Salba dezagun futbola, bost axola gosez hiltzen bagara

Real Valladolid

Espainiako Ligako futbol klubak krisian daude eta zenbait desagertzeko zorian. Krisi ekonomikoak ez du futbol profesionala barkatzen: zorrak, ordainketa-etendurak, hartzekodunen konkurtsoak… Herritarren opioa arriskuan dago. Real Valladolid izan da hartzekodunen konkurtsoan sartu den azken taldeetako bat.

Krisia dela eta, milaka familiak justu-justu dute egunero bizirauteko, eta geroz eta gehiagok ezta hori ere. Futbolean, berdintsu. Horregatik, Valladolideko zenbait tabernatan, itsulapiko berezi batzuk jarri dituzte zaleek, ahal duten heinean, klubaren ekonomia kaxkarra salba dezaten.

“Erlijioa herritarren opioa da”, zioen Karl Marx filosofoak XIX mendean. Denborak aurrera egin du, gizartea aldatu egin da, baina zenbait baliok hortxe jarraitzen dute, erdi ezkutuan, gauza batez ala besteaz mozorroturik. Erlijioa, telebista, futbola. Nahi dugun izena eman diezaiokegu, baina gizakiak beti behar du opioa. Gizaki delako.

Gizakia eskuzabala da ere, behartsuenei beti laguntzeko prest dago. Kasu honetan, futbol klubak, herritarron ongizaterako oinarrizko pieza. Ez dakit nola ez diren lotsatzen bizi garen egoera honetan futbol klubak salbatzeko diru bilketa bat egiteagatik. Milaka familia gosez akabatzen, etxerik gabe eta, hara! Futbola salbatu behar, “gure taldea”, esango dute askok.

Opioa. Opioa behar dugu.

Eta bitartean, Espainiako estatuak  Eliza Katolikoari 13.266.216,12 euro emango dizkio hilero 2012an zehar. Baina tira, hori beste kontu bat da, beste opio bat.

2 pentsamendu “Salba dezagun futbola, bost axola gosez hiltzen bagara”-ri buruz

  • 1) Futbolaren gestio ekonomiko desastrosoa gauza larria da, burugabea. Eta diru publikoa horretan hainbeste inplikatzea, bidegabea. Horretan konforme.

    2) Hori salatzeko ez da deskalifikazioetan sartu behar. Intelektualkeria merkea da futbola gaitzesteko moda hori, ze opio eta ze demontre. Futbolzale bat beste edozein bezain sentsibilizatuta eta inplikatuta egon daiteke arazo sozialekin. Besteen zaletasunak bolizko dorre batetik deskalifikatze hori oso edukazio txarrekoa iruditzen zait.

  • Amonamantangorri 2012-01-13 17:27

    Panenkak dioen bezala, “futbolzale bat beste edozein bezain sentsibilizatuta eta inplikatuta egon daiteke arazo sozialekin”. Egia da. Bestela, hor ditugu Mario Benedetti zena eta Eduardo Galeano, biak futboltzale porrokatuak.

    Hala ere, uste dut argudio horri buelta ere ematen ahal zaiola. Jende inteligentea eta kontzientzia politikoa duena, gauza da munduko zozokeriarik handienak esan eta egiteko, futbola aitzakiatzat hartuta.

    Esate baterako: behin Eduardo Galeanok esan omen zuen FC Bartzelonaren jokoa ezkerrekoa dela, eta Real Madridena eskuinekoa. Eta barkatuko ahal dit Eduardok: Hori txorakeria galanta da. Hala ere, niri behintzat, ez zait iruditzen “La memoria del fuego” eta “Las venas abiertas de América Latina”-ren egilea txoro bat denik.

    Futbolarekiko sentimenduak haurtzaroko bizipenekin oso lotuta omen daude. Futboltzaletasuna txikitatik jaten bada, amaren titiarekin batera, gero handitzean zaletasun hori ez da joaten. Erlijioarekin gauza bera gertatzen da: kuriosoa.