Derbia tontorrean

Derbi eguna da gaur. Athleticek etxerako lanak egin ditu eta Championserako sailkapena lortu zuen Vallecasen irabazi eta gero. Realak ere Europa Leaguerako txartela lortu du eta, iaz bezala, Europan arituko da berriro talde donostiarra. Aspaldian ez zen tontorreko derbirik gertatzen eta disfrutatu beharra daukagu, 16 urte pasa ondoren euskal talde biak Europako goi mailako lehiaketetan parte hartuko baitute. Gainera, talde gazteak direla kontuan hartuta, ekipo biek etorkizun oparoa dutela dirudi, betiere talde erraldoiek eskua sartu ezik.

Aurten gertatu dena ez da kasualidade hutsa. Mailako talde gehienek ez bezala, Realak eta Athleticek harrobian oinarritutako formula erabiltzen dute, arrakastatsu suertatu zaiena, etxekoa jorratu eta kanpoko fitxaketak osagarri moduan ulertzen dute talde biek. Izan ere, Herrera, Vela eta Bravo salbu, beste “izar” guztiak harrobikoak dira, esaterako Griezmann, Iñigo Martínez, Susaeta ala Iturraspe, futbolzelaian aurten oso ondo aritu direnak. Gainera, etxeko entrenatzaileak dituzte talde biek (Valverde eta Arrasate), taldea barru-barrutik bikain ezagutzen dutenak eta Athletic eta Reala zaleontzat zer diren ondo baino hobeto dakitenak. Ezin dugu ahaztu Arrasatek Busquetsi eman zion lezioa, Realak ere baduela armarria gogoratuz.

Arestian esan dut disfrutatzeko direla derbiak. Zuzen dezadan, derbi guztiak disfrutatzeko dira, afizioen arteko erlazioa bikaina delako eta lagunen arteko topaketa bilakatzen direlako Donostia nahiz Bilboko kaleak, non talde bietako zaleak nahasten garen. Giro onari eutsi behar diogu talde baten zale baino lehen lagunak garela gogoratzen dugulako. Gainera, denok gara euskaldunak elkarrekin ondo pasatzeko aitzakia paregabea dena.

Jai eguna da gaur, baina borobiltzeko moduak ere badaude: ea Osasunak ere bere ekarpena egiten duen lehen mailari eutsiz eta, nola ez, Eibarren igoera ere berri bikaina litzateke, Alavés baino ez litzaigulako bigarren mailean geratuko eta, nola ez, denok buruan dugun euskal selekzioaren ofizialtasuna berri bikaina izango litzatekeelako.

Athletic eta Realeko zaleak Donostiako kale batean

 

Presencia Vasca saiorako osatutako zutabea

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.