Semaforo batetik gertu lo egiten duzuenontzat

Semaforo batetik gertu lo egiten duzuenontzat

Goizaldeko ordu txikitan ere esna egoten naiz, begiak itxita baina esna, hobe esanda; loak hartu ezinik. Buruari pentsamendua galarazten diot baina honek bere matxinada propioa dauka nire kontra eta ideia zein esaldi zentzugabeekin bonbardatzen nau isil dadin esaten diodan bakoitzean. Nik lubakian sartu beste aukerarik ez daukat, desesperaturik dagoen gorputz nekatua minutuko 3 aldiz alde batetik bestera mugituz, lo ezinaren arrazoia jarrera dela sinistarazi nahi banu bezala. Logelaren leihoaren azpitik errepide bat igarotzen da, bertan semaforo bat dago. Nahiz eta espaloiaren alde banatan inor ez egon, honek bere lana egiten jarraitzen du.

Semaforo batetik gertu lo egiten duzuenontzatMINUTU ETA ERDI GORRI MINUTU ETA ERDI BERDE. Hortaz minutu eta erdi izaten dut gorri jarri eta bere amaraunean erortzen den kotxeko gidaria ezagutzeko; ni nire ohean begiak itxi-itxiak eta bera kotxearen eserlekuan, ni bera ezagutzen hari naizenik ez dakiela.

Kotxearen motor hotsa entzuten dut, igartzen da hau geldi dagoela, semaforoa berde noiz jarriko zain. Gizonezko heldu bat izan liteke gidaria, bere seme nerabearekin eztabaida gogorra izango zuen  eta egoera jasangaitza zen etxean. Aire freskoa hartzera atera da. Galderak egiten dizkio bere buruari, aurretiaz jakinik galderon erantzunak zeintzuk izango diren, badaki beste norbaiti galdetuta erantzun aberasgarriak jasoko lituzkeela. Baina nori galdetu? Atzoko Athleticen emaitza baino gauza garrantzitsuagorik ez dagoela uste duten bere tabernako sasi lagunek, ez dute  ezer ez  jakin nahi ondoko baten arazoez, hauei bost galbiderantz doan nerabe baten aitaren ahalegin frustratua, hauei ezer gutxi inporta zaie 53 urteko gizon baten sentimendu azalekoena ere. Beste behin etxera heldu eta bere etzipena leihoan jarririk piztuko duen zigarroarekin erretzen ahaleginduko da, emango dion zupada bakoitzean buruhausteak kontsumituko direnaren esperoan. Semaforoa berde jarri delakoan nago, kotxea urruntzen doala sumatzen dut behintzat.

Beste minutu eta erdi bat igaro da. Oraingoan 45 urteko emakume bat izan liteke ibilgailu barrukoa. Astelehenetik ostiralera bitartean egiten du lan, eguneko 8 orduz. Hori esaten du behintzat pozoindutako tintadun boliaz sinatu zuen kontratu prekarioak edo hori esaten zuen taberna zulo bateko serbileta koipetsu baten gainean inprimatutako lan hitzarmenak. Hori esan liezaioke bere 8 urteko alabak, eskolara bila joan, judo eta ingelesera eraman, afaria prestatu, berarekin etxerako lanak amaitu, oheratzean ipuin bat kontatu eta haurra izara artean dela, sukaldeko lanak egiten entzuten duen bitartean. Horrelakoa da bizitza! Errepikatzen dio bere buruari, horrelakoa behar lukeen ere planteatu gabe. Semaforo berdeak aurrera egiteko agindua bota dio antza. Kotxea urruntzen doa.

Regetoia entzuten da urrunean, hurbiltzen doa eta hau ere bonbillaren gorritasunak gelditu du .24 urteko gazte bat izan liteke. Tuneatutako kotxe zaharkituaren leihatilak zabal- zabalik dakartza, poesia musikalak sortu duen fenomeno goraipatuenetarikoa den regetoia besteokin era guztiz altruista batean konpartitu nahiko balu bezala. Neoliberalismoak neurrira fabrikatu duen gazte ideologo bat da, asteburuetan besterik ez da bizi, astelehenetik ostiralera trantsizio poltiko egoeran bizi da. Larunbatetan milaka lagun-min egiten ditu, aurrerago min lagunak bihurtzen direnak, larunbatetan handiena da, fenomeno bat da, miresgarria, larunbat gauak bereak dira. Egun hauetan elkarrizketa interesgarriak izaten ditu, emankorregiak akaso, horregatik gauekoa hausnartu eta barneratzeko hurrengo eguneko ordu bi eta erdiak arte egiten du lo. Bakardadeak ere bakarrik utzi duela konturatzerakoan urrumatuko den ohe berean. Honi ere ailegatu zaio kolore berdea, badoa.

Hirurek biluzi dute euren intimitatea nik ezagut ditzadan. Edo nik biluzarazi ditut euren baimen barik. Baliteke hasieratik kotxe berdina izatea, gure etxe inguruari bueltaka, azken baten denok gabiltza bueltaka. Norabide ezberdinetan baina bueltaka.

Semaforo batetik gertu lo egiten duzuenontzat

6 pentsamendu “Semaforo batetik gertu lo egiten duzuenontzat”-ri buruz