Nerabeak eta sexua

Nerabeak eta sexua – 

Gurasoek sarritan galdetzen diete haien buruari zer egiten ari ote diren seme-alabak haiekin ez daudenean, eta galdera hauek are ohikoagoak dira seme-alabak nerabeak direnean, batez ere sexua harremanei dagokienez. Gaur egun asko errepikatzen da egungo gazteak, oro har, hobeto informatuta dauden belaunaldiak direla; baina, egia ote da? Ez al da pornografia sexuaren inguruko jakinmina asetzeko bidea, eskola bera baino? Agian informazioa eskuragarriagoa duten belaunaldiak dira, baina horrek nahitaez hobeto informaturik daudela esan nahi du? Sexu-harremanei dagokienez, argi dago ezetz, eta horren froga dira gorantz doazen nahi-gabeko haurdunaldiak, abortuak, “hurrengo eguneko pilula” eta sexu-harremanei loturiko gaixotasunak.

Nerabeak eta sexua

Arazo hauek gero eta zabalduago daude gure gizartean, baina, nola erantzun genezake? Nire aburuz, lehenik eta behin, beharrezkoa da gure gizartean zabaldu den sexualitate ereduaren edo modeloaren inguruan hausnarketa bat egitea. Gaur egun, sexua plazerako balio duen tresna bat  bezala ikusten dugu, sortzen ari garen –edo jada sortu dugun– gizarte hedonistaren isla. Horregatik, hasteko, sexu-harremanak beste modu batera ulertzen hasi beharko genuke –plazer hutsa lortzeko baliabide bat izateaz gain, sexuak maite dugun gizabanakoari gure maitasuna adierazteko ere balio du–, etorkizunean eredu berri hori ondorengo belaunaldiei transmititzeko.

Izan ere, asko aldatu dira gauzak azken hamarkadetan. Frankismoaren garaian kontzeptu erlijiosoez gainezka zegoen hezkuntza “nazionalkatolikoak” sexua tabu bihurtu zuen; orain, aldiz, Mendebaldeko gizarteak gero eta “hiper-sexualizatuago” daude –gaztediaren gehiengoak egunero kontsumitzen dituen ikus-entzunezko edukiei begirada bat botatzea baino ez daukagu– eta belaunaldi ezberdinen arteko ezberdintasun honek gazteen eta helduen arteko komunikazio falta are gehiago sakontzen du. Horrela, ez da arraroa bere seme-alaba nerabeek sexuaren inguruan zerbait galdetzen dietenean, askotan gurasoek ez jakitea zer erantzun, ez hainbeste informazio faltagatik, baizik eta lotsa sentitzen dutelako. Aldi berean, normalean nerabeek nahiago dute horrelako gai baten inguruan zalantzak izanez gero, bere jakin-mina lagunekin partekatzea gurasoei galdetzea baino

Nerabeak eta sexua

Hortaz, nola konpondu genezake egoera hau? Ezinezkoa da galdera horri erabateko erantzun bat ematea. Nire ustez, eta aurretik adierazi dudan moduan, guztiz beharrezkoa da gizarte bezala sexua ulertzeko dugun modua berplanteatzea; eta antzinako puritanismoaren eta gaur egun gero eta zabalduago dagoen promiskuitatearen artean sexu-harremanak naturaltasunez ikustera lagunduko digun tarteko termino bat aurkitzea. Agian horrek familien barne sexu- harremanen afera hau inolako lotsarik gabe lantzea ahalbidetuko du, eta honen emaitza gazteriak bere esku hain beharrezkoa duen informazioa izatea izango da. Azken finean, gaztediaren ongizatea eta ugalketa da jokoan dagoena.

 

Nerabeak eta sexua