“Gaixotasuna eta kirola bateragarriak dira” mezuagaz, 24 ordu bizikletan

“Gaixotasuna eta kirola bateragarriak dira” mezuagaz, 24 ordu bizikletan

Jon Karro triatloilari abadiñarrak ekimen berezia gauzatuko du irailaren 24an; DT1 motako diabetea izan arren, 24 orduan geratu barik bizikletan ibiliko da, gaixotasuna ez dela kirolik ez egiteko aitzaki erakusteko.

Jon Karro abadiñarrak (Laubideta triatloi taldea) marka itzela egin zuen maiatzean, Iron Man bat amaitu zuen Europako lehenengo diabetikoa izan zenean. Lorpen horretara heltzeko, urte askoan, ahalegin fisikoaren adinakoa izan da esfortzu mentala. Orain zortzi urte gaixotasuna topatu ziotenean, bere burua ‘‘galduta eta bakarrik’’ ikusi zuela du gogoan, kirola eta gaixotasuna bateratzeko gogoz, baina nork aholkatu ez zuela. Borondatea bai, baina gidaria falta.

Horregatik, gaixotasuna eta kirola bateragarriak direla erakusteko eta antzeko egoeran daudenei helduleku bat eskaintzeko, hainbat ekimen abiatu du Karrok. Alde batetik, bere bizipen pertsonalean oinarritutako dokumentala prestatzen dabil. Ander Shinovak zuzendutako dokumentala urrian estreinatzeko asmoa du; bestetik, irailaren 24an, 24 orduan ibiliko da bizikleta gainean, Durangaldean zehar atondutako zirkuituan.

Non Stop 24 Ordu izena du ekimenak. Orain arte estatu mailan oso gutxik burutu dute antzeko probarik, eta gutxi horien artean dago Julian Sanz, Ultra-fondo modalitateko gaur egungo munduko txapelduna. Hain zuzen ere, Sanz bidelagun izango du proban Karrok: ‘‘Ibilbide osoan ez, baina zortzi-hamar bat orduan lagunduko dit, eta asko eskertzen diot’’, dio Karrok. Izan ere, lasterketa parte-hartzailea izan dadin gura du, eta, bide horretatik, 24 orduetan zehar hainbat bidelagun izango du: ‘‘Triatloi munduko hainbat aurpegi ezagun etorriko da, eta baita Euskaltel-Euskadiko txirrindulariren bat ere’’. 24 orduetan bere alboan izango duen lagun bakarra Pablo Aranda izango da, Laubideta triatloi taldeko kirol medikua.

Oraindik zirkuitu zehatza osatu barik duten arren, 70 bat kilometroko luzeragaz Durangaldeko hainbat herri zeharkatuko ditu: Berriz, Elorrio, Atxondo, Iurreta eta Durango, Zornotzarantz abiatu aurretik. Proba irailaren 24an, 18:00etan hasiko du Abadiñon: ‘‘Arratsaldean hasiko dugu, gauez oraindik fisikoki indartsu egon nadin’’.

Guztira, 650 eta 750 kilometro artean egingo dituela aurreikusi dute. Dagoeneko gauez hainbat entrenamendu egin du; Burgosera joan-etorria, esaterako, 300 bat kilometroko bidea osatuz.

 Facebook-ean laguntza eskainiz

Orain zortzi urte diabetea diagnostikatu eta hala ere kirol munduagaz lotuta jarraitu gura zuela erabaki zuenean, bakarrik sentitu zen Jon Karro; ez zuen gidari lanak egingo zizkion elkarte edo talderik topatu. Horregatik, bere gaixotasuna daukatenei sostengua, babesa, gida-lerroak zein bestelako laguntza eskaintzeko Por y Para la DT1 izeneko orrialdea sortu du facebookean. Alimentazio egokirako gakoak, hainbat diabete motatako definizioak zein kirolari diabetikoari erabilgarri suertatu dakiokeen informazioa ematen saiatuko da orrialde horretan. Gura duenak bere iritzia eman edo dudak galdetzeko aukera ere izango du.

Dokumetala zuzentzen ari den Ander Shinova izan da logotipoaren sortzailea, eta facebookeko orrialdea eguneratzen Israel Alvarezek lagunduko dio.

Karrok hainbat hitzaldi eman izan du diabetea eta kirolari buruz, eta aurrerantzean ere bide dibulgatzailean sakontzeko asmoa dauka.

"Gaixotasuna eta kirola bateragarriak dira" mezuagaz, 24 ordu bizikletan

“Gaixotasuna eta kirola bateragarriak dira” mezuagaz, 24 ordu bizikletan
diabetea, jon karro, Kirola, Triatloia, txirrindularitza
Joseba Derteano

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria

Zer duzu buruan ““Gaixotasuna eta kirola bateragarriak dira” mezuagaz, 24 ordu bizikletan”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude