Eskerrik asko, Markel! Handia zara!

Eskerrik asko, Markel! Handia zara! –

21:30ak ziren Athleticek berria zabaldu zuenean kazetarien pozerako: Markel Susaetak kontratua luzatzeko eskaintza baztertu eta ekainaren 30ean taldea utziko du 22 urte egon ondoren. Eibartarrak 506 partida jokatu ditu lehen taldean, 508 izan litezke falta diren bi partidak jokatuz gero, eta Europan gehien lehiatu den zurigorria da. Bere erabakia izan da eta azalpenak entzun beharko ditugu iritzi osatuagoa eman aurretik. Arrazoiak arrazoi, Athleticek badu zer hobetu: edonork ulertuko zuen ez berritzea, baina inork ez klubak erabili dituen formak, are eta gutxiago aintzat hartzen badugu taldeko kapitaina dela.

Eskerrik asko, Markel! Handia zara!
Markel Susaeta – Arg. Mundo Deportivo

Susaetaren auzian talde zurigorriaren kudeaketa hasiera-hasieratik txarra izan da. Ez Urrutiaren, ez Elizegiren zuzendaritza-batzordeek ez zuten interes berezirik erakutsi jokalariaren egoeran. Martxoan Susaetak iragarri zuen klubeko inor ez zela berarekin harremanetan jarri. Apirilean, jokalariak soldatari eustearren, taldearen eskaintzarik uko egin ziola argitaratu zuen Radio Marcak. Eta maiatzean Beñat, San José edo De Marcos errespetu eske aritu ziren. Jokalari arabarrak Radio Euskadin esan zuen maiatzera 2ra arte Athleticek ez zuela eskaintzarik egin, Rafa Alkorta kirol-zuzendariak Onda Vascan berretsi zuena.

Kontu jakina da harrezkero gertatu dena: ohar soil baten bidez jokalariaren erabakiaren berri eman du klubak, noiz-eta astelehen buruzuri bateko 21:30ean, ia-ia “gauekotasun eta maltzurkeriaz”.

Markelek besterik merezi zuen. Bere zenbakiei esker Athleticen historian sartu da eta haren tamainako agurra merezi zuen, Gurpegik, Iraizozek edota Iraolak izan zuten modura. Azken 30 urteetako belaunaldirik onena erretiroa hartzen ari da eta formak zaintzea premiazkoa da, geratzea erabaki zutenekin bereziki. Datozenei bereziak garela erakusteko modurik onena da eredu direnei aitortza egitea. Espero dezagun Athleticek okerrak zuzentzea eta Adurizi behar moduko omenaldia eskaintzea. Berak ere merezi duelako.

Eskerrik asko, Markel! Handia zara!

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

5 pentsamendu “Eskerrik asko, Markel! Handia zara!”-ri buruz

  • Baina hi, Jon, ez al gintuzun giputza! Ez dago gauza tristeagorik bixkaitar bihurtutako giputxa baino!

  • Eguerdi on, Nagore! Bizkaitar peto-petoa naiz, Markel ez bezala 😉

  • Irudi luke Nafar eta Giputz izenak etnikoak direla, hau da, Nafarroak eta Gipuzkoak, nola Aezkoak, aetzak dute izena euskaraz, eta Amezkoak eta horrelakoek talde baten izendapena dakartela. Ziurrenik, hori dela eta, deklinabidean “a” itsatsia dute: Nafarroara noa, Gipuzkoara goaz. Aitzitik, nafar izandako beste lurraldeek, Bizkaik kasurako, hitz arrunten deklinabidea dute, Bizkaiko, Biakaitik…Ez al zara nafar peto-petoa izanen?

  • Neronek, honezkero, petoa zer den ez dakit, Badakit, hala ere, neronen alaba, euskalduna, alfabetatua eta goi mailako ikasketak egin dituena, beti ere euskaraz, eta euskaldun amorratua, euskara alde batera uztekotan ikusten dudala.Zer dela eta? Oso gazte, 16 urterekin erdietsi zuen EGA, baina Gazteizera joan eta analfatebo koadrila erraldoilarekin topo egin, hau da, euskal analfabeto, batuaz ez dakitenez euskalkiaren, zer euskalki, hori da galdera, , aitzakiaren, erderaz egiten dutenak, eta inolako lotsarik gabe, halago babuak, erraren dizutenak zure euskar ez dela bentakoa,. Egiaren aitortzeko vascoac sobera ditugu azkeneko bost mende horietan. Bejondeizuela!.

  • Lau pentsamendu! Ez dirudi oso nafar. Pentsamendu? Bateklin nahiko. askl! Lau sobera dire!