Zenbat aldiz … ?

Zenbat aldiz … ?

Zenbat aldiz ... ?

Zenbat aldiz esan dizute ez duzula talenturik? Zenbat aldiz sentitu zara babesik gabe? Zenbat aldiz esan dizute ikasi edo benetan egin nahi duzun horrek etorkizunari begira ez duela inolako irteerarik?

Agian guzti honen arazoa ez da zenbat aldiz galdetu dizuten, baizik eta zenbat min eragin dizuten erantzunik bueltan espero ez duen horrelako galdera bat eginez. Askotan, errealitatea mozorratzen saiatzen bagara ere, betidanik egon dira nola edo hala geure bizitza bideratzen saiatu diren pertsonak. Geure aukeraketan, geure iritzi propioa ez ezik, beste batzuena ere entzuten eta askotan horrek esaten duena betetzera ohitu gaituzte “berebiziko aukera” zelakoan. Esaterako, zenbatetan entzun behar izan dugu benetan azkarra denak zientzietako bidea hartzea duela erabakirik egokiena? Baina, halako “iradokizun” mingarriak zein mespretxuzkoak botatzen dizkigutenak, zertan oinarritzen dira aukeraketa ezinhobea dela ziurtatzeko? Akaso geure nahiak eta desioak zeintzuk diren badakite?

Gizakiok geure heldutasun prozesuarekin batera, nortasunaren garapenari ekiten diogu. Beraz, zalantzaz beterik bizi garen aro horretan, hainbeste buruhauste eragiten dizkigunak, aurrera egiten saiatzen garenean baldintzatzen bagaituzte, akabo! Jada ez dugu geure zoriontasuna aintzat hartuko. Zergatik? Ba, kapitalismoan zein materialismoan murgilduta dagoen gizarteak baldintzatuko gaituelako, ez baitugu mundu guztia geure kontra ikusi nahiko…

Eraikitzen ari garen gizarte artifizial honetan, dirua dugu oinarri. Non geratu ote dira oinarrizko balioak? Aski da! Kateatu gaitezen eta aurre egin diezaiogun jarrera zentzugabe guzti hauei!

Bai, zu irakurle, gogora ezazu… borrokatu benetan egin nahi duzun hori egiteko eta lortzeko! Eta ez baduzu lortzen, zer? Ba, ez etsi! Zergatik? Arrazoiren bat behar duzu? Ibiltzen ikasten delako oinez!

Egia da bai, bidegabekeria hutsa dela zenbaki batek zeure etorkizuna mugatzea edo erabakitzea. Baina, gertatzen dena gertatzen dela, ez pentsa benetan balio duzuna zenbaki batek neur dezakeenik!

Guzti hau noiz aldatuko den? Ez dakigu. Momentuz, geure esku dagoen guztia egiten saiatu beharko gara. Eskubideak defendatzen dituen gizartea eta gazteria izango baitira giltza edo euskarria.

“Itzali ezin diren ahotsak…hitzak dira arma!”

Zenbat aldiz … ?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude