Zer egin bikotekidea topatzeko?

Zer egin bikotekidea topatzeko? – 

Azken urteotan ligatzeko erak erabat aldatu dira, teknologiak ate asko zabaldu baitizkigu bikotekidea bilatzerako orduan. Are gehiago, gure gurasoak gazteak ziren garaiarekin alderatuz, non komunikazio era bakarra aurrez aurreko kontaktura mugatzen zen, gaur egun eskura ditugun baliabide anitzek hainbat kilometrotara bizi diren pertsonak ezagutzeko aukera eskaintzen digute. Hala ere, zen da ligatzeko modu eraginkorrena? Egungo baliabideek luzerako iraungo duen bikotekide bat aurki dezagun ahalbidetzen dute?

Lehenik eta behin, esan beharra dago, aurrerapen teknologikoekin batera, gizarteak aurrera egin duela eta, orokorrean, maitasuna ulertzeko modua asko aldatu egin dela. Izan ere, instituzio erlijiosoak barreiatzen duen bikotearen iraungarritasunaren ideia, gutxinaka, desagertuz joan da, pertsona ezberdinak trabarik gabe ezagutu ditzagun ahalbidetzen duen faktorea. Edozelan ere, arrazoi ezberdinak direla eta, jende askorentzat ligatzea lan zaila izan daiteke eta ondorioz, gizarteak pertsonongan bikotekidea bilatzeko ezartzen duen presioak desesperaziora eraman gaitzake. Hori dela kausa, bikotekide bila dagoen jendearentzat erabilgarria izango delakoan, ezinbestekoa da ligatzeko aukera ezberdinak azter eta proposa ditzagun.

Aurretiaz adierazi dudan legez, teknologia berriek aukera anitz eskaintzen digute pertsona berriak ezagutzerako orduan, azken boladan ligatzeko xede nagusia duten hainbat aplikazio sortu dira eta; beste batzuen artean, Tinder, Grinder eta Meetic. Bikotekidea bilatzeko diseinatuak izan diren aplikazioez gain, gehien erabiltzen diren Instagramek edo Facebookek pertsona berriak ezagutzea ere ahalbidetzen dute eta hortaz, jende asko hauen bitartez bikotekidea bilatzea parada ona delakoan dago. Nolanahi ere, aplikazio hauek jende mordoa ezagutzeko aukera ematen duten modu berean, nahiko arriskutsuak izan daitezke, batez ere, beste pertsonaren identitatea egiaztatzeko zailtasuna dela eta. Horrez gain, distantzia iragazkirik erabiltzen ez baduzu, litekeena da urruneko bikotekidea topatzea. Horrek distantzia-harremanak sortzeko arriskua dakar. Epe ertain edo luzera areagotzen direnak, hain zuzen.

Hitz gutxitan, teknologia berriek bikotekidea bilatzeko aukera paregabea eskaintzen badute ere, hauek ekar ditzaketen arriskuez kontziente izan gaitezen ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, nahiz eta sare sozialetan oso interesgarria dirudien pertsona batekin topo egin, aurrez aurre ezagutu dezagun ezinbestekoa iruditzen zait. Horretarako, kalera atera gaitezen, herriko jaiez goza dezagun eta bide batez, euskaraz ligatzeko zein pertsonak ezagutzeko eta hauez gozatzeko aukera aprobetxa dezagun!

Zer egin bikotekidea topatzeko?