Mendiaren aurpegi alaia

Mendiaren aurpegi alaia –

Hogei urte bete ziren atzo, Gasherbrum II mendia igotzetik bueltan Felix Iñurrategi zendu zela, eta Ramon Olasagastik Pyrenaica aldizkarian -2000. urteko hirugarren alean, 200. zenbakian-, argitaratutako testua dakargu, EMMOA, Euskal Mendizaletasunaren Museoaren orrialdetik jasoa.

Mendiaren aurpegi alaia

Irribarreak beti du ondoan malkoa, eguterak ospela, pozak sufrimendua, ahalak ezina, egunak gaua, alaitasunak tristura eta bizitzak heriotza. Edo alderantziz: tristurak poza, ospelak egutera, malkoak irribarrea. Nahitaez loturik eta eskutik doaz. Felixek ere ondoan zuen beti Alberto, eta Albertok Felix. Orain, nekeza zaigu bata bestea gabe imajinatzea. Felixen faltan, egunik gabeko gauak bizi ditu Aretxabaletak, ospelean dago Iñurrategi Iriartetarren etxaldea, malkotan euskal mendizaletasuna.

Mendiaren bi aurpegiak ere ezagunak zaizkigu: ederra bata, egunsenti gorri eta soineko zuriz jantzia, Iñurrategitarren diaporametan ikustera ohituak gauden aurpegi politta. Bestea, aurpegi samina, zorigaiztoaren oskolpetik tarteka burua agertzen duen heriotz anderea, jeloskor, gure mendizaletasunari irribarrea ostu nahi dion andere misteriotsua. Albertok eta Felixek, momenturik gogorrenetan ere, beti erakutsi izan digute mendiaren aurpegi gozoa eta ederra: K-2n adibidez, 1994an, Juanito Oiarzabal, Kike de Pablo eta Juan Tomasekin batera Cesen bidetik tontorreraino iritsi zirenean, Chogoriren aurpegi amultsua erakutsi ziguten bi anaiek. Handik lasterrera, ordea, aurpegi goibela: Atxo Apellaniz K-2ko ipar ertzean betiko itzali zenekoa. Pozaren ondotik tristura.

Alderantziz izan zen Shisha Pangman: lehenbizi, Himalaya menderagaitzak atzaparkada gaixto bat eman zuen, gazteagoa zelarik, ertz zorrotz eta hormarik ederrenak menderatu zituen ameslari hura bere altzoan hartuz. Agur eta ohore Zulu. Albertok berak gertu sentitu zuen elur-jauziaren laztana, baina andere misteriotsuak Zulu nahi zuen. Istripuaren ondotik, Felixek, Albertok eta Josu Bereziartuak mendiaren beste aurpegia erakutsi ziguten, gailurreko besarkada zintzoz arnasberritu nahirik egun batzuk lehenago galdutako lagunaren oroimena. Britainiarren bidetik, alpinoan, arin eta azkar egin zuten igoera, Zuluren irribarrea harrotuz. “Zorionak mutilok!”. Malkoaren ondotik irribarrea.

Mendiaren beste aurpegia, sufrimenduarena, Juanito Oiarzabalena Kangchenjungako tontorretik behera. Kang handiak hustuak zizkion barrenak Juanitori, begiak itzaliak eta ezpainetako lerdearekin batera bazihoakion bizia ere. Baina Kangchenjunga iparrean, inork inoiz izan duen bizkartzain leialenak baino leialago, mendiaren aurpegi ederra erakutsi zuten beste behin Felixek eta Albertok, indarrarena eta laguntasunarena. Hitz gozorik gabe, gordin-gordin, “uztak bakean andere hori eta hator gurekin, dedio!”, oihukatu bide zioten Oiarzabali. Sufrimenduaren ondotik poza.

Euskal mendizaletasunaren aurpegia, zortzimilako hutsez eta bide normalez zimurtua, dotoretzen ere ibili izan dira Felix eta Alberto, Broad Peaken adibidez. Mendiaren hego-mendebaldeko ertzetik, Euskadi izena hartu behar zuen hartatik egindako ahalegina ez da berehalakoan ahaztuko. Sasoi hartan Konkordiatik zebilen Reinhold Messnerrek, ertzaren zailtasuna eta edertasuna ikusirik, honela galdetu omen zuen: “Nortzuk dira bi mendizale horiek?”. Ezina onartu zuten “egunsenti zoragarri eta triste hura” ere ez dute ahaztuko Felixek eta Albertok. Ertz hartan egindako saioaren ondotik bi egunetan igo ziren gailurrera bide normaletik. Ezinaren ondoren ahala.

Hamabi zortzimilako, hamabi egunsenti gorri Kurtzebarriko hegietatik eta hamabi itxafero Aretxabaletako zeruan. “Igo dituk!”. Gailurrez gailur landutako sonak, herriz herri hitzez eta egitez irabazitako bihotzak, dedikazioz eta gogoz zabaldutako bideak, euskal mendizaletasunaren irudi bihurtu zituen Iñurrategi anaiak. Mendiaren aurpegi ederra, herriak beti maiteko duen aurpegia. Martin Zabaletak 80an Everest igo zuenetik, jendeak ez zituen hain bere sentitzen Himalayako igoerak. Gure Himalaya liburuan ageri den mendia nahi genuke beti, zuen Himalaya bestelakoa baita: profesionaltasunaren arroan bidea egin duena, igoera azkar, arin, indartsu eta ederrez osatua, nepaldar zein baltiar emakumeen eta gizonezkoen aurpegi zailduetan herri haietako bizimodua erretratatu eta erakutsi izan diguna.

Uztailaren 28ko egunsentia ere eder esnatu zen. Gailurra, goizeko 7:00etako albistegietatik berria etxeetara, inoiz baino goizago. Gasherbrum II, hamabigarren itxaferoa. “Igo dituk!”. Arratseko lehen orduan, ordea, Albertoren ahots urratuak pitzatu egin zuen herri oso bat eta Euskal Herriko mendizale arima artesiz betetako glaziar izoztua bihurtu zuen. Malkoa, ospela, sufrimendua, ezina, gaua, tristura, heriotza. Himalaya samina, mendiaren aurpegi tristea. Glaziarreko artesiak ez dira inoiz erabat itxiko, baina zorionez Felix ondoan izan gabe ere Albertok badu sokalagunik bere bizitzako eskaladarik gogorrenean, Aretxabaleta ari da ospeletik eguterako epelera igarotzen, eta euskal mendizaletasunaren zauria ere ari da orbantzen. Geroan, gainera, oroimenaren taupadek Felixen irribarrea biziaraziko digute, mendiaren aurpegi alaia. Bizitzak indar handiagoa baitu beti.

Mendiaren aurpegi alaia

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude