Publizitatea, Quid pro quo?

Publizitatea, Quid pro quo?

Publizitatea nonahi. Publizitatea koloretsu, dibertigarri, astuna edo kontsumismoaren ikur?

Publizitatea, Quid pro quo?Marketing bitartez erosketak bultzatzea lortu nahi dute saltzaileek. Produktu edo zerbitzu bat kontsumarazteko erabiltzen dute. Beraz, publizitatea bere produktuak jakinarazteko saltzaileek duten era da.

Publizitatearen historia antzinatik datorkigu. Lehenengo zibilizazioek erabiltzen zuten, ez gaur ezagutzen dugun bezala, jakina, baina bai herrialde desberdin artean sortzen zen harremanetik, komunikatzen zieten zein ziren haiek zituzten produktuak, batez ere, elkar trukatzeko.

Gero, inprenta asmatu zenetik, eta batez ere, egunkariak kaleratzen ari zirenetik, publizitatea salmentarako “arma” bikaina zela ikusi zuten enpresari batzuek. Horrela, XX. mendean sortzen dira gaur ezagutzen dugun bezala. Irratietan hasi ziren publizitatea ematen eta telebista asmatu zenetik, publizitateak hazkuntza izugarria izan zuen. Telebistako irudiek asko lagundu zuten produktu edo zerbitzuak saltzeko. Egun, teknologia berriekin, inbasioa bihurtu da. Gure eginkizun guztietan agertzen da publizitatearen iragarki bat. Inguratuta gaude.

Horretaz gain,esanahi ezagun bat zabaldu da gaurko gizartean: iragartzen ez den produktua, ez dela saltzen. Ez da guztiz egia izango, noski, baina arrazoi handia du (ezaguna eta bitxia da adibidez, Zaraarropa etxeak ez duela inolako iragarkirik egiten eta hori arropa alorrean esanguratsua da oso). Eskuarki, hortaz, iragartzen diren produktuak errazago saltzen direla jakina da. Eta askotan ez du garrantzi handirik edo ez da nahikoa izaten kalitate handiko produktuak eskaintzea. Beraz, nahiz eta kalitate txarrekoak izan, iragarkietan irtenez gero, errazago salduko dituzte euren produktuak.

Publizitatea, Quid pro quo?Publizitateari esker, eskaintzen dizkiguten produktuak, munduko onenetarikoak direla esaten digute, besteak baino hobeak direla. Iragarkietan auto, jaki edo lurrinek, besteak beste, itxura hobea dute, politagoak dira, xamargarriagoak… eta ikusten ari garena erostera bultzatzen zaituzte. Ez beste bat, nahiz eta antzerakoa izan; ez, baizik eta produktu hori, hain zuzen.

Beraz, publizitateak edozein bide erabiltzen du jendea erostera bultzatzeko. Izugarrizko garrantzi ekonomikoa hartu du. Mordoxka diru mugitzen du eta inpaktu sozial handia du behartu gaituelako kontsumo zoro batera.

Halaber, publizitatean ez dago dena onartuta. Ezin dute gezurrik esan iragarkietan, ezta iruzurrak erabili. Guztiz debekatuta dago eta horretarako legeak daude galerazteko baldintzak bete ez direnean. Baina hain zuhur eginda daude, non ez da izaten erraza frogatzea gezurretan dabiltzala edo iruzurra dagoen ezkutuan. Hor egoten da tira-bira bat kontrolatzaileen eta iragarkiak egiten dituzteen artean.

Nire aburuz, publizitate larregi dago komunikabide guztietan. Gainera, itxura fisikoa erabiltzen dute erakargarriagoak izateko, batez ere, emakumeen itxura fisikoa. Hori, iragarki sexistak ez direnean.Aldatzen dute errealitatea eta gure kontzientzian lan egiten dute erosketa gehiago egin ditzagun. Eta jende asko jausten da sare horretan eta behar duten baino gehiago erosten dute, askotan konpultsiboki.Quid pro quo, bai horixe, bata bestea lortzeko, hain zuzen!

Publizitatea, Quid pro quo?