Boxeoa Bilbon

Boxeoa Bilbon

EuskoBox taldeak boxeoa sustatzen du EAE-n, gimnasioak, entrenamenduak eta borrokak antolatzen. Beraien web orrian sartu naiz, eta haserretu. “Euskara” jartzen duen ikurriña klikatu eta… magia! Guztiak gaztelaniaz jarraitzen du. Erresuma Batuko banderari eman… eta baita ere, dena gaztelaniaz! Baina beno, gaur justuki beste zerbait aipatzeko sartu naiz haien atarira, eta ezin nuen esan gabe utzi.

BoxeoaBoxeoaren inguruko talde honek, lehen aldiz, emakumeen arteko boxeo borroka profesional bat antolatu du Bilbon, urriaren 8an, La Casillan; honetaz gain gizonezkoen borrokaldiak ere izango dira. Joana Pastrana espainiarra ez du inork garaitu oraino, eta bera izango da ring-aren bazter batera igoko dena: 25 urte, pisu arina zinez (50kg azpitik), 3 K.O. eragin ditu, estilo erasokorra dauka eta sekulako eskuin gantxoa. Arerioak, tamalez, lesio bat izan du eta ezingo da agertu; antolakuntza ordezko baten bila dabil.

Ostiral gauak kalean harrapatzen naute, orokorrean, baina gustatzen zitzaidan “boxeo izarrak” ikustea ETB-n parean harrapatuz gero. Kendu al dute? Baina une honetan ez dut oroitzen bi emakume borrokan ikusi nituenik sekula. Youtuben bai, behin edo behin: Delfine Persoon, Cecilia Braekhus, Ava Knight… 

Urriaren 8an agian animatuko naiz zuzenean ikustera, internet existitzen ez zenean birtuala zen ikuskizun batez gozatzera.

Boxeoa Bilbon