Pandemia guztien ama

Pandemia guztien ama –

1346 eta 1353 urteen artean izurrite batek gogor zigortu zituen Europa, Ekialde Hurbila, Afrika iparraldea eta Asiako mendebaldea. Gaur egun Izurrite Beltza izenarekin ezagutzen dugu, baina posible da izen hori gaizki-ulertu baten ondorio izatea. Dirudienez, hondamendi hau jasan zutenek atra mors izena eman zioten, baina atra hitza ez zuten “beltza” esanahiarekin erabili, baizik eta “izugarri” bezala. Hortaz, izen originala Izurrite Beltza baino, seguruenik Izurrite Izugarria izango litzateke.

Noski, garai hartan inork ez zekien ezer mikrobio edo bakterioen inguruan, eta Antzinarotik gizateriak noizbehinka jasan ohi zituen izurriteak miasma –materia organiko ustelduak eta bapore pozoitsuak kutsatutako airea– izeneko gaitzarekin identifikatu ohi ziren. XIX. mendeko aurrerapen zientifikoek Izurrite Beltzaren jatorria hobeto ezagutzea ahalbidetu zuten. 1894an  Japoniako eta Frantziako gobernuek S. Kitasato eta A. Yersin bakteriologoak bidali zituzten Hong-Kongera, bertan agertu zen izurrite epidemia aztertzeko, eta hara heldu bezain laster antzeman zuten bertako gaixoek odolean bakteria mota berbera zeukatela. Bakteria horrek Yersinia pestis izena jaso zuen, Yersinek honetaz egin zuen deskribapen zehatzaren omenean. Yersinek argi ikusi zuen arratoiak zirela bakterio horren lehen transmisoreak; eta urte batzuk geroago, 1905ean, britainiarrek Indian agertu berri zen izurritea aztertzeko sortu zuten batzorde zientifikoak ere argi utzi zuen arratoiek zeuzkaten arkakusoak zirela transmisoreak.

Alexandre Yersin frantziar-suitzar bakteriologoa. Vietnam, 1892.

1346ko Izurriteari dagokionez, honen jatorri geografikoa Asia erdialdean kokatzen da, gaur egungo Kazakhstan, Turkmenistan, Uzbekistan, Mongolia, Txinako iparraldea eta Siberia errusiarrean. Baina, nola heldu zen Europara?

XIII. mendean mongolek Txina, Asiako erdialdea, Persia eta Errusiako hegoaldea batzen zituen inperio erraldoia sortu zuten, eta batasun horrek erraztu egin zuen txinatarren eta europarron arteko merkataritza. Baina, urteak igarota, inperioa zenbait Estatutan zatitu zen. Errusiako hegoaldea Kipchakeko kanatoaren menpe geratu zen, eta 1343an Yanibeg bere erregeak Itsaso Beltzeko merkataritza-guneetan zeuden merkatari italiarrak kanporatu nahi izan zituen. Helburu horrekin, Tana eta Caffa hiriak setiatu zituen. Italiarrek Tana urte horretan bertan galdu zuten, baina Caffak setioa gainditu zuen. 1345ean mongoliarrek berriz setiatu zuten, eta bigarren setio horretan agertu zen Izurrite Beltza, armada setiatzailean kanpamenduan.

Izurriteak mongoliar armada desintegratu zuen, eta 1347an italiar merkatari askok, gaixotasunaren hilkortasuna ikusirik, hiriko portutik ihes egin zuten bere itsasontzietan. Handik gutxira konturatu ziren izurritea beraiekin zihoala itsasontzietan, eta, aste batzuk geroago, infernuko bidai horri bizirautea lortu zutenek ongi ulertu zuten bere ihesaldiak ordurarte gizateriak jasan zuen ezbehar handiena eragingo zuela. Nahigabe, heriotza ziur batetik aldentzeko saiakeran, gizagaixo horiek gaitza bere inguruko herri eta hirien artean zabaldu zuten.

1348 eta 1353 urteen artean Izurrite Beltza Europa osotik, Ekialde Hurbiletik eta Afrikako Iparraldetik zabaldu zen. Erdi Aroan, gaur bezala, epidemiak jendeak garraiatzen zituen leku batetik bestera. Lehenik eta behin, Izurritea hiri handietan zabaldu zen, bereziki itsas zein ibai portuak zeuzkaten merkataritza-guneetan. Ondoren, jendea hiri hauetatik hiri txikietara mugitzen zen heinean, gaixotasunak gero eta populazio gehiago erasotu zituen. Azkenik, hiri txiki horietatik inguruko herrixketara heldu zen, eskualde eta herrialde osoak infektatuz.

“Izurria”. Egile ezezaguna, 1411.

Duela gutxi arte historiografiak Izurriteak Europako populazioaren %25 eta %30 hil zuela uste izan du, baina azken urteotako ikerketa berriek oso bestelako datuak utzi dituzte agerian. Informazio iturri berrien arabera, baliteke Izurriteak Europako biztanleriaren erdia baino gehiago hil izana; posible da portzentaje fidagarriena populazioaren %60koa izatea, nahiz eta ezberdintasunak egon herrialde ezberdinen batezbestekoen artean. Ondorioz, XIV. mendeko lehen hamarkadetan Europako biztanleria 80 bat milioi pertsonakoa bazen, 1347 eta 1356 urteen bitartean gaixotasun horrek 50 milioi inguru hil behar izan zituen.

“Heriotzaren dantza”. Michael Wohlgemuth, 1493.

Aurretik, XI eta XIII. mendeen artean, Europa Mendebaldeko gizarteek garapen prozesu luze eta sostengatua bizi izan zuten, bai arlo demografikoan –nahiz eta hobekuntza apala izan, hiru mendez mantendu zenez gero, biztanleriaren hazkundea posible egin zuen–; ekonomikoan –honen isla izango lirateke Antzinarotik gainbeheran zeuden hirien berpizkundea, herrixka eta nekazal komunitate berrien sorrera, trukearen ordez txanponaren erabilera zabaltzea, eta ekoizpenaren gorakada sostengatua–; teknologikoan –ordura arte eskasak ziren metalezko erreminten erabilpena orokortu zen, eta energia hidraulikoaren aprobetxamendua zabaldu egin zen, urezko erroten eskutik–; zein kulturalean –momentu hartara arte atomizatuago zegoen Kristandadeak bere nortasunaren kontzientzia hartu zuen, unibertsitateak sortu ziren, ekoizpen intelektualak sekulako bultzada izan zuen, eta korronte kultural anitz eta aberatsak zabaldu ziren, erromanikoa eta gotikoa, kasu–.

XIV. mendearen hasieran garapen prozesu honen lehen neke sintomak agertu ziren. Lehena gosea izan zen, eta honen agerpenean faktorerik garrantzitsuenak bi izan ziren: klima aldaketa –neguak luzeagoak eta hotzagoak bilakatu ziren– eta lurren gehiegizko ustiapena –hazkunde demografikoaren ondorio zuzena–. Goseteak agertu ziren, adibidez, 1310ean Nafarroan, eta bereziki gogorrak izan ziren 1314 eta 1318 urteen bitartean Frantzian eta Flandrian. Bigarrena gatazka armatuen gorakada izan zen, Ehun Urteetako Gerra izanik garai hartakoen artean aipagarriena. Dena den, gudek izan zuten eragin negatiboen artean garrantzitsuena ez zen indarkeriak zekarren bizitzen galera izan –normalean Erdi Aroko gatazka armatuek erlatiboki hildako “gutxi” eragiten zituzten–, baizik eta gerrek eragiten zuten suntsipen materiala eta, batez ere, armadak mantendu ahal izateko monarkiek nekazarien gain ezarri zuten presio fiskala. Azkenik, izurritea agertu zen, eta honek, aurreko faktoreekin bat eginez, errotik moztu zuen aurreko hiru mendeetako garapena. Horrela pertsonifikatu ziren Europan San Joanek bere Apokalipsian deskribatu zituen zaldunak: Gosea, Gerra eta Heriotza.

“Apokalipsiaren Zaldunak”. Albrecht Dürer, 1498.

Gauzak perspektiban ikusirik, aitortu beharra dago Izurriteak hainbat aspektu positibo izan zituela. Aurreko mendeetako hazkunde demografikoak nekazal munduan lur libre gutxi eta jende asko egotea eragin zuen, eta horrek nekazari xumeen kontra jokatu zuen, lurren prezioak gora eta nekazarien soldatak behera egin zutenez gero. Izurriteak biztanleria murriztu zuenez, bat-batean jaun feudalek, lur jabe aberatsek eta hirietako burgesek langileak eta morroiak aurkitzeko zailtasunak izan zituzten. Ondorioz, eskulana aurkitzeko premian, aberatsek bere enplegatuen soldatak igo eta zergak jaitsi behar izan zituzten, biztanleriaren gehiengoaren kontsumo gaitasuna eta bizi-kalitatea areagotuz. Lehen piramide sozialaren goiko aldean zeuden boteredun askok behera egin zuten, apalagoek gorantz egin zuten bitartean, aurreko urteetako ezberdintasuna murriztuz.

“Heriotza munduko jauntxoak mozten”. Bourbon-Vendômeko Maisua, 1475-1480.

Noski, analisi horrek alde batera uzten ditu Izurrite Beltzak Erdi Aroko gizartean utzi zituen zauri emozionalak. Zalantzarik gabe, pandemiak sekulako triskantza eragin zuen gizabanakoen mentalitatean, garai hartako klima psikologikoa erabat eraldatuz. Biztanleriaren erdiaren desagerpenak izu erlijiosoa eta fanatismoa eragin zuen –azken honen erakusle izango lirateke, adibidez, Europako mendebalde eta erdialdean jazotako juduen aurkako pogromak–; eta, zenbaitetan, baita aberatsen aurkako altxamenduak. Baina urte haietako histeria kolektiboa eta sentsibilitatearen mutazioa ulertzea ahalbidetzen digun elementurik aipagarriena heriotzarekiko obsesioa da, eta obsesio hau artearen eskutik heldu zaigu.

“Bizitzaren iragankortasunaren alegoria”. Zwolleko Maisua, 1480-1490.

Egia da Erdi Aroko korronte artistikoetan heriotzak betidanik izan zuela rol garrantzitsu bat, baina modu ezberdinean ulertua. Aurreko mendeetan zehar, Elizak heriotzarekiko beldurra leundu zuen, hau  hurrengo bizitzaz gozatzera heltzeko nahitaezko bidea bezala aurkeztuz; halako zentzu positiboa zeukala esan genezake, arimaren askapenari lotua. Izurriteak sorturiko errealitate berrian, aldiz, heriotza Jainkoak mendeku bezala bidalitako sufrimendu fisiko eta moral bezala aurkeztu zen, errealismo handi batekin. Horrela, XVI. mendera arte Europan hainbeste indar izango zuen “heriotzaren ikonografia” agertu zen.

“Denise Porcher heriotzaren aurrean”. Maitre de la Chronique scandaleuse, 1500.

Ikonografia honetan, heriotza ahalik eta xehetasun handienekin aurkeztea bilatzen zen; hots, ikusleei Izurriteak gaixoetan eragindako sufrimendua zehatz-mehatz adieraztea. Gogora dezagun Erdi Aroan gizartearen gehiengoa analfabetoa zela eta, ondorioz, nahitaezkoa zela elizgizonentzat irudiak erabiltzea herriari mezu ulergarriak helarazteko. Horrela, espazio sakroetan biltzen ziren konposizio ikaragarri hauek apaizen mezu apokaliptikoekin nahasten ziren, Antikristoaren eta Azken Epaiaren etorrera dela eta ez dela, jendearen beldurra indartuz.

“Izurritea mendeku jainkotiar bezala”. Egile ezezaguna, 1424.

Horrek ez du esan nahi XIV. mendetik aurrera Europan zabaldu zen “arte makabroaren” agerpenak bere jatorria espresuki Izurrite Beltzean izan zuenik. Zalantzarik gabe, Erdi Aroko gizarteak, bere testuinguru erlijioso-kulturalaren eskutik –kristautasunari nahitaez loturik doazen erru eta bekatu sentipenak markatua–, bazeukan arte mota horretara inklinatzeko joera. Aitzitik, ezin dugu ukatu sentsibilitate ilun eta ezkor berri honen agerpenean Izurriteak eragindako hondamendiak izan zuen garrantzia.

“Hiru adinak eta Herioa”. Hans Baldung, 1509-1510.

Azken finean, eta aurretik adierazitakoa ikusita, zera esan genezake. Izurrite Beltza europarrok gure historian zehar jasan dugun pandemiarek hilkorrena izan da. Azken ikerketek diotenez, biztanleriaren bi heren inguru hil zituen, eta honek, noski, gizartea erabat eraldatu zuen. Izurriak eragindako anabasatik zenbait ondorio positibo irten ziren, hauen artean aipagarrienak: nekazari txikien eta hirietako langile xumeen soldaten eta ongizatearen gorakada orokorra; eskulan faltari aurre egiteko burgesek bere enpresetako ekoizpen prozeduren hobekuntza bilatu izana, esaterako aurrerapen teknologikoak sustatuz; edota erregeek, jauntxoek eta hirietako gobernuek bere administrazio aparatua profesionalizatzea, besteak-beste zerbitzu publiko hobeagoak eskaintzeko asmoarekin. Aldi berean, izurriteak aztarna emozional sakon bat utzi zuen honi bizirautea lortu zutenen artean. Biztanleriaren erdia baino gehiago hil ondoren, edozein herrialdetan, ziurrenik pertsona orok gutxienez senide, ahaide, lagun edo ezagunen bat galdu behar izan zuen. Heriotza ikusezin bat etengabe aurrez-aurre izateak, eta honi aurre egiteko gaitasun ezak, histeria kolektiboa eragin zuen –honen sintomarik nabarmenena nekazal eremu zein hirietan juduen, ezezagunen, gaixoen eta txiroen aurkako mesfidantza eta indarkeria orokortzea izan zen–; eta ordura arte heriotzarekiko existitzen zen mentalitatea errotik suntsitu zuen, forma artistiko berri batean islatua.

“Heriotza”. Egile ezezaguna, 1455-1460.

Izurriteak, ezbeharraren bitartez, Erdi Arotik Aro Modernora igarotzeko bidea arindu zuen, gizartearen aldaketa azkartuz. Eskulan faltak berrikuntza ekonomikoak, teknologikoak eta administratiboak sustatu zituen, estruktura ekonomiko feudalen hondoraketa sakonduz –etorkizuneko kapitalismoa irudikatzen hasi zen– eta, honen eskutik, baita garai hartako pentsamoldearena, Berpizkundeari bidea irekiz. Horrela, Munduaren bukaera zirudienak, pixkanaka aro berri baten agerpenerako bidea erraztu zuen.

Pandemia guztien ama

2 pentsamendu “Pandemia guztien ama”-ri buruz