Telebistan ez dute musukorik erabiltzen

Telebistan ez dute musukorik erabiltzen –

Batzuetan erridikulua sentitzen dut maskara, maskarilla, musuko edo dena delakoarekin kalean noanean. Bai, badakit ezer ez eramatea baino hobea dela, gaixorik egonez gero zure gaixotasuna besteei ez kutsatzeko edo norbaitengandik kutsatua ez izateko. Ni ez naiz medikua edo gaixotasunen kutsakortasunean aditua.

Denok gaude derrigortuak, Euskal Herriko kaleetan, zapiarekin egotera eta ibiltzera. Nahiz eta batzuetan “doala gauza hau popatik hartzera!” pentsatu. Berdin dio non, noiz, norekin edo zer egiten duzun. Arau orokorra da. Zaila denez salbuespenak jartzea eta salbuespen horiek betetzen diren edo ez kontrolatzea… ba, hala, denek eraman ditzatela eta kitto! Hori pentsatu zuten agintariek. Baina egia esan, pixka bat tontoarena egiten dugun sentsazioa dut. Zergatik? Batez ere telebista piztu eta mahainguruetan, hau da, telebistako “plato” edo estudioetan, tertulian dauden saioetan, ez dutelako inoiz eramaten. Ezta albistegietako edo lehiaketetako parte hartzaileek. Inor ez al da horretan fijatu?

Adibidez, ETB1eko “Eztabaidan” saioan, Klaudio Landak gidatutakoan, inoiz ez daramate. Baina horretan bezala, beste edozeinetan. Gainera, batzuetan, neurriak bete behar direla gogorarazten digute, euren artean, bata bestearengandik 2 metroko distantziarik ez dagoen bitartean. Toki itxi batean daude gainera. Gainontzekook, ordea, kaletik goazenean, nahiz eta gauean izan, nahiz eta inor ez egon gugandik 5 metrotara, ahoa eta sudurra estalita eraman behar dugu. Egingo ez bagenu, seinalatuak izango ginateke eta irainak jasoko genituzke. Maskarillaren taliban asko daudelako inguruan.

Berdin dio zapiak inolako filtrorik ez duen trapu erabilezina izan. Kontua da oihal bat eramatea, estaltzen duena. Eraginkortasuna bigarren mailakoa da. Benetan daramagun horrek babesten gaituen edo ez jakitea bigarren mailakoa da. Politikariek, publiko aurrean daudenean, bai, gehienetan, betetzen dute zapiaren kontu hau. Baina askotan “paripe” egiten duten sentsazioa dut. Kamerarik aurrean ez dutenean, lasai asko kenduko dituztela dirudi.

Imajinatu gaueko ordu bietan herri txiki batean zaudela. Errepidea gurutzatu behar duzu eta autorik ez dabil inguruan. Ordu bat igaro daiteke auto bakarra pasatu gabe. Baina semaforo bat duzu gorri eta berde jartzen dena, gurutzatzea baimentzen edo oztopatzen diguna. Logikoki, peatoi garenean, errepidea gurutzatuko dugu nahiz eta gorri egon. Autoan bagoaz, berriz, ziur aski ez dugu semaforoa gorri dagoen bitartean pasatuko. Zein da ezberdintasuna? Autoan matrikula bat daramagu itsatsita eta oinezkoa garenean ezerk ezin gaitu identifikatuko. Musukoarekin antzeko zerbait gertatzen zaigu. Kasu askotan ez da guztiz beharrezkoa eramatea. Baina araua betetzen ez badugu, edonork salatuko gaituen beldur gara. Autoa gidatzen dugunean bezalaxe.

Telebistan ez dute musukorik erabiltzen

Inazio deitzen naiz eta nahiz eta Bilbon jaio nintzen, Logroñon bizi izan nintzen hamaika urtetaraino, gero Bilbora itzuli nintzen. Iaz Sarrikoko unibertsitate ikasketak bukatu nituen.