Dominika: Bisaia

Dominika: Bisaia

jauzia

Sar hitzaDominika MendiboureBisaiaJauziaZergatia

Bisaia


DominikaDominika Mendibourek 53 urte ditu eta Kanbon sortua da 1961ean, abenduaren 4ean. Lau anai-arrebetan ttipiena da; bi zaharrenak bixkiak dira eta besteak berriz, berak baino urtebete gehiago besterik ez du. Kontatzen digunez, bai Laurence ahizpak eta bai Jean anaiak, hala dute izena paper ofizialetan, baina etxean, beti deitu izan dira euskaraz, Loranx eta Manex. Etxean, beti euskaraz, paper ofizialetan ez bezala, euskaraz sortu eta hezi baitziren anai-arreba guztiak.

Aita Bidarraikoa zuen, eta ama berriz, Erratzutik, Baztanetik etorria. Bi gurasoak, familia xumeetatik eratorriak dira. Leku ezberdinetatik (Bidarrai eta Erratzu), baina biak baserriko familia xume batzuetatik. Aitaren familiak eta baita amarenak ere, kontrabandoaren garapena bizi izan zuten eta baita parte hartu ere. Garai horretan, izan ere, Espainia eta Frantzia banatzen duen mugaren bi aldetako familietan eta etxeetan, ohikoa zen kontrabandoaren bitartez sos piskat egitea.

Kontatzen digunez, bere ama ez da sekula eskolara joan, ahizpa zaharrena bakarrik joan zedin zegoen dirua eta hala, gainontzekoak, gaztetxo gaztetxotik baserrian lanean aritu ziren. Ahizpa nagusia eskolara joan zedin, anai-arreba guztiak ibiltzen ziren etxean lan eta lan. Baina zoritxarrez, horrek erran nahi du, Dominikaren amak ez duela inioiz ikasi idazten ezta kontatzen ere. Hizkuntza aldetik ere, soilik etxeko hizkuntza ikasi zuen: Euskara. Espainolera eta Frantseserari dagokionez, halabeharrez hitz batzuk ikasi eta erabiltzen ditu baina nekez.

Beraz, ikus dezakegun bezala, baserriari loturik izan da Dominikaren bizia ttipitatik. Bera sortu zenean, gurasoek baserria hartua zuten Kanbon. Baserria hartua zuten, lanaren truke, izan ere maizterrak baitziren. Baserriak diru gutti ekartzen zuenez, bere aitak Kanboko baratze batzuetan ere lan egiten zuen eta amak berriz ostatu batzuetan, sukaldean eta garbiketak egiten. Dominikak azpimarratzen digu ere, etxean haurren hezkuntzaz eta etxeko lanetaz, ama zela arduratzen, garaiko gizartearen normak betez.

Baina, Dominikak 5 urte zituela, gurasoek etxez aldatzea erabaki eta, Bidaxunen, Baxe Nafarroako punttan, artzain izateko proposamena jaso zuten, bertan ere, maizter gisan aritzeko. Familia guztia mugitu zen bertara, eta artzain maizter moduan aritu ziren lanean. 400 ardi inguru zituen etxalde bat berriz hartu zuten, baina bertan ere ezinezkoa zuten diru minimo bat aurreztea, produkzioaren erdia etxaldearen jabeari eman behar baitzioten.

Dominikak esaten digunaren arabera, Bidaxunen haurtzaro biziki polita eta zoriontsua bizi izan zuen, berak dioen moduan “askatasunean” hezi baitzen. Bidaxunen pasatako haurtzaroa kontatzen digularik, oroitzapen onak heldu zaizkio, bere anai-arreba eta lagunekin bizitako abentura ezberdinez oroitzen denean, alaitasuna sentitu eta transmititzen digu.

Hezkuntzari dagokinez, auzoko eskola ttipi batean egin zituen lehen pausuak. Izan ere, garai hartan, auzoetako eskoletara joan zitekeen 12 urteak arte, ondoren herri zentoran zegoen eskolara joan arte: Bidaxuneko kolegioa. Dominika, Bidaxuneko auzo ttipi bateko eskolara joaten zen 12 urteak bete arte, “Bataneko eskolara” hain zuzen ere.

Dominika Bataneko eskolan
Dominika Bataneko eskolan, goitik hasita bigarren lerroan eta ezkerretik hasita laugarrena.

11 urteak arte izandako irakasleaz eta eskolaz, oroitzapen biziki ona du Dominikak, debekaturik zeuden Errusiar abestiak, bestelako kondairak… erakusten zizkiela dio, beharrezkoak ziren gaiez gain. Klasetik kanpo ere zer ikasi bazela eta, askotan ateratzen zituen irakasleak oihanera, orientazioa, zentzua eta zenbait jolas ikasteko asmoz. Baratza ere bazuten eta larunbat eta igandetan, kirola egitera eramaten zituzten irakasleak eta honen senarrak. Ongi gogoratzen da Dominika nola elkartzen ziren beste baserrietako haurrak saskibaloi txapelketak egitera. Hala ba, berak dio oso heziketa berezia izan zutela eta benetan aberatsa izan zela beretzako, eta horrek anitz ekarri ziola berari, beste pentsamolde bat garatzerako garaian. Gainera irakasleekin sorturiko harreman estu hori mantendu egin zutela dio, eskolatik joatean ere, eskutitzen bidez idazten baitziren elkarri.

“Bataneko eskola”-ren pasartearekin bukatzeko, azpimarratzen du inoiz ez dela baztertua izan euskaldun izateagatik, are gehiago, eskolan bere lagunek eta baita erakasleak bazekiten, Dominika eta bere anai-arrebak laborariak eta euskaldunak zirela eta hala denak berdin eta errespetuz tratatuak izan ziren.

Euskara eta euskal kulturari dagokionez, Dominikak kontatzen digu, 5 urte zituela, Bidaxunera iritsi zirelarik, etxeko hizkuntza euskara zirela, eta etxeko ohiturak ere euskaldun ohiturak (abestiak, fandangoak, txerria hiltzeko manera ….). Beraiek naturaltasuna handiz bizi zuten baina aipatzen digu kanpotik heldu zen jendea askotan harriturik gelditzen zela.

Hizkuntzaren ildotik segituz, ama eskolara joaten zelarik, beraiek beste haurreri euskaraz egiterako garaian, denek harriturik begiratzen ziotela erraten du, are gehiago, inoiz edukazio txarrekoak zirela leporatu ziela ere erraten digu Dominikak. Baina lehen erran bezala, horiek naturaltasunez bizi zuten euskaraz aritzearena, beraien hizkuntza zen, etxekoa, eta sekulan ez dute zalantzan jarri hala ez zenik.

Dominika Bidaxuneko kolegioan
Dominika Bidaxuneko kolegioan, lagun batekin.

Orduan sentitzen du lehenengoz Dominikak, bideoan esaten digun moduan galdua egotearen sentsazioa. 12 urterekin Kolegiora joatean, haur gehiago eta eskola ttipiko babesik gabe, deseroso sentitzen hasi zen. Euskaldun izateagatik, trufak jasan izan behar izan zituzten eta hala, lehen aldiz konplexua sentitu zuen. Trufak eragina izan zuen bere ingurune hurbilean eta adibide konkretu bat aipatzen digu: bere anaiak berak eskatu zion, eskolan “Jean” deitzeko eta ez “Manex” etxean bezala, eta horrez gain, besteen aitzinean berarekin frantsesez aritzeko exijitu zion, haserreturik.

Dominikak dioen bezala, bere izatea aldatu beharra nabaritu zuen garai horretan, “handitzen ari eta nire izaera gorde beharra” esaten digu halako sumintasun batekin. Lotsa izatearen sentsazioa azpimarratzen du, nahiz eta nongoa zen galdetzen ziotenean, berak betidanik euskalduna zela erantzun zuela erraten digun. Dominiak, behin eta berriz errepikatzen du bere euskalduna izatearen harrotasuna baina era berean kolegioan bizi izan zituen trufek min egin ziotela aitortzen digu. Garai horretan, Euskal Herrian bertan, Bidaxunen, Baxe Nafarroan, Euskara aldarrikatzen ez zen ezaugarri bat zen, baizik eta trufak edota irainak ondorioztatzen zituen kausa.

 

( jarraitu… )


Sar hitzaDominika MendiboureBisaiaJauziaZergatia

jauzia


Dominika: Bisaia bisia bisaia bisaia bisaia bisaia bisaia

 

GAL, gatazka, historia, jauzia, Jauzia proiektua, memoria kolektiboa
Ibai Agirrebarrena

1989 Bidaxune (Baxe Nafarroa) - JAUZIA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude