Ibon Larrinaga: “Boxeoak ez dit bizitzeko ematen, eta nire bikoteari esker nago hemen”

Ibon Larrinaga –

Balantzea

Amateur mailan: 80 borroka. 60 garaipen, eta 20 nulo edota porrot.
Profesional mailan: 13 borroka. 11 garaipen eta 2 porrot.
Mediterraneoko txapelduna 2017an

 

Zita geneukan tokia ezin topatuta ibili ginen bueltaka Deustuko erakin baten inguruan, harik eta garaje ate bateko kartel batean erreparatu genuen artean: “boxeo aretoa”. Berez ibilgailuentzat egindako sarrera horretatik jo, eta kurba, bulego eta biltegi artean, Bilboko garaje zulo ilun hartan, boxeolari ugariren afitxak zeuzkan horma batekin egin genuen tupust; aldamenean, une honetan potentzial handienetakoa daukan boxeolari euskalduna entrenatzen da. Besteak beste, aurten Madison Square Gardenen 20.000 lagunen aurrean eta telebista zein internetez borroka ikusi zuten milioika pertsonen aitzinean lehiatu da.

Ibon Larrinaga (Itzubaltzeta-Erromo, 1991) adiskideak agurtzen dabil. Inguruan dauzka zenbait lagun, tartean Txutxi del Valle, bere entrenatzaile eta “anai handia”. Ibon eskua fundamentuz ematen duen horietakoa da, eta horrek berriketan hastea errazten du. Hasi baino lehen, gauzak garbi: sareko zenbait txokotan hori jarri arren, ez da Barakaldokoa (Gurutzetan jaio zen inguruko asko bezala, kito).

Ibon Larrinaga

 

Pura Vida” ezizena jarri zizuten. Zergatik?

Hasi nintzenetik boxeo oso dinamikoa izan dut beti, hankak eta gerria asko mugitzen ditut. Bestalde, horrela bizi dut boxeoa, bai ari naizenean eta bai amaitzen dudanean bizirik sentitzen naizelako.

Nolakoa izan zure haurtzaroa Itzulbatzetan?

Ni baino urte pare bat gazteagoa den anaia daukat, orain boxeoan ere ibiltzen dena; oso ondo moldatzen da, eta askotan biok entrenatzen dugu. Elkarrekin denbora asko pasatzen genuen, eta auzoko bizitza geneukan, beti kalean baloi batekin, edo bizikletarekin… Futbolzalea nintzen orduan; orain gorroto dut.

“Baieztatu dezaket lesio gehiago
jasan ditudala futbolean boxeoan baino”

Futboletik boxeora badago ba, jauzi bat.

Boxeoa ezagutzea sekulako aurkikuntza izan zen niretzat. 16 urte nituela futbolean jokatzen nuen, eta helduen ekipora igo ninduten; berehala puskatu nituen tibia eta peronea. Sei hilabete egon nintzen eskaiolarekin, eta ondoren, lesioari pixkanaka buelta ematen nion bitartean, lagun batek boxeoa ezagutzeko aukera eman zidan, Erandioko gimnasio batean. Futbola eta boxeoa tartekatu nituen denbora batez, baina azkenean boxeoarekin geratu nintzen. 18 urte neuzkan orduan, eta gaur baieztatu dezaket lesio gehiago jasan ditudala futbolean boxeoan baino.

“Boxeo Izarrak” ikusiko zenuen orduan…

Boxeoa da zientzia eta kirolaren arteko zerbait, eta hasieran kostatzen zitzaidan ulertzea, baina “Boxeo Izarrak” programak gako batzuk eman zizkidan. Bestalde, zorte handia daukat zeren eta orain Pedro Mari eta Manuk deitzen didate aurkezpen lanak egiteko.

Zer dauka boxeoak zu erakartzeko?

Ez dago egia bakarra, bakoitzak bere erara bizi du. Niretzat boxeoa jotzearen eta ez jotzearen artea da. Batzuk asko jasotzen dute, eta asko eman; ni bezalakoak kolpeak saihesten saiatzen gara, eta kolpe zehatzak sartzen. Badago boxeoa ringera igo eta egurra ematea soilik dela uste duenik, baina atzetik badago estrategia, eta prozesu fisiko eta psikologikoa oso gogorra eta polita da.

Osasun psikologikoa deigarria da, zeren eta maratoiak egiteko gai den norbait borrokan jarriz gero, minutu baterako mingaina kanpoan izan dezake…

Nik hemen ikusi dut izugarrizko erritmo altuan ordubetez korrika egin dezakeen jendea, ringera igo eta lehen asaltoan husten. Ez da, noski, sasoian ez dagoenik, baizik eta oraindik ez duela ikasi borrokan aritzeak eragiten duen tentsioa kudeatzen.

Zenbat pisatzen duzu orain?

Amateur gisa hasi nintzenean 65 kilo inguru neuzkan, eta 60 kilorekin borrokatzen amaitu nuen, entrenamendu gogorrak eginez eta dieta zorrotza jarraituz, super-oilarra mailan. Profesionaletan borrokaren bezperan pisatzen zaituzte, eta elikaduran are eta presio gehiago neukan. Luma kategorian hasitakoan 55 kg neuzkan, eta kontutan hartuta 1,72 neurtzen dudala, oso gogorra izan zen niretzat, eta nire gorputzak ez zion eutsi. Kategoriaz igo nintzen, eta New Yorken lehiatu nintzenean 57 kg neuzkan.

Ideia bat egiteko, oporretatik itzuli eta bi aste entrenatzen pasa eta gero, 69 kilo dauzkat. Horrek esan nahi du azaroan 17an izango dudan borrokaldirako 12kg jaitsi behar ditudala. Kerman Lejarragak Europako titulua jokatuko du bertan, eta egun berean borrokatu ahal izatea espero dut.

Astindu ederra ematen ari zara gorputzari.

Geroz eta gehiago murriztu, errebote efektua geroz eta handiagoa da. Lehen ez nintzen 66 kilotatik pasako, eta egun lasai asko pasa naiteke 70 kilotatik. Nik uste dut banaizela gai, baina egia da aurrekoan oso txarto pasa nuela super-oilarrera iristeko, eta ez banaiz eroso ikusten 59kg igo eta super-luman lehiatuko naiz, eta urteak pasa ahala, hortik gora. Boxeolari denak igo ohi dira kategoriaz, badaude lau maila ezberdinetan munduko txapeldunak izandakoak; kontutan izan hamar kiloko tartean daudela kategoria guzti horiek.

“Amorrua ematen dit Zineman boxeolaria
motza balitz bezala irudikatzen dutelako”

Sare sozialak asko erabiltzen dituzu, eta ia beti, euskaraz.

Boxeozaletasuna igotzen ari den arren, ez ditu jarraitzaile asko izan Euskal Herrian, eta gu geu asko mugitu behar gara sarrerak saltzeko; beraz sare sozialak erabili behar dira. Euskaraz komunikatzen naiz, euskaraz bizi nahi dudalako, euskalduna naizelako. Nahiz eta giro erdaldun batean bizi, euskaraz ahalik eta gehien egiten dut, eta sare sozialetan ere hori irudikatzen saiatzen naiz.

Zer da garrantzitsuagoa, ematen edo jasotzen jakitea?

Munduko hiru txapeldun mota izan dira boxeoan: eman eta jaso oso gogor egiten dutenak; jaso gutxi, eta eman oso gogor; eta gero teknikoenak, estetikoenak, ahalik eta gutxien jaso eta kolpe zehatzak ematen dakitenak. Niretzat zaila da oso gogor jotzea, ez daukadalako Kermanek daukan berezko indar hori; baina niri hobeto ematen zait eskua pasatzea, defentsan fin aritzea… Zure indarguneak ustiatu behar dituzu, baina aldi berean hain ondo ematen ez zaizuna ere bete behar duzu.

Zein dira zure idoloak?

Beti saiatu naiz idolorik ez izaten. Egunen batean maila gorenera iristen banaiz, jarraitu nahiko nuke herriko tipo bat izaten. Erreferentziak bai, noski. Asko gustatzen zait AEBtako Terence Crowdford, edota Sugar Ray Robinson, Oscar de la Hoya, Miguel Angel Coto… baina jainkorik ez.

Nolakoak diren zure entrenamenduak?

Gimnasioan sartu eta jende guztia agurtzen dut, garrantsitsua iruditzen zait giro ona egotea, arazoak kanpoan uztea. Beroketa lanak egin, eta sokasaltoan hasten naiz; ondoren ispiluaren aurrean mugimendu batzuk errepikatzen ditut; manopla lana ondoren, zakua jo segidan, eta sparring ere egiten dugu (bata bestearen aurkako ariketak). Korrika egin eta pisuak altxatzen ere aritzen gara.

Ibon Larrinaga

Txutxi del Vallek laguntzen dizu bide horretan.

Guretzako Txutxi anai zaharrena bezala da. Erandion entrenatzen hasi nintzenetik ezagutzen dut, eta Kerman Amorebietan zegoen. Txutxirekin entrenatzen hasi ginen, dakigun guztia berak irakatsi digu, eta oso harreman estua daukagu. Gurekin egon da garaipen eta porrotetan, eta berarekin hasi genuen bidea berarekin amaitzea espero dugu.

Kontatu nola ikusten den Madison Square ringetik…

Miribillan egin genuen borroka batean ringetik jaitsi eta dei bat jaso genuen, New Yorkerako gonbitea eginez. Aurkaria Michael Conlan izan behar zen, beste erreferentzia bat niretzako: olinpiadetan bi aldiz egondakoa eta munduko txapelduna bere kategorian. Baina Madisonera joateko aukera badaukazu, joan behar zara, 20.000 pertsona aurrean eta mundu osoko jendea zu ikusten… Utopiak horretarako daude, betetzeko, eta joan nintzen. Pentsatu nuen irabazi nezakeela, eta ikusi nuen ezetz, eta balio izan zidan jabetzeko ze maila dagoen kanpoan. Conlanek aukera asko dauzka hurrengo urteetan munduko txapelduna izateko. Muturrera eraman ninduen, oso gogor entrenatu eta gero; eszedentzia eskatu nuen gau eta egun entrenatzeko.

Munduko txapelduna izan daitekeen norbaitekin lehiatu zarela jakitea gauza handia da, eta are handiagoa ikustea ez nagoela maila horretatik hain urrun. Animatzeko eta gogo biziz aritzeko balio izan dit.

Eszedentzia eskatu zenuela aipatu duzu. Zertan egiten zenuen lan?

Kirol monitore bezala aritu nintzen gimnasio batean, baina gaur egun burubelarri jarri naiz boxeoarekin. Zorte handia daukat, nire bikoteak nirekin batera egin duelako apustu. Diru gutxiago sartzen da etxean, bere soldatena eta nire borrokena, eta praktikan mantentzen nau. Boxeoak, niri behintzat, ez dit bizitzeko adina ematen, eta nire bikoteari eskerrak nago hemen.

Atzetik daukadan enpresa sustatzailea gertukoa da, baina egia da askorentzat gu bi hankako euroak garela, zenbaki bat makinaria handi baten barruan. Gailurrera iristen denak izango du zerbait, baina gainontzean hasi zaitezke ikasten edo lan baten bila.

Conlanek lehenago bezala, zuk ere Olinpiadak begiz jota dauzkazu?

Arazoa da Olinpiadetan amateurrek soilik har dezaketela parte. Boxeo olinpikoa hiru asaltotara izaten da, eta profesionala hamabira. Nik orain ezin dut. Ederra litzateke Olinpiadetan parte hartzea, baina beno, nahiko berandu hasi nintzen boxeoan, eta ez nau emozionatzen Espainia ordezkatzeak. Profesionaletara pasatzea erabaki nuen.

Uste ohi denaren aurka, zure sudurrak itxura ona dauka.

80 borroka egin ditut amateurrean eta 13 profesionaletan, eta sudurra ondo daukat. Egia da kolpeak jasotzen ditugula sudurrean, eta belarrietan, bekainetan, masailetan, saihetsetan… Baina noski, denok ez daukagu sudurra apurtuta. Sudur oso eleganteak daude boxeo mailan!

Boxeolaritzarekin lotutako film ugari egin dira. Gomendiorik?

Rocky saga gustatzen zait, edo Raging Bull, baina amorrua ematen dit boxeolaria motza balitz bezala irudikatzen dutelako. Goi-mailara iristen diren boxeolariak argiak dira, estrategiak garatzen dituztenak, beraien negozioak kudeatzen dakitenak… Million Dollar Baby ere gustatu zitzaidan, baina nire gogokoenak dokumentalak dira. Gaur egun badago modan genero bat, “24/7” izenekoa, eta bertan aste bat igarotzen dute boxeolari batekin. Boxeolaritza eta boxeolariak ezagutu nahi dituenari, lan horiek gomendatzen dizkiot.

Ibon Larrinaga Ibon Larrinaga

Ibon Larrinaga Ibon Larrinaga  Ibon Larrinaga

Ibon Larrinaga

Boxeoa, boxeolaritza, Ibon Larrinaga, Kirola, larrinaga
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

2 pentsamendu “Ibon Larrinaga: “Boxeoak ez dit bizitzeko ematen, eta nire bikoteari esker nago hemen””-ri buruz

  • Joe, ez nuen ezagutzen mutil hau, eta ze inpresio ona egin didan. Klitxeak puskatu dizkit.

  • Aitzol Azurtza 2018-09-23 00:45

    Artikulu honen izenburuan “bikote” dioen lekuan “bikotekide” esan behar lukela iruditzen zait.

    Hara zer dioen Harluxet hiztegiak:

    BIKOTE
    iz. 1. Bi lagunez osatutako taldea; kide diren bi izakik osatutako taldea. Neska-mutil bikoteak. 2. Espezie bereko animali arrak eta emeak osatutako multzoa. 3. Maitasun-harremanez lotutako bi pertsonak osatutako multzoa. 4. HIZKL. Etimo beretik sortutako bi hitzen multzoa, bata hizkuntzako lege fonetikoen arabera moldatu dena eta bestea hizkuntza amaren hitzaren kalko hutsez eratu dena. • bikote elektroniko. FIS. eta KIM. Bi elektroiren multzoa, zenbait molekula sortzeko atomoen arteko lotura bideratzen duena. • BIKOTEKA. Binaka. Bikoteka jokatzeko.

    BIKOTEKIDE
    iz. Bikote bateko pertsona bakoitza bestearekiko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude