gorago behar lukeen Osasuna sailkapenaren erdi aldean dago.

2) Beheruntz. Ozta-ozta irabazi zion Athleticek ostegunean Nacionali. Eta atzo Getaferen aurka aitzakiarik gabe galdu zuen. Noraezean jokatu zuen. Taldeak, nola jokoan hala konfidantzan maldan behera datorrela ematen du. Aurredenboraldia luzea ari zaio egiten, Muniain falta du, jokalarien artean zalantzak piztu dira eta zaleak urduritzen hasi. Caparrosek zerbait asmatu beharko luke, eta ez epailearengana bideratu kexak, baina ideiarik gabe ikusten zaio.

3) Caparros. Kolokan dagoenaren zurrumurruak hasi dira prentsan. Zelaian ikusten dena ikusita, entrenatzaileak lan handia du egiteko talde honetan. Jokoa falta baitzaio talde zuri-gorriari. Azken hiru urteen balantzea eginda ordea, aspaldiko urtetan lortu ez dutena (Espainiako Kopako finalera heltzea eta horren bitartez Europako txapelketetarako sailkatzea) ahalbideratu du.

Jendeak Caparrosekin kritiko izateko eskubidea du, baina ez luke Caparrosek lortutakoa ahaztu behar. Caparrosi, duen taldearen araberako emaitzak eskatu behar zaizkio. Agian hor dago eztabaida.

4) Hiru txapelketetan jokatzea. Europan jokatzen duten Espainiako Ligako taldeek, hiru partida jokatzen dituzte astean. Zazpi egunetan hiru partida jokatuta, ezinezkoa da nekearen (fisiko eta psikologikoaren) eraginik ez nozitzea. Real Madrilek berdindu egin zuen, Sevillak ere bai, Athleticek galdu…

Europako txapelketetan jokatzea saria da taldeentzat, baina zama ere bada, bidaia eta partida kopuru handia pilatzea baitakar.

5) Futbol onena. Bartzelonak atzo erakutsitakoa. Aste honetan bertan Xaviri, Bartzelonaren bolada ona amaitua ote zen galdetu zioten, eta hori txorakeria zela esan zuen. Zelaian erantzun diote kazetariaren galderari. Sei gol sartu zituzten, eta joko ezinhobea erakutsi.

Aurreko astean aipatutako zalantzak zalantza, Bartzelonak joko aldetik Europako talderik onena izaten jarraitzen du.