Oporgabetasuna

Oporgabetasuna –

Bainujantziak, eguzkitako kremak eta hondartzarako planak gizarte luze-zabalean ugaltzen diren urte garai honetan, bidai aurreko urduritasun eta ezinegonak nabari dira geure kaleetan. Gertuko lagun batek aipatu zidan bi astez doala bere bikotearekin Kroaziara, hondartza idiliko batean atseden hartzera hotelean dena egiten diguten bitartean izan ziren zehazki bere berbak. Ez dakit ondo zer adierazi nahi izan zidan, bere bizitza ederra dela, zortea daukala era horretako plana egin dezakeelako edo bizitza intentsitatez bizitzen jakin badakiela.

Momentuan bertan ez nintzen ausartu ezer esatera, a bai? ze ondo! batekin erantzun nion, denbora librearen eta opor ereduen inguruko eztabaidetan sartzeko etorri zitzaidan gogo bizia erreprimitu guran. Eta zuk? ze asmo daukazu udarako? nora zoaz? esaldia iritsi zitzaidan belarrietara, zuetako askori gertatuko zaion moduan, behin baino gehiagotan ikusi behar izan du bere burua azken egunotan galdera honi erantzuteko ataka estuan.  Plana gustatuko ote den edo sozialki onartua izango deneko barne-gatazka azaleratzeko unea izaten baita: hemen geratuko naiz, ez daukat herritik kilometro bakarra mugitzeko gogorik erantzuteko tentaldia izaten dut, baina atxikitzen zaizkidan etiketa sozialek (gaztea, ikaslea denborarekin…) aprobetxatu orain! esaten didatenez, abuzturako pentsatu dudan azken plan kutrea kontatzen dut, astebete mozkorkerian ez dakit nongo hondartzan edo ez dakit nongo gailurra igotzen, unea intentsitatez bizitzeko dauden modu ia bakarrak balira bezala.

DENBORA LIBREA?

OporgabetasunaEz da berria Adornok denbora librearen eta okupatuaren inguruan daukan hausnarketa. Denbora libretzat hartzen duguna, bere hitzetan, ez da bi lan jardunaldiren bitarteko eremu hutsa besterik (Adorno, Crítica de la cultura y sociedad, Akal, 2009). Kroaziara joateko plan liluragarria egin duen nire lagunak enpresa multinazional edo, hobeto esanda multiesplotazional (era askotan zapaltzen baitu) bateko dendan egiten du lan, 8 orduz egunean (gehiago ez direnean). Bere bizi jarduna soldatapeko lanaren arabera antolatua duen (kasu honetan esanahi askorik ez duen la-jarduna, errutinazko jarduera errepikakorrez osatua, dirua poltsikoratzeko tramite huts gisa interpretatzen duena) edo dugun gizarte batean, kuriosoa da nola bizi dugun denbora librea; iraupen laburreko denbora tarte gisa, lan jardunaldiek zatikatzen dutena, alegia, lan garaiak eta aisi garaiak osaturiko ziklo etengabe bat non denbora librea iluntze-gauetara, asteburuetara edo oporraldietara mugatzen den.

Nahieran erabiltzeko dugun denbora tarte honek, esanahiez eta zentzuz beteriko jarduerak burutzeko eremua eskaintzen digu, sinesten dugun eta garapen pertsonal autonomoa elikatuko duen zeozertan, izan lagunekin hitz aspertua egin otordu eder baten bueltan, musika instrumenturen bat jo, eleberriak irakurri edo mendibuelta bat eman. Gaurko langilearen errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Gauez itzultzen da etxera, nekatua, edozeinekin berba egiteko gogo handirik gabe, eta egingo duen bakarra telebistara begiratzea izango da (entretenimendua normalean, burua gehiago ez nekatzeko) hurrengo egunerako berrindartu ahal izateko. Egoera honek, gainera, antsietatea eta estresa moduko gaixotasun “berriei” bide ematen die, izan ere, denbora librea mugatua dela dakigunean, tarte horretan egin ditzakegun hamaika jardueren artean erabaki beharra baitago, zentzuz eta eduki interesgarriz gehien beteko gaituena aukeratu guran. Azkenerako, aurrez azaldu bezala, indar eta gogo gutxirekin etxeratzean eta gure denbora telebistaren aurrean “ezer ez” egiten ari garela ohartzean antsietatea eta bizigogo faltaren sintomak azaltzen dira.

LANGILEAREN BURUHAUSTEAK

Norbere egunerokoa era honetan antolatua dauka, kapitalismo garaikidea izendatzen den aro honetan, geure gizarteko kidego gehienak, soldata bat lortzeko helburuz, horrek astebete edo bi Kroazian pasatzea ahalbidetuko baitio eta larunbat gauetan jatetxeren baten afaltzea, ondoren pare bat gintonic hartuz, edo betiko tabernazuloan inor baino itsuago jarriz. Bestela esanda, erosotasunaren industriak eskaintzen dizkigun zerbitzuak kontsumitu ahal izateko (janari azkarra, ganorazko otordua prestatzeko denbora eta energia falta daukagulako; oporrak, bidai-agentzietan antola diezagutela bidaia geure partez) egunero zortzi ordu alienaturik eta gogotxarrez pasa beharrak hausnarketaren bat sustatu beharko luke. David Frayne soziologoak bere azken liburuan argi erakusten duuen gisan (David Frayne, El rechazo del trabajo, Akal, 2017) soldatapeko lanaren nagusitasun etikoa begibistakoa da egun, langabea estigmatizatua den bitartean, alperra, kolperik jotzen ez duena… diru-trukezko jarduerarik egiten ez duelako; horrek, ordea, ez du esan gura bere egunerokoa edukiz eta jarduera interesgarriz betetzen ez duenik, sozialki balioa aitortzen zaion jarduerarik burutzen ez duela baizik.  

OporgabetasunaEz naiz ari esaten lana egin beharko ez litzatekeenik, gure biziraupena bermatzeko ekintza batzuk beharrezko baitira, baina bai lana bestela antolatzea posible dela begibistatik ez galtzea. Gure bizi-esperientziaren momentu interesgarri ia bakarra astebete atzerriko hondartza edo mendiren batean pasatzea izango bada, eta horretarako, urte guztia izorraturik pasa behar badugu, oporgabetasunaren aldeko aldarria egiten dut, oporrik behar ez duen gizarte batena alegia, gaur egun oporrak ulertzeko daukagun moduan behintzat (eguneroko astunetik ihes egiteko denbora tarte mugatu bat, kontsumo neurrigabe batek ezaugarritua). 

Zirurgabetasunaren eta asegabetasunaren garaian, oporgabetasunak bi hauen aurkako antidoto funtzioa bete dezakeela uste dudalako, gure egunerokoak, sinesten dugun jarduerez bete eta bertan asetzea posible izateko moduak bila ditzagun, Kroaziako hotel batera bidaia, agian, beste baterako utziz.

Oporgabetasuna  Oporgabetasuna  Oporgabetasuna

Sozio-ekologian ikerlaria