Sorgina Txirulina, ipuin kontalari bikaina

Sorgina Txirulina, ipuin kontalari bikaina –

Erica Liquete ez da euskaldunzaharra. Hala ere, gaur egun, buru belarri egiten du lan haurrekin, kontu-kontaketan eta beste kontu piloan. Erica Sorgina Txirulinaren atzean dagoen pertsonaia da. Ipuinak kontatzeaz gain, tailerrak ere ematen ditu eta liburu bat ere badu argitaratua. 

Sorgina Txirulina umetan denok ezagutu dugun abestian dago oinarrituta: Sorgina Txirulina, erratza  gainean! Ipurdia zikina, kapela buruan. Tentela zara zu? Ezetz harrapatu! Sorgina Txirulina…

Baina sorgin hau ez da inola ere tentela, ezta gutxiago ere. Euskara nagusitan ikasi zuen eta ondo gainera. Bere janzkera deigarria da: Bota eta kamiseta gorriak, pentagramaz eta notaz betetako gona zuria, eta kono formako txapel beltza. Eta nola ez, aurrekoarekin batera, zeharkako txirula edo flauta bereizgarria. Bere erronka nagusia guraso erdaldunak euskarara hurbiltzea da, zubi lana eginez. Umeak ere, inpuinetara erakartzea du xede. Horretarako umeekin hartu-emana egiten du, interakzioa bilatuz; galderak eginez, txaloak, dantza eta keinuak eskatuz. Horrela, haurtxoak bere istorioetan murgiltzea eta gozatzea lortzen du.

Sormenez gainezka dauka golkoa, eta horri esker, haur eta helduentzako ipuin musikatuak sortzen ditu. «Umeak animatu nahi ditut gurasoei euskara irakastera» aipatu du askotan. Berari buruz sakondu nahi baduduzu, hemen dago bere webgunea: sorginatxirulina.eus/ipuin-saioak. Bere bideoak ikusteaz gain, eskaintzen dituen emanaldi guztiak daude ikusgai.

  • Erica, zerk bultzatu zintuen hainbeste ekimen martxan jartzera?

Askotan gertatzen den bezala, etxerako proiektu bat besterik ez zen izango baina… begira noraino heldu den! Nire ahizpak ez daki euskaraz eta ilobek ez zuten amak euskarazko ipuinak kontatu nahi. “Ama, zuk txarto kontatzen dituzu!”- esaten zioten eta niri eskatzen zidaten. Gertuko arazo hori konpontzeko metodo bat asmatu nuen: euskarazko testua itzuli, ipuina grabatu (horrela entzuten duenak jakin ahal du nolakoa den doinua eta ahoskera. Horrez gain, euskara ikasteko “unitate didaktiko” txiki bat gehitu nuen. Denborarekin konturatu nintzen tresna erabilgarria zela beste erdaldunentzat eta webgunera igotzen hasi nintzen ipuinak metodo honekin. Ipuinak doakoak dira eta nik idatzitako istorioak dira. Proiektuaren helburu nagusia da umeek helduei euskara irakastea motibatu eta sustatzea.

  • Zeintzuk dira topatu dituzun zailtasun handienak?

Webgunean egiten nuen lanak arrakasta izan zuen eta sortutako metodoan oinarritutako tailerrak egiten hasi nintzen. Saio hauetan guraso eta umeek parte hartzen dute eta zoragarria da ikustea umeek nola hartzen duten “euskara irakaske” rol hori. Hala ere, horrelako ekimen batean parte hartzeko hizkuntzarekin oso jarrera izan behar du helduak eta ahalegin handi da berarentzat, hau da, ez da ludotekan umea uzten dutela eta badoaz. Kasu honetan gurasoen partehartzea ezinbesekoa da.

  • Non ematen dituzu ikuskizun gehien?

Bizkaitarra izanda, ikuskizun eta tailer gehienak Bizkaian egiten ditut baina deituz gero, edonora noa!

  • Zeintzuk dira zure etorkizuneko ametsak?

Nire burua beti gauza berriak egosten ari da eta ideia batzuk ditut baina momentuz, ez dut ezer aurreratu nahi. Beno, gauzatxo bat bai, Euskal Etxe batera joatea asko gustatuko litzaidakeela. Ea ametsa egia bihurtzen den!

  • Zer gomendatuko zenioke guraso euskaldunei bere seme-alabak euskaraz arazorik gabe moldatu daitezen?

Tailerretan beti esaten dut nahiz eta gutxi jakin: “kaixo”, “on egin”, gabon” erabiltzeko; hori da garrantzitsuena eta ez izan beldurra akatsak egiteari. Umeak lagunduko dizu eta!

  • Bitxikeriaren bat gertatu zaizu azken urte hauetan?

Imajinatu ahal duzuenez… denetarik gertatu zait! Behin ume batek galdetu zidan ea nire ama ere sorgina zen. Hainbat email ederrak jaso ditut (euskara ikasten ari zen jendea eta eskerrak emateko), aurten Errusian nire ipuin batzuk ere argiratu dituzte (euskaraz-errusieraz). Amatxo batek kontatu zidan nire ipuin kontaketak ikusi eta gero bere umeak zeharkako txirula aukeratu zuela musika eskola (hau bai ohorea!). Iazko konfinamenduan ekimen bat martxan jarri nuen: egun hauetan urtetebetzea egiten zuten umeei bideotxo pertsonalizatu bat bidali nien. Izugarrizko lana izan zen baina esperientzia… hunkigarrai!

  • Zer eskaini diezaiekezu ZuZeuko irakurleei, hau da, guraso euskaldunei?

Aholkuren bat baduzu eurak inpuin-kontalari diren uneetarako? Liburuak irakurtzeaz gain, oso baliagarriak dira bat-bateko asmatutako istorioak. Seme-alabarekin sortzen den harremana oso berezia da eta gainera, irudimena pizten da.