Seigarren jardunaldiko apunteak

futbola

1) Zerbait falta: Camachok zortea falta izan zutela esan zuen partida osteko adierazpenetan. Baina beti falta du zerbait. Kalitatea ez denean (Sevillaren aurka bezala), epailearen laguntza falta izan du Osasunak (iaz eta aurten). Puntu bat lortzeko aukera ona galdu zuten gorritxoek atzo Pedro Leonen golarekin. Aukeran, Camachoren taldeak aukerei ez ihes egiten ikastea falta du.

2) Aukera: Athleticek irabazteko, berdintzeko eta galtzeko aukerak izan zituen. Ederra kontua! esango duzue, baina 22. minututik bat gutxiagorekin aritu ziren bilbotarrak. Aurretik joan arren, denbora kontua zirudien berdinketak. Eta hala gertatu zen. Bat gutxiagorekin ari baitzen, eta bere goiko erreferentzia, Llorente, ospitalean baitzegoen. Ez zuen itxura onik partidak, eta berdindu ostean galtzen ere joan zen. Valladolidek baina, erraztasunak ere eman zituen, eta bi jokalari galduta, lehendabizi Muniainen bidez berdindu eta azken jokaldian buruz-burukoan irabazteko aukera izan zuten zuri-gorriek.

Partidari buelta emateaz gainera, bat gutxiagorekin egon zenean, erori gabe, minutu askotan emaitzari eusten asmatu zuen. Hiru partida galdu ostean, ondo datorkio emaitza hau taldearen inertzia (hiru partida galdu zituen jarraian) aldatzeko.

3) Lotina: Realean esperientzia txarra izan ostean, entrenatzaile ona dela erakusten ari da. Goi mailako jokalaririk gabe, Champions Leagueko postuetan du A Coruñako Deportivo. Joko onik ez egitea leporatzen zaio sarritan, amarrategia izatea, baina emaitzek merezi lekuan jarri dute Meñakakoa. Inoiz aitortuko al zaio bere lan ona?

4) Izarrak ez direnak: Talde handietan izarren ondoan daudenak, alegia. Hauek ez daudenean babak eltzetik ateratzen dituztenak. Bartzelonan Messi eta Ibrahimovicen ondoan Pedrok jokatu zuen, eta berak sartu zuen  taldeari garaipena eman zion gola.

Ez zuen beste munduko partida jokatu Bartzelonak. Asko kostatu zitzaion garaitzea, eta izarrak agertu ordez, Kanarietan jaiotako txikia agertu zen gola sartzeko.

Madrilen aldiz, CR9 etxean zegoela, Kakak eta Benzemak ez zuten euren onena atera, eta pare bat gol salbatu zituen atezaina ez ezik, inork ez zien izarrei lekukoa hartu.

Izarren liga izan arren, zer esan handia izango dute liga honetan izar ez direnek.

5) Muniain: Pedrorekin harrobiko gazteak aipatu ditugu. Izarrak ez direnak. Baina Muniainek izar itxura guztiak ditu. Bat gutxiagorekin zeudenean atera zen, eta Athletici beste itxura bat eman zion. Taldeak berarekin beste jarrera bat du. Bera lotsagabea da, eta taldea lotsagabekeriaz kutsatzen du. Horretaz gainera teknika eta abiadura ere baditu izan. Berdinketaren gola sartu zuen eta ia-ia garaipenarena.

Lehen mailan gola sartu duen inoizko jokalari gazteena da.

ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude