Sarri Sarri

Sarri sarri

Izotzezko gizon gisa definitu izan du bere burua, eta sarri erabili izan dute deskripzio hori berari buruz mintzo direnek. Izotzezko baino, itzalpeko gizon gisa definituko nuke nik, akaso. Liburuen itzalpean, urrun, Euskal Herriko musika taldeek egindako doinu eta soinu uhin guztien atzean, ezkutatuta. Mila proiekturi babesa emanez, urruneko bezain hurbileko babesa eskainiz.

Itzal hitzak, izatez, badu halako nozio negatibo bat. Halako gutxiespen bat bere baitan. Itzalpea iluntasunarekin lotzen dugu, gauarekin, beldurrarekin, errepresioarekin, ezintasunarekin… Niretzat, ordea, itzala ezinbestekoa den zerbait da. Eguzkiak gehien jotzen duen egunetan, haren bilaka ibiltzen naiz babesteko. Eguzkiak jotzean itzalaren bila nabilen moduan, itzalpeko gizona ere aurkitu nahi izaten dut, haren hitzek nire berotasun eta ezintasun guztiak baretu ditzan.

Joseba Sarrionandiari buruz ari naiz, jakina. Haren poesiak sortzen didan lilurari buruz, haren nobelek sortzen didaten ezinegon eta zirrarari buruz. Euskal Herritik milaka miloi kilometrora egon arren, hondartzan nire alboko gizona idazten ariko balitzait bezala sentitzen dudalako. Haren esaldi eta gogoetak irakurri ostean, eguzkia inoiz itzal ez dadin erregutzen diot munduari, itzalaren babesean bizi nahi dudala-eta. Itzalpetik itzalpera saltoka ibili nahi dut, Josebaren hitzak motxilan sartu eta mundua zeharkatu, harik eta halako batean, hondartzan, lasai lasai nagoela, alboko gizonari ea komunak non dauden galdetu eta “barkatu, Ni ez naiz hemengoa” erantzuten didan arte.

Ezer gutxi aldatu den lurralde honetatik, mila esker Sarri, eta jarraitu egunik gogorrenetan ere Euskal Herritarrontzat hain beharrezkoa den itzala eskaintzen, eguzkiak, azkenaldian, gehiegi berotzen baitu.

 Sarri sarri

Sarri sarri