Donostiako Klasikoak merezi ez duen desastrea

Herenegun Donostiako Klasikoan jazotakoaz asko idatzi eta esan da azken bi egunotan. Egoitz Lisazok gertatutakoa aztertu du Tropela.eus atarian eta geureganatu egin dugu, argigarria izan daitekeelakoan.

 

Donostiako Klasikoak merezi ez duen desastreaEz dezagun ezkutatu atzo jazotakoa, Tropela laguntzaileetako bat izan arren. World Tour mailako lasterketa batek gaitasun gehiago izan behar du, gertaerei aurreratzen jakin behar du, azkarragoa izan behar du horrelakoak ekiditeko. Gogoratu Klasikoaren aurrekontua 350.000 €-tik gorakoa dela.

Bi izan dira zeresana eman duten arazoak eta banan bana aztertu nahiko nituzke: telebista seinale galera eta Van Avermaeten istripua.

 

Telebista seinale galera

Dakizuen moduan, telebista seinalea zabaltzearen ardura komertziala EITBk du. Baina lan hauek ez ditu EITBk berak egiten, G93 enpresak baizik. Beraien webgunean ikusi ahalko duzuen moduan, esperientzia duen enpresa da eta lehen eskutik esan diezazueket profesional onak direla. Baina atzokoan, zoritxarrerako, seinalea errepikatzen zuen hegazkinak huts egin zien eta matxura bat tarteko Hondarribiko aireportuan lur hartu behar izan zuen.

Sekula beharbada ez zarete pentsatzen jarri nola funtzionatzen duen honek guztiak, baina hemen azalpen azkar bat. Errepidean 3 bat moto izaten dira kamerekin irudiak grabatzen. Moto hauek seinalea errepikatzailera bidaltzen dute, aipatutako hegazkinera, eta honek hiruki moduko irudi bat osatuz, dagokion zentralera bidaltzen du, normalean antenaz josita izaten den kamioi batetara. Bertan irudiak prozesatu eta zabaltzen dira. Xabier Usabiagak zioen moduan gaur goizean irratiz, hegazkinarena orain 5 urte inguru burututako aurrera pausua izan da, izan ere lehen helikopteroak arduratzen ziren seinalea errepikatzeaz. Hauek, ordea, lainopetik ibiltzen direnez eta mendiak gainditzeko nekez, eguraldi txarrarekin eta lasterketaren kokagunearen arabera seinalea galtzeko arrisku handiagoa izaten da. Denok izango dugu gogoan adibidez 2007ko Euskal Herriko Itzulian Oiartzunen amaitu zen etapan ikusi ez genuen guztiaz. Bada arrazoia helikopteroak seinale errepikatze lanetan aritu izana izan zen.

Hau da atzo eta Itzulian G93k erabili duen egitura:

Donostiako Klasikoak merezi ez duen desastrea

Helikopterotik hegazkinera pasatzeko diru gehiago behar izan da. Baina hegazkina gehituta nahikoa al da? Bistan geratu da ezetz. Xabier Usabiagak irratian esan duen moduan Tourrak erabiltzen duen egiturara hurbildu da hegazkina erabiltzen hasita, baina oraindik urrun gaude. Tourrak 3 hegazkin erabiltzen ditu. Ondoren gehitzen dizuet Tourrak erabiltzen duen eskema basikoa.

Donostiako Klasikoak merezi ez duen desastrea

Ezin konparatuko dugu Tourra Klasikoa eta Itzuliarekin, baina badago hobetzeko bidea: 2. hegazkin bat jartzea edo helikoptero bat gehitzea egungo hegazkinari. Eta ez naiz ari ordezko moduan izateko baizik estaldura gehiago izateko. Seinalea errepikatzen bi hegazkin izango balira estaldura bermatuko litzateke. Erraz ulertzeko adibide bat jartze aldera, demagun ihesaldi bat dela eta mendi bat pasa duela; tropela, aldiz mendiaren bestaldetik igotzen ari dela. Bakoitza moto batekin joango litzateke baina hegazkina momentu horretan tropelaren aldean balego ez litzateke gai izango ihesaldiko motoaren seinalea jasotzeko buelta eman eta parean kokatu arte. Hegazkin batek, beraz, eguraldiaren eta seinale kalitatea hobetzen laguntzen du baina ez du estaldura osoa bermatzen. Eta atzo bezala hegazkinarekin arazoren bat izaten bada, seinalerik gabe geratzen da lasterketa. Horrenbestez bigarren hegazkin bat edo beste helikoptero bat ezinbestekoa direlakoan naiz.

“Baina oso garestia da bigarren hegazkina jartzea!” esango du seguru batek baino gehiagok. Eta hala da, garestia da datuak ez baditut ere. Baina zenbat kostako zen atzo irudirik gabe geratzea? Ez naiz gauza esateko zenbat denboran izan zen, baina ordubete behintzat bai. Adam Yates azken 7 kmetan sartu arte ez genuen irudirik izan. Guk eta mundu osoak. Izan ere World Tour lasterketa izanik, irudi eskubideak erosi zituzten mundu osoko telebista guztiak seinalerik gabe geratu ziren. Ikusleak galduko zituzten eta ondorioz publizitateko diru sarrerak. Zenbateko kostua du horrek? Seguru naiz bigarren hegazkina edo helikopteroa jartzea baina garestiago atera zela.

 

RadioVueltako motoak Van Avermaet lurrera bota zuenekoa

Irudirik gabe ginen artean. EITBkoek, besterik ez eta lasterketako “Puntu beroak” laburpena eskaintzeari ekin zioten irudiren bat berreskuratu artean. Lan horretan izango ziren buru belarri G93ko adiskideak zituzten baliabideekin irudiak berreskuratzeko ahalegin bizian.

Informazio nahasia iristen zen, tartean Van Avermaet buruan zela ere esan zuten RadioVueltan baina erorikoaren berririk ez. Gero berehala Adam Yates buruan zela ikusi ahal izan genuen telebistako irudiak bueltatutakoan.

Donostiako Klasikoak merezi ez duen desastrea

Adamek helmugan ez zekien irabazi zuenik bere ustetan Van Avermaet aurretik baitzuen. Ez zuen ikusiko Bordako Tontorrera bidean izan zuen istripuaz.

Asko dira antolakuntzaren kontra egin dutenak gertaera hau dela eta, lehena Van Avermaet bera, ondoren BMC eta gero zale eta gainontzekoak. Baina zenbateraino egin daiteke kontra?

(Eguneraketa: bideo honetan ikus dezakezue Van Avermaetek lortu zuen gehieneko tartea 5 segundokoa izan zela. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak)

Neu Flecha eta Hoogerlandi 2011ko Tourrean gertatutakoaz gogoratu nintzen. Ez zegoen helmugatik 10 kmtara bakarrik erasoa jota, baina orduan ihesaldian zela lasterketako kotxe batek ikaragarrizko zartakoa eman zion txirrindulariari. Van Avermaet lasterketa irabaztetik kanporatu zuen gertakariak baina behintzat ez zuen lesio larririk jaso.

Lasterketatan istripuak ere gertatzen dira eta hau beste horietako bat da. Ulertzen dut Van Avermaet haserre izateaz – neu ere sutan egongo nintzateke!! – eta ez luke gertatu beharko. Neurriak hartu behar dira horrelakoan ez gertatzeko – akaso Bordako Tontorra kendu? Moto kopurua murriztu? Txirrindulariekiko segurtasun distantziak handitu? Moto gidariei zigor handiagoak? -, ez dut zalantzarik, baina ez zait hainbesterakoa izan denik iruditzen. Benetan larria 1988ko Klasikoan gertatu zena izan zen: Zumaian, moto batek 4 hildako eta 5 zauritu eragin zituen, tartean 7 urteko haurra. Badirudi jendeari hori ahaztu zaiola.

 

 

35. edizioa izan zen atzo jokatu zena, eta hasieran nioen modua, desastre bat izan da aipatutako bi puntu garrantzitsu horiengatik. Ez zait iruditzen antolakuntza deabruaren pare jarri beharrik dagoenik zoriak parte handia izan baitzuen, baina bai beharrezko ikusten dudala benetako neurri sendoak hartzea. Idatzi honetan aipatu ditut zenbait eta espero dut kontutan hartzeko modukoak direla. Mundu mailako lasterketa da, World Tour, gauzak seriotasunez eta arduraz burutu beharrak daude, nahiz eta zoria aurka izan.

 

Argazkiak: cyclingtips.com.au, G93 eta klasikoa.net

klasikoa, tropela, txirrindularitza

ZuZeu-ko editoreek sarean aurkitzen dituzten artikulu interesgarriak, CC-BY-SA 3.0 lizentziapean.

2 pentsamendu “Donostiako Klasikoak merezi ez duen desastrea”-ri buruz

  • Ederki azaldua, beste inon baino hobeto. Eskerrik asko Egoitzi eta Zuzeuri.

    • ZuZeu

      Meritu guztia, bistan da, Egoitz Lisazorena da, eta txirrindularitza gaietan oso jantzia dagoen Tropela.eus atariarena, bertako kudeetzaileetako bat denez, bertan argitaratu baitzuen azalpena.
      Guk, beraz, geureganatu baino ez genuen egin, interesgarria gerta zitekeelakoan. Pozten gara horrela izan bada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude