Hirugarren jardunaldiaren zalantzak

futbola 

1) Gorritxoen zalantza: Argigarria zen Berrian Asier Legarda-Ereñok egiten zuen partidaren kronika. Osasunak ondo jokatu arren, kalitatean zegoen aldeagatik galdu zuela zioen. Eta hori Sevillan Luis Fabiano ez zegoela!. Osasunak talde apala du, ez du kalitate handiegiko jokalaririk (iraniarrak salbu) eta gogoarekin bakarrik ezin zaio handienei kontra egin nahi dien Sevillari irabazi.

Camachok epaileekin haserre jarraitzen du. Arrazoiz. Baina bere lanak ondo egin beharko lituzke kanpoko errudunak seinalatu baino lehen.

2) Athleticen zalantza: Zale zuri-gorriak pozik egoteko moduan dira: hirutik hiru partida irabazi dituzte Ligan (21 urte halakorik egiten ez zutela), Europe Leaguerako sailkatuta eta lehen partida irabazita, joko ona egiten eta harrobiko jokalariei aukerak ematen ari da Caparros.  Ikusteko dago baina noiz arte irauten dion bolada onak. Astean zehar jokatzeak asko higatuko du Bilboko taldea, eta ez da ahaztu behar, uztailaren 6an hasi zela denboraldia prestatzen. Izango al du denboraldi osoan, astean hiru partida jokatzen ibiltzeko talderik Athleticek?

Bitartean, gozatu egin beharko luke zaleak.

3) Zalantzak: Getafe izan zitekeela sorpresa esan genuen lehen jardunaldian: Racingi 0-4 irabazi zion Santanderren. Baina ez du lehen partidan erakutsitako sendotasunik erakutsi hurrengoetan. Vila-Realen hasera ez da ona, Atletico Madrilena ona izan gabe txarra da. Deportivo ere antzerako dabil.

Goikoek ondorengoei alde handia ateratzen diete eta erdi aldean dauden taldeen artean parekotasuna handia da. Tropel horretan gora ala behera nortzuk egingo duten Ligak erakutsiko digu.

4) Aldea: Irratian Real Madril eta Xerezen arteko partida entzuten nentorren, bi taldeen aurrekontuak parekatu zituztenean. Real Madrilek 422 milioi euroko aurrekontua du. Xerezek 9 milioikoa. Eskerrak futbola ez den dirua bakarrik eta bulegoetan ebatzi ordez zelaian jokatzen den.

5) Asteko gola: Ez zutela ondoegi jokatu esan zuten tertulietan, baina Bartzelonak topera jokatu gabe ere edozeini irabaz diezaioke. Gol bikaina izan zen Messik blaugranei eman zien laugarrena.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.