Marka zuriak, bai ala ez?
Marka zuriak, bai ala ez? –
Duela ez hainbeste artikulu bat irakurri nuen marka zuriei buruz, gainera supermerkatuan gero eta ohikoagoa da jendearen erosketetarako orgak marka zurizko produktuez beteta ikustea. Antza denez, marka zurien jatorria 70 hamarkadako krisi ekonomikoa izan zen; momentu horretan supermerkatu kateek aukera paregabea ikusi zuten eta beren produktuak prezio merkeagoetan sortzea erabaki zuten. Lehen marka banatzailea 1970an sortu zen, Frantzian, eta denok ezagutzen dugu, hau da; Carrefour. 80ko eta 90eko hamarkadetan, beste marka zuriak agertu ziren, adibidez; Lidl edo Aldi. Gaur egun, marka banatzaileak asko aldatu ez ezik, marka handiaren lehiakideak ere bihurtu dira. Hala ere, hori mehatxua al da marka handientzat, ala merkatuaren eraldaketa baino ez da?
Ezer baino lehen, prezioaren eta kalitatearen arteko erlazio zuzena aipatu behar da. Argi eta garbi dago marka zurien produktuen prezioak askoz eskuragarriagoak direla. Aldi berean, lehen, markaren eta banatzailearen kaltitatea oso desberdina zen, alabaina gaur egun kaltitate-kontrol ia berberetatik igarotzen dira. Ez hori bakarrik, baizik eta prestigioa ere aipagarria da; ukaezina da markek ospe handia dutela gizartean, batez ere, marketinagatik. Horren ondorioz, jendeak batzuetan nahiago du gehiago ordaintzea marka garrantzitsu baten truke, eta nerabeek batik bat oso markazaleak dira eta publizitatearekin manipulagarriagoak.
Nolanahi ere, marka banatzaileen merkataritzan ere itzelezko hobekuntza nabaritu da, bai produktuen ezaugarrietan, bai bere salmentan. Are gehiago, gaur egun supermerkatu batzuetan, Eroskin adibidez, bere marka zuriaren barruan ere kalitate desberdinak daude, hala nola “gourmet” deitzen dena. Eroskiren ezaugarri bereizgarria da bere markan euskara txertatzen duela. Gutxi, bai, baina bakarra. Era berean, marka ospetsuetan ez da ikusten gaztelania, ingelesa, frantsesa edo alemana ez den beste hizkuntzarik. Lidl eta beste batzuetan 10 hizkuntza edo gehiago agertzen dira, produktu bera Europako herrialde askotan saltzen dutelako.
Kontsumitzaile gazte gisa, marka banatzaileekin izan dudan esperientzia oso positiboa izan da. Aipatu ditudan supermerkatuetan erosketak egitea aukera adimentsua delakoan nago. Azken finean, nik horrelako supermerkatu batean erosketak egiten ditut eta hilero diru dezente aurrezten dut, gainera, gazteok, normalean, ez dugu soldata oso alturik izaten, beraz, marka zurien prezioak oso onuragarriak dira guretzat. Halaber, nire ustez markako detergenteak eta Eroskikoak berdin garbitzen dute arropa, eta gauza bera gertatzen da beste produktuekin. Laburbilduz, nire aburuz marka batzuek klase sozialen bereizketa sustatzen dute, marka zuriak, kontrara, produktuak eskuragarriagoak egiten ditu.