Apustu berezia igandean Tolosan

Bihar igandea Tolosan apustu berezia

Jon Leunda kazetariak GARAn argitaratutako apustu berezi honen ingurukoa arrantzatu du zuzeuko salabardoak

APUSTU HANDIEN USAINA ZABALDU DA BERRIRO ERE TOLOSAKO ZEZEN-PLAZAN

Apustu handien zaleek nahitaezko zita dute etzi eguerdian Tolosako zezen-plazan. Arria V.a izango da alde batetik, eta bestetik, Jauregi eta Kañamares III.a. Aurrena 20 kana-erdiko ebaki beharko dituzte, eta ondoren 20 kilometro egin beharko dituzte korrika.

Bihar igandea Tolosan apustu berezia
Xabier Orbegozo “Arria V” – Urola kostako hitzako argazkia

Gutxitan izaten dira horrelako apustu handiak, baina etzi 12.00etatik aurrera Tolosako zezen-plazan jokatuko dena horrelakoa izango da, gutxitan izaten den horietakoa. Alde batetik Arria V.a izango da, eta bestetik, berriz, Julen Kañamares eta Arkaitz Jauregi izango dira.

Arriak 20 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta ondoren korrika 20 kilometro egin beharko ditu. Aurkariek ere lan bera izango dute, baina bi dira. Aurrena batek 10 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta ondoren besteak geratzen diren 10 kana-erdikoak ebaki, eta 10 kilometro egin beharko ditu korrika, eta azkenik aurrena aizkoran aritu denak egin beharko ditu amaierako 10 kilometroak. Alde bakoitzak 12.000 euro jarriko ditu jokoan, eta enborrak Arriak eramango ditu.

Honela mintzatu zen Arkaitz Jauregi: «Ez dut nire burua orain bezala inoiz ikusi. Hasieran aizkoran apur bat behera egin nuen, baina une honetan bikain nago. Ez ni bakarrik, baita Julen ere. Denbora asko eman dugu hau gogoz prestatzen, eta inguruan lagun asko izan ditugu». Arriak ere ez dauka aitzakiarik: «Asteazkenean egin nuen azkeneko entrenamendu luzea, eta oso gustura geratu naiz. Orain, egun hauetan, atseden apur bat hartu eta neure burua zaindu behar dut. Egia esan, niri katarroek eta horrelakoek ez naute kezkatzen, horrela tentsioan nagoenean ez baitut inoiz harrapatu. Hori bai, astelehenetik aurrera hilabete bat behar da errekuperatzeko, eta orduan etortzen dira denak», esan du errezildarrak.

Lanean pasatu dezaketen denborari buruz, bikoteak ez du deus zehazten, baina Arriak garbi utzi du: «Bi ordu eta laurdenen bueltan dabilenak apustua irabaziko du, eta hortik behera jaisten bagara, egindako marka ikaragarria izango da».

Saioa non erabaki daitekeen gauzak ez daude garbi, bakoitzak bere iritzia baitauka. «Gakoa enborretan egongo da. Bakoitzak korrika zenbat egin dezakegun badakigu, baina aizkoran enborrak nolakoak diren ikusi beharko da», dio Julen Kañamaresek. «Ez dakigu nolako enborrak ekarriko dituen, baina gu gogorrekin, eta bigunekin, biekin prestatuta gaude», dio Arkaitz Jauregik. Arriak, berriz, apustua korrika saioan erabakiko dela uste du. «Nik garbi dauka korrikan erabakiko dela. Aizkoran atera daitekeen aldearekin ez dut uste erabakiko denik. Korrikan lan handia dago, eta nire ustez, hor erabakiko da», esaten du Arriak. «Gaur egun enborrak nahi bezalakoak eramatea oso zaila dago, baina saiatu naiz onak eramaten. Ez dira markak egiteko horietakoak izango, baina garbiak bai», erantsi du errezildarrak.

Azken ordura arte

Kañamaresek eta Jauregik nola lan egingo duten ez dute azken unera arte argi tu ko. «Guk badakigu nola egingo dugun, baina gainerakoek plazan ikusiko dute. Ordura arte gordeko dugu», dio Jauregik. «Garbi daukagu aizkoran ezin dugula alderik galdu, ahal bada bere parean edo aurretik iritsi behar dugu azkeneko probara», gaineratu du aizkolari arabarrak.

Arriak ere badauzka bere burutape nak. «Garbi dago bera aurreneko kana-erdikoan oso indartsu abiatuko dela, gero atsedena daukalako, baina eroa bezala ezin da hasi, hamar moztu behar dituelako. Aizkoran bigarren ateratzen denak ere, segur aski, hasieran jo egingo du, eta korrikan bigarren txandan sartzen denak ere bai. Buruarekin ere lan egin beharra dago», dio aizkolari errezildarrak.

Marken kontuari buruz asko hitz egin da, baina Arriak gauzak garbi utzi nahi ditu. «Hemen ez doa inor marka bat egitera, apustu bat jokatzera baizik, eta nire aurreneko helburua apustua irabaztea da, eta beraiena ere horrelaxe izango da. Gero horrekin marka egiten badugu, primeran, baina nire kasuan hasierako helburua irabaztea da», baieztatu du aizkolari errezildarrak.

Apustua ikusteko ordaindu beharko denaren gainean ere esames ugari zeuden, baina lehiakideek hori argitu nahi izan dute, eta 35 euroan egongo dira sarrerak salgai. Zer-nolako apustua den kontuan hartuta, ezin esan garestia denik, eta alde horretatik ez da aitzakiarik izango. Ikusmin handia dago.

Bihar igandea Tolosan apustu berezia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.