Uribe Kostako aldizkaria: HIRUKA ezagutuz

Uribe Kostako aldizkaria: HIRUKA ezagutuz –

Tokiko hedabideak gure inguru hurbileneko hedabideak dira. Handiagoak diren beste webgune, irrati edo telebista horietan ematen ez duten informazioa jasotzeko aukera ematen digute. Gaur egun, webgune eta paperean heltzen zaizkigu. Betidanik izan dute bizirauteko erronka, izan ere, txikiak izanik, medio handiek baino baliabide ekonomiko mugatuagoak dituzte.

Beren funtzioa garrantzitsua da auzo eta herri mailan, auzotar eta herritarren arteko kohesioa hezurmamitzeko eta euren bizilekuaz ohartu daitezen. Euskal Herriko tokiko hedabideek, gainera, ahalegin berezia egiten dute euskararen alde lanean. Kasu batzuetan, eremu erdaldunak badira ere, euskaraz osoki argitaratzen dute informazioa. Txapela kentzeko moduko ahalegina egiten dute, kalitatezko publikazioa denoi helarazteko.

Artikulu honetan Bizkaiko Uribe Kostako eremuan argitatzen den HIRUKAri buruz arituko naiz. Bilboko itsasadarraren eskumaldean kokatzen diren herrietako gunea hartzen du: Erandiotik hasi eta Gorliz arte*, hain zuzen. Gutxi gorabehera 100.000 biztanle hartzen dituen eremua da. Bertan, euskaraz dakitenak %25 inguru dira eta egunero erabiltzen dutenak %5. Hala ere, 5.000 ale argitaratzen dituzte hilabetero, mota ezberdineko informazioa emanez (gertaerak, kirola, iritzia, kultura, gazteak…).

Ziortza eta Unax

Bertako arduradunekin egon naiz eta euren lana erakutsi dit. Galdera batzuei erantzun didate artikulu hau idazteko. Izan ere, haiek kazetariak dira eta ZUZEU ezagutzen dute, hala nola, ZUZEU bezalako medio batentzat artikuluak idaztea eta irakurleengana heltzea zer suposatzen duen.

HIRUKAko kudeatzailea den Ziortza Merinorekin bildu naiz, eta hurrengo elkarrizketa eduki dugu:

Mila esker Ziortza nirekin egoteagatik. Zuen leloa “prentsa euskaraz, pentsa euskaraz” da. Zer adierazi nahi duzue honekin?

Hirukaren zabalkundeari loturiko leloa da, horrekin adierazi nahi izan genuen euskarazko prentsa ez dela soilik euskaraz irakurtzeko irakurgai bat, baizik eta euskaldunok, eskualde honetako euskaldunok, bizimodu propioa dugula, euskaraz bizi garela, euskaraz hitz egin, idatzi, irakurri eta pentsatzen dugula alegia, eta hori da gure prentsa, gure euskal bizimoduaren parte bat.

Gaur egun jende gehienak pantailaren bidez irakurtzen du informazioa, baita prentsakoa ere. Zuen irakurleen artean nola irakurtzen da gehiago?

Gaur egun jende gehienak pantailaren bidez irakurtzen du informazioa, baita prentsakoa ere. Egia da azken urteotan teknologia berrien erabileraren hazkunde bat bizitzen ari garela, eta hori ere prentsan nabaritzen da. Bizimodu azkar batean bizi gara, eta teknologia berriek kontsumitzeko beste era bat ekarri digute, azkarra, bat batekoa, arina… prentsa kontsumitzeko joera hori mahai gainean dugu; gurean ere, garapen hau izan dugu eta gaur egun mugikor bidezko irakurketa areagotu da, digitalean %70 izatera heldu arte. Hala ere, papererean irakurtzeko joeraren hazkundea ezin dugu kontrolatu Hirukan, gure aldizkaria doakoa baita eta hortaz datu zehatzik ez dugu. Argi dugu gure banaketa sarean beti ditugula (gero eta gehiago) eskaerak, aldizkari gehiago uzteko eskaerak. Batez ere, 2021ean bi berezitasun ditugu: alde batetik formatoaren aldaketa, aldizkari formatoa: badirudi askoz erakargarriagoa dela eta horrek eskaeran hazkundea ekarri du. Bestalde, aurten etxez-etxeko bidalketarekin hasi gara harpidenunen artean, eta etxera bidaltzeko eskaera ere areagotu da. Beraz bai, digitalean hazkundea nabaritu dugu, baina gure aldizkaria paperean, patxadaz irakurtzeko joera ere hortxe dugu, apurka apurka digitalean irakurle gehiago ditugu baina gurean papera erreferentea izaten jarraitzen duela uste dugu.

Zergatik da garrantzitsua paperezko edizioa izatea?

Gure kasuan ohitura hori egon delako, eta hori izan delako jendeak nahiago izan duena: kontuan izan behar dugu gure artean paperean erreferenteak izan garela diseinu eta irudi grafikoen aldetik. Paperaren existentzia ere gure existentziaren ispilua da, edonon ikusi eta hartu daiteke Hiruka, ikusgai dugu han eta hemen, paperari esker.

Zein da interes handien pizten duen informazio atala?

Gaur egun, digitalean, eduki interaktiboek, argazki galeriek, bideoek,… irakurle asko erakartzen dute. Hedabide gehienetan errepikatzen den joera dugu hau. Horrexegatik edukien formatoa eta diseinuari garrantzi hndia ematen diogu, berriak emateko era berritzaileak bilatzen ditugu, irakurleen beharrekin bat egiten dutenak (arintasuna, erakargarritasuna): grafikoak, denbora lerroak, eduki interaktiboak… eta baita publizitatea lantzerakoan ere halakoak sortzen saiatzen gara. Adibide argi bat pandemiaren tratamentua dugu: HIRUKAk formato bereziak sortu ditu, mapa interaktiboak, grafikoak… horiek aipamen bereziak jaso dituzte.

Bestalde ere, tokiko komunikabidea garen heinean, bertoko pertsonak, jende ezaguna ateratzen dugunean, badakigu horrek asko erakartzen duela, gure ondoan bizi direnen berri ematen dugulako, herri komunikabidea garelako.

Nola burutzen duzue lana? Kolaboratzaile eta langile asko dituzue?

Gure erredakzioan 3 kide daude, 2 kazetari eta ikus-entzunezkoetan aditu bat: horiek garatzen dituzte HIRUKAren edukiak, eta horiekin elkarlanean, gure kolaboratzaileak ditugu, 30 bat inguru. Kolaboratzaileak adituak dira gai zehatzetan, edo gai zehatz batean ibilitakoak dira.

Horrez gain, HIRUKA komunikabide zabal bat da, parte hartzailea, herrietako edozeinek parte har dezake HIRUKAn. HIRUKAk Komunitatea atala du, bertan, edozeinek idatzi dezake.

Zergatik dira garrantzitsuak zuena bezalako tokiko hedabideak?

Tokiko hedabideok tokikotasuna lantzen dugu, gure herrietan gertatzen denaren berri ematen dugu, medio handiagoek, nazionartekoek ematen ez dituzten berriak gure hedabideetan aurki ditzakegu. Horrek bereizten gaitu, gertutasuna, tokikotasuna. Hurbileko informazioa, kalitatezkoa eta euskarazkoa irakurtzeko nahia duten irakurleentzat egindako hedabideak gara. Euskarazko prentsa, tokikoa, gure herrietako euskararen gordeleku dira, gure ohiturak, hizkerak, bertan mantentzen eta zabaltzen dira. Normalizazio lana ere egiten dute tokiko komunikabideek, eta gertukotasunari lotuta, euskararen erabilera sustatzeko ezinbestekoak dira, “euskararen sarea” handitzen laguntzen dugu, eta gero eta sarea handiagoa izan, gero eta euskaldun gehiago izango ditugu, euskararen normalizaziorako bidean.

Herrien ondare inmateriala, memoria, historia batzen eta jasotzen dugu, istorioz, historiatxoz osatutako herri-historia; letraz, irudiz eta ahotsez eskainia. Kultur sormena eta jarduerak hedatzeko bitartekoak gara ere tokiko hedabideak.

*Zehatz mehatz, hegoaldetik iparraldeko bidea eginez: Erandio, Leioa, Getxo, Berango, Barrika, Urduliz, Lemoiz, Plentzia eta Gorlizko udalen laguntzarekin.

Sakatu hurrengo irudietan azkenengo hilabetekariak irakur ditzazun:

URTARRILA

OTSAILA

MARTXOA

HIRUKA WEBGUNERAKO SARBIDEA

Uribe Kostako aldizkaria: HIRUKA ezagutuz