Maiztasunetik maitasunera

Maiztasunetik maitasunera

Emakume gehienok gure eguneroko bizitzan kuleroak daramatzagun legez bularretakoa ere eramaten ohi dugu. Bestalde badakigu teknologiak urte hauetan zehar aurrerapen ugari izan dituela. Zer gertatuko litzateke bi gauza horiek batera elkartuko bagenitu?

Maiztasunetik maitasunera

Ziur aski zure buruari galdetzen ibiliko zara zer nolako lotura duten aipatutako bi gai hauek. Hona hemen horretarako erantzuna, jarraitu ezazu irakurtzen!

Ezagutzen dugun Erdi Aroko kastitate-gerrikoetako bertsio teknologikoa izango balitz bezala, Ravijour lentzeria japoniarreko enpresak, abusu-sexualak ekiditzeko gai den lehen bularretako adimentsua merkaturatu du. Asmakizun honek berezitasun bat du eta honako hau da: bularretakoa benetako maitasuna sentitzean baino ez da askatzen. Hori da behinik behin, True Love Tester izenarekin bataiatu duten jantzi honetako sortzaileek ziurtatzen dutena. Hamaika ikusteko jaioak gara!

Hector García Kirai blog-eko idazleak dioenez, bularretakoa, asmakizuna bera daraman emakumearen mugikorretik soilik kontrolatzen da, mugikorrean bertan deskargatutako aplikazio baten bidez. Aplikazioak Bluetooth konexioarekin bere bihotz-erritmoa, hots, taupada-maiztasuna kontrolatzen du lentzeria-jantzian jarritako sentsoreei esker.

Aplikazioak emakumearen bihotz-maiztasuna kitzikapen nahikoko egoerara heldu dela antzematen badu, bularretako kisketa desblokeatuko du eta eramailearen bikotekideak edo dena delakoak arazorik gabe ireki ahal izango du. Ordea, hura konkistatzea ez badu lortu, jantzia kentzea ezinezkoa suertatuko zaio.

Oraindik Europan salgai aurkitzen ez den bularretako “aurreratu” honen funtzionamendua erakusten duen bideoaren arabera, bere libidoa pizten duen hautagairik aurkitu ezean, emakumea jantzi hartatik bera bakarrik libratzeko segurtasun sistemaren bat duela azaltzen du.

Zalantzarik gabe, lentzeria femeninoko jantzi hauen itxigailu korapilatsuak askatzeko pertsona askoren ohiko baldartasunari gehitzeko zailtasun berria da, alegia, lehen askatzen ez zekien mutilak bereak eta bi nozituko ditu orain.

Gauza bitxia ezta? Salmentan egongo balira batek baino gehiagok erosi aurretik bere bikotekidea benetan maite duen pentsatu beharko luke, beharbada dibortzio askoren arrazoia izan liteke eta.

Bestalde, indarkeria matxista etengabeko afera dugularik, irtenbide izan liteke? Egiari zor, ez dut uste. Izan ere, bortxaketa kasuetan emakume baten taupada maiztasunak gora egingo lukeelakoan nago, baina ez maitasuna loratu dela bide. Urduritasunak eragingo luke bihotzaren erritmoa handitzea. Gainera, bortxaketa egoeratan indarkeriaz baliatzen da bortzatzailea eta bularretakoa itxita egotea ez dut uste inolako oztopoa litzatekeenik (bortxaketa gauzatuko liteke edonola ere).

Azkenik, bularretako honen aterabide, telebistetako tele-denda (tele-tienda delakoa) izan daitekeelakoan nago. Tele-denda saioetako produktuak bitxiak eta zalantzagarriak dira. Bularretako honek dituen ezaugarriak, hain zuzen.

Maiztasunetik maitasunera