Itzulia efektua

Itzulia efektua –

“Itzulia efektua. Nazioartean Basque Country markaren gain duen eragina” aztertu du Eneko Garatek Tropela.eus atarian.

Eusko Jaurlaritza buru-belarri dabil Basque Country marka bultzatzen. Nazioartean oihartzuna izatea da helburua, batik bat turismoari begira baina baita gure herrialdea industrializatua, aurreratua eta inbertsioetarako egokia bezala salduz.

Itzulia efektuaEuskal Herria hainbat kontuk egiten dute ezaguna nazioartean eta hortaz gain, inbertsio handiak egiten ari dira hainbat kanpainetan. Baina zerk uste duzue eragiten duela nazioartean interes gehien: Game of Thrones hemen grabatu izanak? Athletic edo Guggenheim efektuak? Gure sukaldari izarrek? Sanferminek? Gure agintariek atzerrira egiten dituzten txangoek? Donostiako Zinemaldiak? Iberdrolaren emaitza ikusgarriek?

Ea zer dioen Googlek denboran zehar izan diren “Basque Country” hitzaren bilaketen inguruan:

Azken 5 urteetako grafiko honi begira, urtero egun konkretu batzuetan izugarrizko gorakada izaten dela ikusten da. San Ferminak ote? FITUR edo turismo feriaren bat ote? Eusko Jaurlaritzaren kanpainaren bat? Bilboko edo Donostiako Aste Nagusia? Gastronomia kongresuren bat?

Ez ba. Urtero apirilaren hasieran izaten da igoera ikaragarri hori. Zer ote? Itzulia efektua izenda genezake. Nahikoa baita datak begiratzea fenomeno hori Euskal Herriko Txirrindularitza Itzuliaren bueltan ematen dela ondorioztatzeko. Hurrengo grafikoan “Itzulia” eta “Basque Country” hitzen bilaketak alderatu ditugu. Itxura bera, ezta?

Aipagarria gainera, aurrekoan azaldu genuen bezala, “Itzulia” hitzaren bilaketek izan duten igoera azken 4 urteetan (hain zuzen, Tropela elkartea Euskal Herriko Itzuliaren webgune eta sare sozialak kudeatzen ibili den aroa). Izan ere, “Basque Country” terminoarena baino bilaketa gehiago izatera iritsi da “Itzulia” hitza bera aste konkretu horretan azken 2 urteetan.

Asko hitz egin da Euskal Herriaren eta txirrindularitzaren arteko harremanaz. Gehiegi askotan, eta daturik gabe gehienetan. Ni oso kritiko agertu naiz sarritan dugun harrokeriarekin: “munduko afizio onena dugu”, “munduko lasterketa onenak ditugu”, “munduko txirrindulari onenak ditugu” etab. Zerbaitetan parekorik ez badugu, umiltasun faltan da… Baina hau dena esanda, egia da txirrindularitzaren munduan erreferente bat dela Euskal Herria. Aurreko grafikoa adibide.

Baina ezin dugu lo hartu. Hau aprobetxatu beharra dago. Lana egin beharko litzateke hau sendotzeko. Nazio brandingaz hitz egiten den aro honetan, hau kudeatu beharra dago. Dela hemengo txirrindularitza goi mailan jarraitzeko, dela politikoki, dela garapen ekonomikorako edo turismoa bultzatzeko, txirrindularitza eta Euskal Herriaren arteko lotura honek aukera asko ematen ditu.

Azkenik galdera zuzen bat egingo nieke Eusko Jaurlaritzako arduradunei, Basque Country marka sustatzeko estrategian buru-belarri dabiltzala: jabetzen al dira zerbaitek inpaktua badu Basque Country markaren zabalkundean, hori txirrindularitza dela? Zenbat inbertitzen dute eta nola FITUR edo bestelako turismo azoka edo kanpainetan? Zenbat bestelako misio komertzial ala industria proiektuetan? Zenbat txirrindularitzan? Zenbat, eta garrantzitsuagoa dena, nola Euskal Herriko Itzulian? Posible al da horrelako altxorra profesionalak ez izateaz harrotu, komunikazioan inbertitzeko baliabiderik ez dutela dioten eta beste garai batean bizi diren antolatzaileen esku uztea?

Ez naiz luzatuko, baina aukera mordoxka daude heldu beharrekoak. Ea ez diren alferrik galtzen.

Itzulia efektua
Basque Country, itzulia, naziogintza, tropela, txirrindularitza
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Itzulia efektua”-ri buruz

  • Urtetik urtera milaka milioi gehiago ateratzen dira EHTik atzerrian inbertitzeko, atzerritik EHra ekartzen dena baino, gure enpresariek hemengo etekinak baliatuz kanpoan inbertitzen dute gehien bat, hemengo bankuek gure diruarekin askoz gehiago inbertitzen dute kanpoan gurean baino.Gure pentsio pribatuen diruarekin berdin.
    Itzulia ta beste ondo kudeatu behar direla? Bale baina leno alda dezatela gauz askok, lena gure dirua atzerrira ez eramatearena inbertitzeko, askoz onura gehiago izango genituen edozein buelta ondo kudeatzea baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude