Laugarren jardunaldiaren apunteak

1) Euforiatik errealitatera: Athleticen atzoko partidaren egunkarietako kronikak irakurri besterik ez dago. Deiarentzat atzokoa “frenazo en seco” edo “baño de realidad” izan bazen, El Correorentzat “La ceremonia de la confusion” izan zen. Gararentzat aldiz, “sin historia de ninguna clase“ko dema jokatu zuten.

Eta hala eta guztiz ere, azken unera arte berdintzeko aukeran izan ziren Bilbokoek!

Asteleheneko apunteetan, aste barruko hainbat partida jokatu beharrak talde zuri-gorriari nola eragingo zion kezka genuela idatzi genuen. Orain beste galdera bat egingo dugu: atzokoa salbuespena izan zen ala hasi da Athletic bere uztaileko denboraldiaurreko partida segida ordaintzen?

2) Camacho epailearekin gustura. As egunkariaren Valladolid-Osasuna partidaren kronikan irakurri dudanez, Camacho gustura geratu zen epaileen lanarekin. Gaitzerdi.

3) Baina futbol askorik ez (oraingoz). Baina horrek ez luke estali behar Osasunaren futbol eskasa. Osasunari Pandianiren erremate batek eta Valladolideko atzelari eta atezainen hutsek eman zioten garaipena. Jokoak joko eta hutsak huts, halako partidak irabazteak lasaitasuna emango dio talde gorritxoari.

Lehengoan, Sevillaren aurkako partidaz ari ginela, Osasunak kalitate handirik gabeko taldea zuela esan genuen. Entrenatzaileak Aranda-Pandiani bikoarekin asmatu egin duela dirudi baina. Horretaz gainera, harrobiko jokalariei pisua eman die, eta hauek, erantzuten ari dira.

4) Datuak: Giroa epeletik gora zegoen bestela ere Manzanares aldean, eta taldearen emaitzek sua bizitu besterik ez dute egin. Lau jardunalditan bi puntu atera ditu Atletico Madrilek eta bere entrenatzailearen lepoa ere jokoan dago. Sekulako jokalariak ditu zelai erditik aurrera, baina Gilek taldearen presidentetza hartu zuenetik, ez berekin ez bere semearekin, ez da urte lasairik egon zuri-gorrien aldean.

Zenbaitek gustuko izan ez arren, komunikabideetan bera aulkitxoan esertzeko kanpainak abiatuta ere, futbolaren legendetako bat izango da Real Madrileko Raul erretiroa hartzen duenean. Hiru partida barru Real Madrilen partida ofizial gehien jokatu dituen jokalaria izango da.

5) CR9. Historiako fitxaketa garestiena, zalantzak, Messi baino hobea ote da?, nola moldatuko da talde zurira?… dena galdera zen, baina golekin ari da erantzuten Cristiano Ronaldo portugaldarra. Forman jartzea falta zaio punta-puntan egoteko, baina bere kalitatea erakusteko ez du ezer behar.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.