Bilboko eta Donostiako politikarien arteko maitasun-gutunak

Bilboko eta Donostiako politikarien arteko maitasun-gutunak –

Futbolak, edo zehatzago, Athletic eta Errealaren arteko norgehiagokak, mokoka jarri ditu alde batetik Iñaki Anasagasti, eta bestetik Eneko Goia eta Denis Itsaso; guztiak ere gazteleraz. Mikel Iturria izan da, Harrikadak blogean, beraien arteko gutun trukaketa euskarara ekarri duena.

Bilboko eta Donostiako politikarien arteko maitasun-gutunak

Hunkituta irakurri ditut Anasagasti, Goia eta Itxasoren arteko maitasun gutunak. Gaztelaniaz zeudela ikusirik, euskaratzea erabaki dut. Zergatik? Harrikadak izeneko bloga delako hau. Espero ondo ulertu izana hiruren mezuak. Protagonistek zerbait aldatu nahi badute, esan dezatela. Itzulpena ez da beste mundukoa, baina gaur jaieguna da.

Eskerrak Oyarzabalek ezezkoa eman duela

Eskerrak Oyarzabal jokalariak ezezkoa eman diola Athletici-i. Egunen batean Real Madrizzz-ek (sic) hots egiten badio, ñoñostiarrek (sic) adur madridista erortzen utziko dute. Mertzenario bat gutxiago.

Gogoratu beharra dago Anoeta bi Realen arteko partida batekin inauguratu zela, Soziedadea (sic) eta Madrila, eta hauxe diot Kanpandegi kaleko ene aitona donostiarrak ez baitzuen ezer jakin nahi Realeko zuzendaritzaren gutxiagotasun-konplexu erasokorra zela eta; hots, taldearen beraren izenagatik eta Athletic-aren kontrako militantziagatik. Eta gero, beren konplexuak zabalduz, sektore honetako batzuek dira euskal herritarren erabakitze-eskubidea defendatzen dutenak; ñoñostiarrismo basatienaren alderik makurrenarekin elkartzen dena.

Athletic-en kontrako klausula duen taldeak, begiratu beharko luke bere burua.

Beste bat gehiago.

Bueno. Pila-pila, patata-tortila.

Iñaki Anasagasti, erredakzioan itzulia. Jatorrizkoa: Menos mal que Oyarzabal dice no.

.

Anasagasti jaunari

Ulergarria egiten zait minduta egotea. Minduta zure harrotasun zurigorrian. Kirol mailan, zu partaide zaren taldeak, nik bezala milaka donostiar eta gipuzkoarrek maite duguna, gurearekin duen lehiak pasioz betetako derbi sutsuak izatera eramaten gaitu. Aburto alkatearekin batera hainbat bizi izan ditugu; lehia bai, baina beti aurkaria errespetatuz. Halere, zure blogean idatzitako sarrerarekin frogatu bezala, kirol mailatik harago, beste zerbait dago.

Bestela, ezin ditut ulertu klubaren izena dela eta egindako aipamenak; ez dakit horiekin 109 urteko historia edota guri leporatutako gutxiagotasun-konplexua mespretxatzen ote dituzun. Ene ustez, aipamen horiek athleticzale askok azaltzen duten fair play-tik oso urrun daude. (Aipamen horiek) eramaten naute pentsatzera, aitzitik, hitz horiek gorrotoa eta amorrua ezkutatzen dutela.

Esango nuke ezezko erantzuna jasotzeak gorputz txarra uzten duela. Euskal jokalari guztiek Bilbon jokatu nahi dutela dioen printzipioa dardarka uzteaz gain, koloreen aldeko konpromisoa, harrotasuna eta maitasuna ekarri baitute, Mikel (Oyarzabal) berak erakutsi bezala; eta ezagutzera ematen dute gaur egungo futbolean dena ez dela konpontzen milioiak mahai gainean jarriz. Mikelenak, betiko klubarekin kontratua berritzeak munta handiko eskaintza albo batera utziz, izen hauxe du: bihotz txuri-urdina. Ez besterik.

Azken azalpen bat Donostiako alkate gisa: ñoñostiarra hitza mespretxuz erabiltzen duenak dauka gutxiagotasun-konplexua, nahita nahiez. Hemen donostiarrak gara, bai jauna, letra guztiekin. Tristea da bere burua euskal herritar gisa definitzen duenak, eta beraz hiritarra, iparra eta ohorea galtzea txikikerietan. Baina ikusitakoaren arabera, uste baino gehiago erretzen du (zauriak).

Agur t’erdi.

Eneko Goia, erredakzioan itzulia. Jatorrizkoa: Gutun irekia – Carta abierta a @inasagasti.

Gomendioa Goia jaunari: mantendu beti zabalik bloga.

.

Anasagasti jaunari erantzunez

Anasagasti jauna,

Utz nazazu hausnarketa labur bat zuzentzen zure blogean idatzitako azken sarrera dela eta, Menos mal que Oyarzabal dice no izenekoa. Hasiera batean, harritu egiten du bat zure tonu zarpail eta erasokorrak, beharrezkoa ez dena hats luzeko ibilbide parlamentarioa izandako zu bezalako pertsona baten kasuan. Nortasuna eta kidegoarekin lotutako beste hainbat kontu bezala, egia da futbolak burua lausotu eta erraietatik erreakzionatzera eraman dezakeela pertsona. Baina xelebrea da Mikel Oyarzabal mertzenariotzat jotzea, eskaintza ekonomiko oparo eta tentagarriak albo batera utziz,  betiko taldean geratzeagatik.

Realari Athletic-ekiko leporatzen diozun obsesioa talde bizkaitarrak berak duen politikan du jatorria, Gipuzkoako harrobia bere apeten erdian jartzen baitu. Esan beharra dago errespetu osoa diedala Athletic-en estrategiei, zilegiak zalantza izpirik gabe. Baina ulertuko duzunez kirolariak sortzeko eta hezitzeko -baloreetan ere bai- egiten dugun esfortzuak babes neurriak hartzera eramaten gaituela Ibaiganek bere kabuz erabakitzen duenean, talentu lokalak ezean, ona dela uzta bila Zubietako harrobira jotzea.

Erraza da ulertzen. Harrobi txuri-urdineko partaide diren jokalariak, neskak zein mutilak, begiz jotzen dituzte talde boteretsu askok, baina Athletic-en erabakiek modu berezian eragiten diote Realaren proiektuari, Athletic-ek gertuko ingurura murriztu baitu arrain-bankua. Eta Realak eskubidea izateaz gain, betebeharra ere badu eskola-kirolean hasi eta elitean amaitzen den Gipuzkoako futbolaren esfortzu kolektiboari errendimendu gorena ateratzeko. Gainera, aspaldi erabaki genuen nazioarteko merkatura jotzea -inolako konplexurik gabe, Anasagasti jauna- lehen plantilan behar zehatzak ikusten ditugunean.

Ulerterraza ez den erresumina darie zure hitzei. Ulerkaitza Reala ez baita mehatxu eta eraso egiten duena. Ingurunera egokitzeko berezko politika du Realak eta eskubide osoa du bere kirol- eta enpresa-proiektua garatzeko. Are gehiago, gizonezko eta emakumezko futbolaren trebakuntzan halako lidergoa lortu duenean.

Denis Itxaso, erredakzioan itzulia. Jatorrizkoa: En respuesta al señor Anasagasti.

Bilboko eta Donostiako politikarien arteko Bilboko eta Donostiako politikarien arteko Bilboko eta Donostiako politikarien arteko

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Bilboko eta Donostiako politikarien arteko maitasun-gutunak”-ri buruz

  • Aitzol Azurtza 2018-08-16 13:09

    Antzua da Donostiako alkate jaunaren eta Anasagasti Espainiako senatari-ohiaren arteko ika-mika, Athletic-ak eta Errealak, nork bere erabakiak nahi bezala har ditzakelako eta bataren zein bestearen erabakiak zilegiak direlako.

    Athletic-eko zuzendaritzak bere erabakiak nahi dituen bezala (edo bere bazkidetzak eskatzen dion bezala) hartzen ditu eta horretan errealtzaleek ezer gutxi dute esateko. Athletic-ak Euskal Herriko edo euskal jatorriko jokalariak kontratatzen dituela soilik? Erabaki enpresarial hori Athletic-i dagokio eta ez beste inori.

    Athletic-ak bere erabakiak hartzeko askatasun osoa duen bezala, Errealak ere berari dagozkion erabakiak hartzeko askatasun osoa dauka baina badirudi Anasagasti jaunak ez duela “erabakitzeko eskubide” hau (edo “autonomia” hau) onartzen, bere mezuan aditzera ematen bait du Errealak Athletic-i zerbait zor liokela. Errealak Athletic-i ez dio ezer zor (Athletic-ak Errealari ezer zor ez dion bezala). Errealak bere bazkide, jarraitzaile eta babesleei zor die (baita Gipuzkoako Foru Ogasunari ere) baina beste inori ez.

    Oso ulergarria da Errealak bere harrobia babesteko klausula mugatzaileak ezartzea, gaztetxo zirenetik Errealean hezitako jokalari onenek bertan jarrai dezaten. Gogora dezagun edozein futbol-taldek bere harrobiko jokalariak hezten dirutza inbertitzen duela eta zentzuzkoa da inbertitutako dirutza hau alperrik gal ez dadin edozein taldek egiten duen ahalegina klausula mugatzaileen bidez.

    Anasagastik auzokideekiko bekaizkeria erakusten du bere mezuan eta tamalgarria da bere hitzek azaleratzen duten mingostasun maila handia. Kirola eta politika era zentzugabean nahasten ditu, behargabe eta dotoreziarik gabe donostiarren eta errealtzaleen aurka zaborra botaz. Ulergaitza.

  • Nazio kontzientzia da behar duguna, ez probintzianokeria txatxuak. Ez baitago beste arazorik