Jasone Agirre: “Gure proposamen guztietan herria jartzen dugu aurretik”

Jasone Agirre: “Gure proposamen guztietan herria jartzen dugu aurretik”

Etziko hitzorduari begira, irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak, abertzaletasuna bizi eta ulertzeko bi modu nagusien ordezkari diren bi lagunekin izan da ZUZEU; EH Bilduko Jasone Agirre eta EAJ-PNVko Joseba Egibarrekin.

Jasone Agirre: "Gure proposamen guztietan herria jartzen dugu aurretik"
Jasone Agirre, ezpainak gorri-gorri.

Jasone Agirre ETBko albistegietatik genuen ezaguna, harik eta politikagintzara salto egin eta Bizkaiko EH Bilduko zerrendaburu aurkeztu zaigun arte. 1968an Abadiñon jaiotako kazetariak telefonoaren bestaldetik erantzun ditu gure galderak.

Kazetaritzatik politikagintzara egin duzu salto. Zerk bultzatuta?

Aldaketa handi bat da, eta hauteskunde kanpaina honetan ikusi dut, plazarik plaza, jendeak kriston indarra eman didala; Eh Bildun badakite ondo lan egiten-eta. Jendea etsita zegoen eta konturatu da orain dela momentua buelta ematekoa, piztu egin da. Eta nik ere sentitu dut zirt edo zart egin beharra, erakartzen ninduen momentu erabakior honek. Nik, nire aldetik, erakundeetan sekula ez, baina politika bizitza osoan egin dut, mugimendu feministan, euskararen aldekoan, herriko komunikabideetan, sindikatuan edo kultur erakundeetan, hori ere politika da. Eta ezin ezetzik esan jaso nuen eskariari, konpromisoagatik. Ni ere erakartzen nau egungo momentu erabakior honek, sentitu dut zirt edo zart egin beharra.

Arnaldo Otegiri lehendakarigai izatea debekatu zaionean, EH Bilduk beste inor izendatu ez izana erabaki egokia al da?

Arnaldo Otegi ez da izango lehendakarigai Espainiako legearen inposaketa jasan behar izan dugulako, baina gure erreferentzia nagusia da. Beste inor ez izendatzean asmatu dugun… ez dakit, ni ez naiz estratega. Baina pozik gaude hartutako erabakiarekin, gauzak egiteko modu bat erakusten du-eta. Orain bat beharrean hiru gara, EH Bilduk jende mordoa baitu lehendakarigai izateko kapaza dena. Aberasgarria da perfil ezberdinak izatea; aurpegi gehiagorekin aukera gehiago ditu boto emaleak. Gu hirurok, gainera, oinarriek aukeratuta gaude, eta horrela izango da lehendakarigaia nor izango den erabakitzerakoan ere.

Zeintzuk dira EH Bilduren lan ildo nagusiak datorren legegintzaldirako?

Gure proposamena hiru ardatzetan oinarritzen da, eta elkarri lotuak daude hirurak. Bata arlo soziala da; aurrera egin beharra dugu nahi eta nahi ez. Jendeak jaiki eta gura duena da frigoa zabaldu eta beteta izan; eta lan duin bat, ganorazko soldatagaz. Arlo soziala lantzeko murrizketen kontra jo behar dugu, lan erreformari ezetz esan. Gure asmoa 200.000 lanpostu  publiko berri sortzea da, eta horretarako fiskalitate berri bat behar dugu. Pentsio sistemari dagokionez, soldata duin bat bermatzea nahi dugu. Eta pentsio sistema propioa ez dugun bitartean,gehigarri batzuk ematea proposatzen dugu, 1080 euroko pentsiora heltzeko. Horrek dira arlo sozialean ditugun proposamen batzuk. Zein da arazoa, gauza askotan ezin dugula aurrera egin erabakiak hemen beharrean Madrilen hartzen direlako. Horrekin dago guztiz lotuta erabakitzeko eskubidea.

Erabakitzeko eskubidearen alde indarrak metatu nahian zabiltzate.

Aurrerapausuak eman beharra dugu. Legegintzaldi honetan, teorian bederen, erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo bat egongo da -2015erako kontsulta bat agindu zigun EAJk eta zain gaude, arlo honetan ez dute sinesgarritasun handirik-; eta akordio baterako aukera izan beharko genuke. Arlo sozialean, printzipioz, errazago helduko gara Podemosekin. Oinarrian dugu akordiorako proposamena. Batzuk zain daude, hauteskundeen emaitzaren arabera nork norekin botere banaketa egiteko, eta guk proiektuaren arabera egin nahi ditugu akordioak. Aurreko legegintzaldietan etxebizitza legea eta udal legea onartu ziren horrela, gero Madrilek errekurritu dituen arren.

Bakegintzarako erabakiorrak izango dira hurrengo lau urteak?

Bakegintzan benetako urrats ausartak egin behar ditugu bakegintzan, aurreko aroa behin betiko ixteko, eta gure ardurak izan daitezen sozialak eta erabakitzeko eskubidearen ingurukoak. Eta ezin egin daiteke Frantzia eta Espainiako kartzeletan sakabanatuta laurehun preso diren bitartean. Gaitzespena, “condena” berba famoso hori urri gelditzen da; berriro gertatu ez dadin oinarri sendoak jarri beharra dugu, biktima guztien onarpena eman behar da, presoen eta gaixorik diren presoen gaia konpondu. Zauriak ixten joan eta behingoagatik amaitu.

Bi ereduren arteko talka ikusten da hauteskunde hauetan.

Bulegoetan egiten den politika dago batetik, eliteei eta interes konkretuei erantzuten egiten dena, eta herri honi aurrera joaten uzten ez diona. Egonkortasuna deitzen diote batzuek, “egonkorkeria” deituko nioke nik, inori ez baitzaio komeni herri moduan geldirik egotea. Bestetik, badago horrela ezin dugula jarraitu ikusten duen eredua, eta badira proposamenak. Iruzur fiskalari eskua sartu behar zaio, fiskalitate berri bat ezarri gehiago duenak gehiago ordain dezan… horrelako politikekin badago herri moduan aurrera egiterik, dirua lehentasunetarako, premietarako erabilita, eta ez AHT-n. Borondate kontua da.

Izango dute EAJ eta Ahal Dugu-k borondaterik EH Bilduk luzatu dion eskua heldu eta akordioetara heltzeko?

Herri moduan ditugun proiektuak jarri ditugu interes partidisten gainetik, eta herri moduan aurrera egiteko, nahi eta nahi ez adostasun batzuk beharko ditugu indar politiko nagusien artean. EAJrekin erabakitzeko eskubidearen arloan lor genitzazke akordioak, eta arlo sozialetan aurrera egiteko ere onuragarriak izango lirateke. Gurea herri proiektu bat da, herria jartzen dugu aurretik gure proposamen guztietan.  Eta erakutsi dugu bagarela gai prest dagoenarekin akordioetara heltzeko.

Hauteskunde hauetan, eta EH Bildun bereziki, emakumeen presentzia nabarmendu da.

Harrotasuna ematen dit horrek. Gurean, polita da hiru zerrendaburu izatea, eta beste zerrendetan ere asko gara andrazkoak. Mundua ikusteko beste modu bat dugu, osagarria. Hauteskunde kanpainak adibidez, nortzuengandik eta nortzuentzako antolatuak izan dira? Derrigorrez hamabost egunekoak behar dute izan? Badakit gizonezko guztiak ez direla berdinak egun, baina… etxean inolako ardurarik ez dutenek diseinatuta daude, goiz eta arratsalde gelditu barik hamabost egun! Gure esku baleude beste modu batera antolatuko genituzke. Gure ikuspegia beharrezkoa eta aberasgarria da, baita erabakiorra ere. Eta feminismoa eramango dugu legebiltzarrera, harro gainera.

Gaur egun, hauteskunde kanpainek balio dute zerbaitetarako?

Begira, niri balio izan dit maila pertsonalean, asko, lehenengo eta behin jendearengana heltzeko modu bat delako. Ahalegina egin dut nire diskurtsoa beste modu batera egin eta gauzak esateko beste modu bat bilatzen, eta erantzun ona izan dudala uste dut. Jendea hurbildu egin zait eta horrek entxufatu egiten zaitu; asko hartu dut eta pozik nago.

Nolakoa da amesten duzun Euskal Herria?

Etorkizuna emakumea, langilea eta euskalduna izango zela esan zuen aurrekoan Otegik, eta nik esango dizut gizon-emakumeena, gazte eta nagusiena, euskalduna eta langilea izango dela; arlo guztietan, izan lantokian zein kalean. Herri libre eta zoriontsu bat lortzeko aurretik lan asko dago egiteko. Euskal Herri zoriontsu bat irudikatzen dut.

Jasone Agirre: “Gure proposamen guztietan herria jartzen dugu aurretik”
eh bildu, Hauteskunde kanpaina, irailak 25, Jasone Agirre
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Jasone Agirre: “Gure proposamen guztietan herria jartzen dugu aurretik””-ri buruz

  • PODEMOS BIL(IZQUIERDA UNIDA,AMHER.....)DU esapañolak 2016-09-24 18:19

    Biek abertzaletasunaz auteskueetan soilik gogoratzen dira abertzaleon bozka eskuratzeko, auteskudeetatik kanpo euren kezka nagusiak ez dira ez abertzaletasuna, es euskara eta ez GURE HERRIA.
    Bilduren birakada sekulako traizioa izan da gure herriari, abertzaletasunari eta euskarari, gure herrietan auteskundeak datozela eta aspaldiko ordezkarien argazkiak atera dituzte jendea engainatzeko edo, baina euren lana ondo ezagutzen dugu.
    PNV k hamarkadak da ez duelako gure herriarekiko kezka monimorik iada.

    Alderdi abertzale baten zain
    PODEMOS BIL(IZQUIERDA UNIDA,AMHER…..)DU

  • Ezin dira gure lurraldean gutxiengoa bilakatzen gaituzten politikak hartu eta gure herria aurretik jartzen duzuela esan, gezurti batzuk zarete.
    Laister gure lurralde propioan euskaldunak ameriketako indioak bezela %3 a izango gara, agian gutxitzen ari garelako axola zaizue ain gutxi gure herria eta beste batzuen bozkaren bila zoazte urte hauetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude