Txirrindularitza

Txirrindularitza –

Txirrindularitza

Gauzak zer diren: lehen garaipena Euskal Herrian lortu zuen Jens Voigtek, ez txikiagoa, baina bai askoz ere gazteagoa zen garaian, 1988an. “Lehen garaipen hark nire karrera profesionala aldatu zuen, betiko eta hoberako”, oroitu du germaniarrak. Euskal Herrian usu gertatzen den bezala, egun euritsua izan zen, txirrindularientzako gogorra eta ikusleentzako zoragarria izaten den egun horietakoa: “Euria egiten zuen arren, jende mordoa hurbildu zen etaparen amaiera zuzenean ikustera, eta horietako asko podiumeko zeremonia ikusten geratu ziren. Horixe izan zen nire Euskal Herriarekiko maitasuna eta errespetua sortu zen unea”. Zaila, kirolari batengan, halako samurtasuna eta halako esker ona aurkitzea.

Ez da karrera handietan nabarmentzen denetakoa, hiru asteko proba handietan onenekin lehiatzeko gaitasuna duenetakoa. Baina etapa bat begiz jotzen badu, erne berarekin, itxu-itxuan egingo baitu aurrera, gerta zer gerta, irabazi arte. Ziklista garaia, fina, oro hezur, dena belaun eta ukondo, ez da denetan dotoreena, baina bere sugarrak edonor liluratuko du.

Bere eskuzabaltasunaren berri begenuen lehendik ere euskaldunok. 2006ko Giroan izan zen. Lasterketa San Pellegrinoko gailurrera iritsi zen. Hantxe ziren Jens Voigt eta Juanma Garate irundarra. Amaiera errukigarria izango zela zirudien, mendateetan ehunka bider ikusi ditugun horietakoa, non bi iritsi baitiren errepidean hustuta, eta bietako batek baino ezingo duen irabazi. Une dramatikoa benetan. Lasterkariak matrail-hezurrak ere agerian zituzten, kilometroetan haragia ere ihartu izan balitzaie bezala. Helmugarako metro gutxi falkta zirela, Voigt handiak eskuaz Garate bultza zuen pixka batez, zoaz gazte, dasta ezazu garaipenaren eztia. Garatek ez zuen bitan pentsatu, bizikleta gainean zutitu, eta geratzen zitzaizkion indar gramo eskasak baliatuz, helmugara jo zuen. Izugarria izan zen unea: Voigt erraldoiaren giza-balioa betiko nabarmenduko zuena.

Nondik ote zetorren alemaniarraren eskuzabaltasun hura? Garate euskalduna izateak izan ote zuen bere erabakian garrantziarik? Urte batzuk lehenago, Frantziako Tourrean mendiko erregearen elastikoaren jabe izan zen egun batez Voigt, Piriniotan. Bitan erori zen, eta helmugara ez iristekotan izan zen. “Ia ezin nuen iritsi, eta elastikoa galdu nuen, baina euskal zaleak, berriro ere, lagundu egin zidaten, helmugaraino animoak emanez. Mendateak beren banderekin estalita zeuden, eta beren elastiko laranjekin, afizio hartakoek beti eramaten dituztenak bezalakoak. Itsaso bat gorri berde eta zuria, euren bandera nazional ezagunaren kolorekoa. Euskal zaleak zerbaitek bilakatu baditu ospetsu, haien justizia izan da, animoak guztiei emateagatik, bai eta erortzen direnei ere, bai eta gehiago ezin dutenei ere. Ez die axola. Berdin animatuko zaituzte munduko onena bazara edo atzeko ‘gruppetan’ bazoaz”.

Geuk geure artean sarritan esan ditugu halakoak, baina txapeldun baten ezpainetan hitzok musika berezia hartzen dute, ezta?

Txirrindularitza

GURE ETXEKO KONTUAK

3 pentsamendu “Txirrindularitza”-ri buruz

  • Voight-ek San Pellegrinoko igoera guztia Juanmaren gurpilean egin zuen bere liderra atzetik baitzetorren. Bestearen lanaz aprobetxatu nahi ez eta irabazten utzi zion irundarrari. Babesleari ez zion grazia askorik egingo ziur, baina aurretik poltsikoan zituen euskal zale guztiok are gehiago miretsi genuen Voight!

  • Ezagutu dudan txirrindulari zintzo eta gogorrenetako bat, beti maila ematen, taldearentzako, berarentzako eta zaleentzako lanean, euskal zaleek horrelako txirrindularik maite ditugu , bejondeizula Jens ahundia (zentzu guztietan).