Abuztuaren 3an hartuko du erretiroa Markel Irizar txirrindulariak

Abuztuaren 3an hartuko du erretiroa Markel Irizar txirrindulariak –

Mikel Iturriak, Harrikadak blogean.

Hamasei urteko ibilbideari agur esango dio Oñatiko txirrindulariak abuztu hasieran. 7k aldizkarian kaleratutako elkarrizketa aipagai.

Igandean Gara erosi nuen eta 7k aldizkariak azalean Joseba Iturriak Markel Irizarri eginiko elkarrizketa zekarren. Bizipoz ezizenez ezaguna da oñatiarra eta Donostiako Klasikoa korritu ondoren agur esango dio 16 urteko ibilbideari. Ez dut haren karrera gertutik jarraitu, baina badakit gregario ona izan dela, zaleek asko estimatzen duten horietakoa, gainera.

Markel Irizarrek emandako erantzun batzuk itzuli ditut jarraian, baina lehenik eta behin bera agertzen den Marea Naranjaren bideo labur bat ipiniko dut.

Zabaldu parentesia. Marea Naranja egitasmoaren xede nagusia Euskaltel Euskadi taldearen historia kontatzea da. Irailean emango dituzte xehetasun gehiago plazaratu nahi duten liburuari buruz. Itxi parentesia.

Aitaren heriotza

Aseguru eta bidai agentzia bat genuen eta aitak jendetasun handia zuen eta oso ondo zihoakigun. Baina egoera okertu egin zen: bulegoan apenas egoten zen, bazkari eta afari mordoa… Alkoholarekin arazoak zituen eta bere buruaz beste egitea erabaki zuen. Nik topatu nuen (Markelek 18 urte zituen), balkoitik egin zuen salto eta niri tokatu zitzaidan egoerari aurre egitea: Ertzaintzari deitzea, familiari (…) Asko ikasi nuen prozesu horretan eta ez dut inolako gorrotorik aitarekiko.

Alaitz

Elkar ezagutzen ari ginela, nobio hasiberriak, gaur egun nire emaztea den Alaitzekin joan nintzen afaltzera. Aitarekin bizitutakoa kontatu nion eta Alaitzek esan zidan berak 4 urte zituenean GAL-ek berea hil ziola (Xabier Perez de Arenaza, 1984ko martxoaren 23an) Miarritzeko gasolindegi batean. Bi seme/alaba bakar elkartu ginen, alargundutako bi amekin, modu dramatikoz betetako motxila soinean. Asko ikasi dut Alaitzengandik; buelta eman eta uneaz, bizitzaz gozatuko genuela erabaki genuen. Gure seme-alabek txiki-txikitandik dute suizidioaren, alkoholaren, indarkeriaren… berri. Jakin badakite Aitona Xabi nola hil zen, erakutsi diegu ez dela inor gorrotatu behar, besteen ideologiak errespetatu behar direla, eta gure gizarteak garai bateko akatsetatik ikasi behar duela datozen belaunaldiek geure gurasoek eta guk geuk pairatutakoak ez errepikatzeko.

Minbizia

2002ko irailean okertu zen gauza, Goierriko Itzulian koskorra atzeman zidatenean. Hasiera batean ez zen hainbesterako, baina pixkanaka aldrebestu zen egoera. Lehenik eta behin esan zidaten barrabila galduko nuela, aztertu beharra zegoelako. Txarra zela esan zidaten, baina kimioterapiaz libratuko nintzela. Gero ezetz, ez nintzela libratuko (…) Bakar-bakarrik joan nintzen urologoarengana, itxura txarrik ez zuelako, baina shock-ean geratu eta lur jota bueltatu nintzen. Alaitzi esan nion ulertuko nuela berak ni utzi nahi izatea. Hil ezkero, ez nuen nahi hura “X-en alarguna” eta “X-en alaba” izatea (…) 2003ko otsailaren 1ean pasa nuen azken kimioterapia saioa. Maiatzean auto batek harrapatu ninduen, baina hilabete bukaeran hasi nintzen berriro lehiatzen eta ekainaren 3an, gurasoen zilarrezko ezteiak ziren egunean bertan, erlojuz kontrako Gipuzkoako txapelketa irabazi nuen.

Beste susto bat

Nire lehen Vueltan (2005), dopatzearen aurkako odol-kontrol batean, zerbait arraroa atzeman zuten. Etxera bidali ninduten eta konturatu ziren aortaren alboan tumorea nuela. Sabeletik beheraino zabaldu ninduten. Ona zen eta aurrera egin nuen, baina susto ikaragarria izan zen.

Laisekaren aholkuak

Euskaltel taldean asko markatu ninduen Roberto Laisekak. Lehen afarian nire aldamenean eseri eta esan zidan: ‘Hi, hiru aholkua emango dizkiat. Lehena, inoiz ez kexatzea’. Trek taldean diote hori dela Markelen lehen araua, ez kexatzea; edozein tokira bidalita ere, kexarik ez. Emandako bigarren aholkua zerbaitetan ona bihurtzea izan zen: ‘Esprinterra ez bahaiz, eskalatzailea; gainerakoan, bidoiak eramaten’. Saiatu naiz gregario ona izaten, taldea animatu eta kapitainaren rola betetzen. Eta hirugarrena: ‘Ez bota dirua autotan eta erosi etxebizitza bat. Bizikleta utzitakoan edo profesionaletan hamar urte betetzerakoan, etxebizitza baten jabe bahaiz, aurreko bi arauak ondo bete ditualako izango da’. Hitzez hitz bete nituen.

Abuztuaren 3an hartuko du erretiroa Markel Irizar txirrindulariak
Argazkia: Conny Beyreuther 7K-rentzat (Gara).

Hiru seme-alaba

Seme-alabak izatearekin obsesionatuta nengoen eta, gutxienez, hiru nahi genituen. Uste dut planto egingo dugula (…) Etxean hiru arau idatzita ditut (jatorrizkoan euskaraz): ‘Familia honetan ez da anai arteko liskar, haserre eta errespetu faltarik onartuko’; ‘Pertsona baten ezaugarri garrantzitsuenak errespetua eta edukazioa dira’; ‘Familia eta lagunak altxor bat dira. Zaindu ditzagun’. Azkena aitarena da. Gaizki jokatzen dutenean, irakurtzeko esaten diet. Eta nire filosofia da beti egon beharra dagoela ahularen aldamenean. Edozein mugidatan behartsuena babestea gustatzen zait, esku bat botatzea.

 

Donostiako klasikoa

Topera prestatu dut nire burua ondo amaitzeko eta, Igeldon nagoela, zalegoarekin gozatu ahal izateko. Horregatik erabaki genuen Donostian agur esatea, nire jendearen aurrean. Klasikoaren ondoren, taldekideekin Oñatira etorriko gara, bizikleta eskegi, afaldu eta parranda botako dugu  (…) Zaleek merezi baino gehiago estimatu naute. Ondo baino hobeto portatu dira eta eskertuta nago oso. Askotan esan izan dut: ona izan gabe, ona izan banintz bezala maitatu naute. Horregatik da polita etxean agur esatea, nire jendearekin.

.

Elkarrizketa oso-osorik irakurtzeko, Markel Irizar: «Si algún día a alguno de mis hijos les dicen que su padre fue una buena persona, será más importante que decir que gané veinte monumentos».

Abuztuaren 3an hartuko du erretiroa Markel Irizar txirrindulariak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.