Zer dakizu “DACIA” eta bere arrakastari buruz?

Zer dakizu “DACIA” eta bere arrakastari buruz? –

iturria: Dacia.es

Dacia aipatzen badut, zer datorkizu burura? Ziurrenik auto marka, ezta? Edo agian ez duzu ideiarik. Ba, artikulu honen bidez horren berri izango duzu, izan ere horretaz arituko naiz gaurkoan. Dazia erromatarrek asmatutako izena da. Portugal “Lusitania”, Espainia “Hispania”, Frantzia “Galia” edo Suitza “Helvetia” deitu zuten bezala, Errumaniari “Dacia” izena eman zioten. Errumaniar bati galdetuz gero, hori bai, “Datxia” ahoskatuko du.

Dacia automobil-etxea 1968an sortu zen, garai hartako Nicolae Ceauçescuren erregimen komunista agintean zenean. Herrialdea industrializatu eta nagusi zen animalia trakziotik, trakzio automatizatura iragatea zen asmoa. Gutxi gora behera, Espainian, Franco garaian, Seat-ekin egin zen moduan, gizartea motorizatu nahi izan zuten. Autoak sortzeko, jadanik teknologia arrakastatsua zuen automobil enpresa baten lizentzia erostea erabaki zuten. Eskaintza hainbat markek egin zioten Errumaniako gobernuari. Azkenik Renaultekin egin zuten tratua errumaniarrek, eta R-12 modeloaren prototipo bat ekoizten hasi ziren: Dacia 1310. Dacia 1310 modeloa izan da Errumaniako enpresa honen modelo enblematikoena (Espainiako 600aren parekidea). Orduz geroztik, Renault automobil-gamatik eratorritako modeloak ekoitzi izan ditu. Fabrika nagusia Bukarestetik 100 bat kilometrora dago.

Zer dakizu "DACIA" eta bere arrakastari buruz
Iturria: www.autocasion.com

1999an, Renaultek Dacia erosi egin zuen, garatze-bidean zeuden herrialdeetan auto merke bat saldu ahal izateko. Orduz geroztik, Renault taldearen barruan dago Dacia. Gaur egun, talde osoaren salmenten %30 dira marka honetakoak. Seat edo Škoda-rekin (Txekiako ekoizlea) gertatu zen antzekoa gertatu zen. Hau da, automobil-etxe hauek egoera finantziario eta teknologikoa oso oparoa ez zenean, enpresa handiago batek erosi. Seat eta Škodaren kasuan, Volkswagen-ek erosi zituen. Seat, Škoda hala nola Daciak bizirautea lortzeaz gain, prestigioa irabaztea lortu dute. Garai batean inork ez zuen horrelako auto batean ezagunek ikustea nahi. Gaur egun, ordea, erabat onartua eta normalizatua daude marka hauek. Are gehiago, garai batean bere lurraldera mugatuak zeuden eta gaur egun unitate gehiago saltzen dituzte beren mugaz bestalde. Europako kale eta errepideetan fijatuz gero, honetaz konturatu zaitezke.

Dacia Duster: características y modelos - Motor16
Iturria: www.motorbide.es

Baina Dacia-ren kasua agian ikusgarriagoa da. Azken 10 urteotan merkatuan izan duen penetrazioa izugarria izan da (2019an ia 600.000 auto saldu zituen). Auto sinple -tontakeria gutxirekin- eta kalitate/prezio harreman egokiari esker, nonahi ikus ditzakezu Dacia modeloak gure kaleetan. Japoniako markekin batera, gorakada handiaz gozatu du. Marka japoniarrek, ordea, urte asko daramate hedatzen. Dacia-ren fenomenoa berriagoa eta bat-batekoagoa da, dagoeneko merkatu lehiakor eta markaz gainezka den honetan.

Errumaniar asko daude Euskal Herrian gure artean bizitzen. Nazionalitateka, agian, komunitate zabalduena da gurean (uste baino gehiago, errumaniar asko ez baitzenuke ezberdinduko euskal herritar batengatik, denek ez baitute ijito itxurarik). Askok Errumania ez dute elementu positiboekin lortzen. Dacia, ordea, errumaniarrak harro egoteko motiboa da. Hori bai, segur aski Renault erraldoiak Errumaniako eta garapen bideko beste herrialdetan dituen lantegietan (Daciak produkzio plantak ditu Marokon), bertako langileen soldata baxuez probetxu ateratzen du. Aurreko artikulu batean  azaldu nuen bezala, ohikoa den produkzio-deslokalizazioaz baliatzen dira, gure ekonomian ere eragina duelarik (gure herrian lantegiak itxi beste nonbait irekitzeko).. Espero dezagun, behintzat, garapen bideko herrialdeetara (Errumania eta Marruekos kasu honetan) ongizatea heltzea. Besteak beste, horrela derrigorrez emigratzera behartuak egon ez daitezen.

Zer dakizu “DACIA” eta bere arrakastari buruz

Ignacio Jimenez

Inazio deitzen naiz eta nahiz eta Bilbon jaio nintzen, Logroñon bizi izan nintzen hamaika urtetaraino, gero Bilbora itzuli nintzen. Iaz Sarrikoko unibertsitate ikasketak bukatu nituen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude